Louise Erdrich, exotismoa literaturan
Askok eta askok adierazi dute indarkeriaren gaia dela gure exotismoa, bestela ez garela askorik urruntzen mendebaldeko herri industrial eta urbanoen gai arruntetatik
Jon Kortazar
Domingo, 25 de diciembre 2016, 23:45
Artikulu honek hasiera, urte bete du. 2015eko abuztuaren 13ko Los Angeles/Chicago AA 126 hegaldian. 17E eserlekuan nintzen ni, eta nire ondoan, 17Dn, Wilkox Amywykox izeneko emakume batek eta 201E. Center Street, Anaheim helbidean bizi zenak Louise Erdrichen 'The Round House' (Etxe biribila) nobelaren ale bat zuen eskuetan.
Komentatu nion ezaguna nuela nobela eta ezaguna idazlea. Irakurria nuela eta 2012an National Book Award saria irabazi zuen kontakizunak zirrara berezia eragin zidala. Hain zuzen ere, Louise Erdrich Amerikako indigena da, eta beraz, minoria bateko partaide izanik, harrera berezia izan ohi du irakurleen artean. Gainera 'The Round House' nobela poliziakoa bortxaketa baten inguruan eratua dago eta gogorra da benetan, tribu indigenen giroan sorturiko kontakizuna. Hori guztia kontatu nion bidaideari, baina ez nion adierazi zein zen bukaera. Lana irakurtzen jarraituko zuela agindu zidan. Horixe espero dut, zeren nobelak badu mamia. Michiko Kakutanik, adibidez (eta bai, kontrazaletik hartu dut), nobela indartsu gisa deskribatu eta gogoz eskatu du irakurri dezagun.
Handik gutxira jakin nuen Louise Erdrichen ipuin guztiak biltzen zituen liburua argitaratu behar zuela Siruelak. 'The red convertible/ El descapotable rojo. Cuentos escogidos e inéditos' du izenburua, eta jakin nuen momentutik aurrera nire liburu-dendariak aspertu nituen behin eta berriro obra eskatuz.
Ipuin bilduma, zalantzarik ez, bikaina da. Mardula eta gotorra. Eta nire adiskide nobelagileak maite duen moduan, irakurleari ahalegina eskatzen dion horietakoa, erraztasunik ematen ez duena.
Hogeita hamasei ipuin dira guztira liburuan bildu direnak, oso gutxi laburrak, eta gehienek hogei orrialdetik gora dituzte. Hitzaurrean idazleak berak aitortzen du nondik datozen ipuinok. Badira ipuin berriak, lehenago argitaratu gabeak, badira aurretiaz aldizkarietan agertu zirenak, eta beste batzuk bere aurreko nobeletatik jaso dira, argumentuaren mataza nagusian ekintza solte gisa integratu zituelako idazleak. Siruela etxeko egile maitatua da Louise Erdrich. Egilearen sei nobela argitaratu dituzte jada, baina ez dirudi oihar- tzun handirik lortu duenik irakurleen artean.
Sen handiko idazlea dugu Erdrich. Ipuinen galeria zabalean alderdi asko (tragedia, etsipena, umorea inoiz), tekla asko jotzen ditu musika dirudien liburu-piano horrek. Lehen hiru ipuinak bere 'Love medicine' nobelatik datoz. Hiruretan ageri da molde bera: pertsonaiak Ipar Ameriketako indigenak dira, pertsonaien bizitza ez da erraza, izan dituzte aldi zorion-tsuak (adibidez, deskapotable hori garai horietako sinbolo nagusia da), baina amaitu da jaia eta tragedia nagusitzen da pertsonaien bizitzan. Denborak, ibaiko urak bezala, aurrera egiten du gupidarik gabe.
Batasuna
Nobeletatik harturiko ipuinek batasuna erakusten dute, ziklo bat osatzen dutela dirudi. 'Tertziopelo urdineko kutxa'ko pertsonaia galduak hurrengo ipuinetan aurkituko ditugu, eta pixkanaka jakingo dugu bere bizitzako zorion gabea nola hedatzen den, gure gainean jausten den etengabeko euria balitz bezala.
Irakurtzen ari nintzen bitartean, asko pentsatu dut exotismoaz. Jakina da azken garaiotan gai markatua dela euskal literaturaren alorrean. Galdera eta kezka hauxe da: idazle euskaldun gisa, zein da landu beharreko gaia, zein mundura agertu eta munduan interesgarri gertatuko dena? Zein da gure exotismoa, berezi egiten gaituen gaia? Askok eta askok adierazi dute indarkeriaren gaia dela gure exotismoa, bestela ez garela askorik urruntzen mendebaldeko herri industrial eta urbanoen gai arruntetatik.
Louise Erdrichen lanean murgiltzen nintzen bitartean, askotan galdetu nion nire buruari ea ez ote zen haren exotismoa Ipar Ameriketako indigena izatea, eta haien izaera erakustea. Kontua da pertsonaiak indigenak direla (chippewak, ojibweak, kashpawak), baina horrez gain, egileak beste zerbait bilatzen duela. Gutxi dira tribuen 'mitologian', sineskera eta izaeran oinarrituriko testuak, eta gai horiek agertu dituztenek (adibidez, 'Gizon gizenaren lasterketa') umorez tratatu dute exotismo hori. Louise Erdrichek zerbait unibertsalagoa bilatu du. Horretan lagundu dio espazioaren deskripzioak, adibidez. Bere kontakizunak Dakotan, herri galduetan edo desertuan gertatzen dira. Eta desertuak maila sinboliko handia lor dezake, lan egiten jakinez gero.
Maitasuna
Exotismotik urruntzeko orduan, egileak interes berezia erakutsi du maitasunaren gaian. Nola eta zergatik maitemintzen dira pertsonak? Zer lortzen du maitasunak haien bizitzan? Nola ageri da maitasuna? Pertsonaien barnean egin duen azterketak joera unibertsala eman dio Louise Erdrichen ipuingin-tzari.
Narrazio bilduman aldaketa bat ere badago. Lehen ipuinak, gehienak egia esan, erreserbatan edo desertuko herrietan kokaturik daude; bukaerakoak, aldiz, hirietan. Eta sinbolikoa da liburuaren bukaera ere. Azken aurreko ipuina, 'Jainko biziaren etorkizuneko etxebizitza' deiturikoa, haurdun dagoen emakume bati buruzkoa da, beraz jaiotzari buruzkoa. Liburua ixten duen ipuina, 'Beste munduari lapurturiko edertasuna', hiltzera doan gizon bati buruzkoa da.
Jaiotza eta heriotza, gai nagusiak: horra hor exotismotik ihes egiteko Louise Erdrichen bidea.
Kontakizun honek beste bidaia batean du bukaera. 2016ko abuztuaren 17an Bilbo Munich LH 1827 hegaldiko 26C eserlekuan nintzen, Louise Erdrichen liburua irakurtzen. Atzean, Islandiara oporretan zihoan neska-talde algaratsua zegoen, nire ondoan 26D eserlekuan, emakume bat irakurtzen. Zer irakurtzen ote nuen galdetu zidan eta ipuinak zirela ikusirik, bere koadernoa atera eta letra argiz apuntatu zuen: Louise Erdrich. Espero dut bidaiatik itzultzerakoan erosiko zuela liburua eta une hauetan irakurtzen arituko dela ipuin-liburu bikaina.