Borrar
Pello Lizarralde, Juan Luis Zabala eta Kirmen Uribe.

2016ak zer berri? (literaturan, noski), eta 2017rako irakurketa berriak

Amaitu berri den urtea gorabeheratsua izan da literatura arloan. Ohi bezala, argitalpena aro bitan banandu da 2016an ere: martxotik uda aldira eta irailetik abenduraino

Jon Kortazar

Martes, 31 de enero 2017, 01:26

Ez da defini erraza 2016ko literatur uzta. Urte gorabeheratsua izan dela esango nuke, azken momenturaino, abenduraino, Durangoko azokaraino bere onenak eman ez dituen urtea, eta, dena dela, joan-etorrian, zenbait ezaugarri polit utzi duena. Zaila delako, oso esanguratsua; defini gaitza delako, panorama egiteko aproposa. Deskribatzerakoan arriskua eskaintzen duena, horregatik interesgarria.

Ohi bezala, literaturaren argitalpena aro bitan banandu da 2016an ere: martxotik -urtarrila eta otsaila atseden hileak omen dira euskal argitaletxeentzat- uda aldira, eta berriz irailetik abenduraino. Banaketa hori urtero-urtero gertatu izan da. Baina urtearen lehen aldian, hiru ezaugarri izan dira nagusiak, nire ustez: Irun eleberri lehiaketako irabazleak eta irabazi ez zutenak agertu izan dira; lehen lanaren egileak bultzatu dira literaturaren plazara, eta poesia nahiko argitaratu da. Txistu eta biok kontakizun nobeleskoa plazaratu zuen Juan Luis Zabalak, eta nire harridura azpimarratu nahi nuke hemen euskal kulturarekiko zein joera pesimista eman duen ikusirik. Mundua jausi egin dela dirudi, eta ez dakit nik gaurko kulturaren aldaketak eta kultura idatziaren galerak ez ote duen ikuspegi horretan parte handia. Ezezkorra da hor eman den ikuspegia, bai, eta beste antzerako iritziekin bat egin duela esan dezakegu.

Idazle berriak baina, ari dira lanak argitaratzen. Lau egile, lau lehen nobela: Iñaki Ariza de Miguelek (1979); Ohe hotzak, Unai Villenak (1980); Hauts haietatik, Urt Zubiaurrek (1979); Izenik gabeko lurrak eta, pixka bat beranduago, Ander Odriozolak (1978) Freeport argitaratu zuten. Deigarria jaiotze data, eta haien artean gertatzen den kointzidentzia. Ekaina bukatzear zenean baina, etorri zitzaigun Pello Lizarralderen nobela aipagarria: Elur bustia. Beti bezala, diskrezioz; beti bezala, bere estetika propioari erantzunez. Honek guztiak ekarri zuen lehen ondorioa: liburu salduenen zerrendetan 2015ean argitaratutako liburuak ageri zirela ia eten gabe: Lertxundi, Cano eta Katixa Agirre nagusi ageri ziren.

Poesia

Betiko moduan, nobelarik ageri ez denean, poesia argitaratzera jotzen dute argitaletxeek. Hamar poema-liburu eman ziren argitara urtearen lehen aldi horretan: Asier Serrano, Pako Aristi, Aritz Mutiozabal, Luigi Anselmi, Peru Magdalena, Edu Zelaieta: horra hor urteko izen batzuk.

Martxoa izan ohi zen, dataren sinboloa erabiliz, Elkarrek emakume idazleen lanak plazaratzeko aukeratzen zuen hilea. Aurton ez da horrelakorik izan. Nabarmena izan da, eta deitoragarria, emakume lanik ez agertzea lehen aldi honetan. Bigarrenean bai, Elkarrek berak kontrolatzen duen Agustin Zubikarai bekari esker Miren Gorrotxategiren (1981) 33 ezkil nobela ezagutu genuen. Egia esan, 2014an emakume idazleen uzta ederra jaso bagenuen, aurtengoa ez da horrelakoa izan. Saiakeran bai, saiakeran badago izenik eta urtearen bukaeran, Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia lekukotasun saioa etorri da eta Amaia Iturbideren Dorrearen eta penduluaren arteko ituna poema-liburua beste ekarpen aipagarria izan da. Dirudienez 2017an aldatu egingo da tendentzia.

Urtearen bukaerak ekarri ditu berri pozgarriak. Zalantzarik ez, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua liburuak familiaren eta munduaren arteko bira erakutsi nahi du, anbizio handiz euskal historiaren barnean kokaturik dagoen familia baten hiru belaunaldien historia kontatuz, eta horrela euskal historia nagusiaren joera marraztuz. Aipagarriak dira Gerra Zibilaren edo bere ondorengoen inguruan argitaraturiko beste liburu bi, Xabier Mendigurenen Alsina (hau ere, irabaztea lortu ez eta sari batetik datorrena), eta Basterretxea Poloren Begoñaren itzalpean. Koldo Izagirrek emaitza ederra erakutsi du Franco hil zuten egunak narrazio liburuan. Mikel Hernandez Abaituak kontakizun tradizionala aukeratu du Airearen isla nobela borobilean.

Eta ohi bezala, nobelak indarra hartzen duenean gure panoraman, poesiak jaitsi egiten du presentzia. Aipaturiko Amaia Iturbiderena eta Mikel Etxabururen Lo zaudela zabaldu dizkizut begiak dira, Hilda dago poesia? Joseba Sarrionandiaren antologiarekin batera, argitaletxe nagusiek atera dituzten poema liburuak.

2017ko lanak

Galdetu diegu euskal argitaletxeei zer berri dakarren 2017ak eta Elkarrek berriro ekingo dio bere politikaren alde biei: argitaletxeak eta udalek, edo beste erakundeek, antolaturiko beketan irabazleak argitaratu eta emakume idazleei plaza eman. Hona hemen aurre ikusten diren zenbait argitalpen: Kattalin Minerren nobela (Igartza saria), Alaine Agirreren nobela (Joseba Jaka beka), Katixa Agirreren Amek ez dute idazten (Augustin Zubikarai saria) eta Ana Malagonen ipuin bilduma. Poztekoa da 2016ko tendentzia guztiz aldatzea. Sariekin jarraituz eta Zaitegi Sariaz lagundurik, Svetlana Aleksievitx-en itzulpena Gerrak ez du emakume aurpegirik liburua argitaratuko dute. Eta azken berri gisa, Arantxa Iturberen Koaderno zuria.

Ereinek berriz joera ugariak agertuko ditu. Idoia Estornesen: Cuando Marx visitó Loyola, ELA sindikatuaren historiaren inguruan, jaio zenetik 1976a arte, Felipe Juaristiren Nor gazteentzako nobela, pertsonaia konfliktibo baten inguruan eta Literatura Unibertsala sailean Norman Manearen Hooliganaren itzulera.

Pamielak, bere aldetik, liburu hauek emango ditu argitara: Beatriz Chiviteren Pekineko kea, ekialdeko poesia eta hiri modernoa batzen dituen lehen emaitza poetikoa; eta saiakera bi, izenburu bihurria duen Kepa Altonagaren Patagoniara Hazparnen barna. Lotilandiakoak herri birlandatuan eta Juan Martin Elexpururen Euskeraren aztarnak Sardinian?. Udaberriko loraldirako gordeko dituzte Juan Kruz Igerabideren aforismoak (Labur txintan) eta Jon Iñaki Lasaren poesia.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo 2016ak zer berri? (literaturan, noski), eta 2017rako irakurketa berriak

2016ak zer berri? (literaturan, noski), eta 2017rako irakurketa berriak