Munduko Monoziklo txapelketa Donostian izango da
Anoeta Kirolguneak 35 herrialdetako 2.500 monoziklista hartuko ditu uztailaren 27tik abuztuaren 7ra bitartean
elcorreo.com
Domingo, 17 de julio 2016, 17:29
Donostia monozikloaren hiriburua izango da uztailaren 27tik abuztuaren 7ra bitartean. Denbora tarte horretan munduko txapelketaren 18. edizioa ospatuko da Gipuzkoako hiriburuan. Anoeta Kirolguneak 35 herrialdetako 2.500 monoziklista hartuko ditu, tartean munduko espezialista onenak.
Horrela, New York, Tokio, Quebec, Minnesota, Pekin, Kopenhage, Wellington edota Montreal moduko hirien lekukoa hartuko du Donostiak, eta 12 egunez Anoeta Kirolgunea mundu osoko gurpil bakarreko kirolarien topagune izango da. Kirol guneaz haratago, hirian barrena ere jokatuko dira zenbait modalitate, esate baterako, Ulian mendiko proba.
Modu honetan, donostiarrek eta udako oporrak hirian pasatzen ari diren bisitariek monozikloaren diziplina ikusgarriez gozatzeko aukera izango dute, hala nola freestyle, X-Style, trial, maratoi, hockey, saskibaloi edota Trac Racing.
Kirol jarduera protagonista nagusia izango den arren, Unicon txapelketak askotariko kultur adierazpenak ere eskainiko ditu, besteak beste, musika, hitzaldiak edota tailerrak.
Aurkezpenean nabarmendu dutenez, monozikloa, zirkutik haratago, garraiobide ekologiko bat eta diziplina anitz jasotzen dituen kirola da. «Euskal Herrian azken urteotan pizten ari bada ere, Europan eta Munduan milaka jarraitzaile ditu», ziurtatu dute.