Ez dezala inork bakarrik korrika egin
Bilbao Kirolak-ek klub bat sortu du ariketa fisikoa taldean eta entrenatzaile batekin egiteko
i. crespo
Viernes, 18 de marzo 2016, 00:07
Bilbao Kirolak-ek ez du inork bakarrik korrika egitea nahi, eta klub bat sortu du egoera hori ekiditeko. Proposamen pilotua da eta prezio sinbolikoa dauka, bi euroko hain zuzen. Udal erakundeko abonatuak diren eta korrika egiteko gogoa daukaten pertsonak izango dira hartzaileak, apirila eta ekaina bitartean.
Entrenatzaile bat ere sartuko dute talde bakoitzean, aholku eta jarraibideak eskaintzeko. Izan ere, Bilboko orografiak eta auzoek zailtasun desberdinetako ibilbideak egiteko eta erritmoak aldatzeko aukera ematen dute. Txurdinagako eta Deustuko udal kiroldegiak aukeratu dira abiapuntu izateko. Lehenengo kasuan, lasterketak asteartetan eta asteazkenetan egingo dira; Deustun, astelehenetan eta ostegunetan. Kasu bietan, 19:00etatik 20:00etara.
Lasterketa horiez gain, udal kiroldegi horietan irteera bereziak antolatuko dira apirileko, maiatzeko eta ekaineko azken zapatuan, 10:00etatik 11:30a arte. Lehen irteera apirilaren 30ean egingo da Deustuko Kiroldegitik abiatuta eta 'Korrika urbanoa' leloarekin korrika egitea maite dutenak gehien joaten diren lekuak ikusiko dituzte kirolariek. Bigarren hitzordua maiatzaren 28an izango da eta Txurdinagako Kiroldegitik abiatuko da. 'Berdintasunaren aldeko korrika' izango da gaia eta urrats bakoitzarekin gizonezkoen eta andrazkoen arteko berdintasuna aldarrikatuko da. Kirolariek kamiseta bereziak eramango dituzte. Eta azkena ekainaren 25ean izango da, 'Korrika infourbanoa'. Ibilbide hori uriko gune esanguratsuenetatik egingo da.
Esperientzia honetan parte hartu nahi duten kirolariek izena eman beharko dute Bilbao Kirolakeko kiroldegietako salmenta-makinetan eta www.bilbaokirolak.com webgunean. Aste honetan apirilaren lehen asteko irteera egiteko izena emateko epea hasiko da eta, hortik aurrera, hurrengo aldiak irekitzen joango dira.