Ikerketa antzua
Aspaldi honetan, Euskaltzaindian semearekin batera Gabriel Arestiren 'Mailu batekin: Biola batekin' 'Euskal Harria'ren aurrekaria den liburuaren berri izan nuenetik hona, Bilboko poetaren lan ezezagunen peskizan nabil
Jon Kortazar
Domingo, 23 de octubre 2016, 01:49
Aspaldi honetan, Euskaltzaindian semearekin batera Gabriel Arestiren Mailu batekin: Biola batekin Euskal Harriaren aurrekaria den liburuaren berri izan nuenetik hona, Bilboko poetaren lan ezezagunen peskizan nabil. Aurkitu ditut Karmelo Landak eta bere taldekoek onduriko Lan Guztiak erraldoi haietan ageri ez diren testu bi, argitaratuak, aitor dezadan ezer baino lehen. Aurkitu ditut gutun argitaragabeak, baina, zer esanik ez, Landak bere edizioan abisu eman zuen Arestiren gutun asko zirela argitaragabeak, eta bere edizioan batzuk baino ez zituztela plazaratu.
Hara non, Oier San Martini deitu nion Juan San Martin bere aitaren paperen artean, adiskideak izan baitziren Bilboko poeta eta Eibarkoa, Arestiren testurik ba ote zegoen jakiteko. Ezetz erantzun zidan, nire aurretik Gabrielen senitartekoek ere galdera bera egin baitzioten. Baina hara non handik egun gutxitara deitzen didan berriz esateko begiratu zituela aitaren dokumentuen fitxak eta bai, bazela karpeta bat «Lekuona/ Aresti» lemapean. Orduan bai poza, peskiza bakarra eta ehizan euskal poeta handi bi. Paperak non ote ziren galdetu eta Gipuzkoako Artxibategi Nagusian direla esan zidan. Hara deitu, Gabriela Vivasekin hitz egin, hark Artxibategiko nagusiarekin kontaktuan jarri eta pozik baino pozago hartu nuen Tolosarako bidea.
Baina intxaurren zaratak hamalau, bertaratu eta lau. Heldu nintzenerako prest zuten behar nuen karpeta hori. Azalean letra garbiz irakurri zitekeen: Gabriel Aresti. Bere poesien antologia laburra. Eta Juan Mari Lekuonaren eskuko letraz: MINDURA GAUR. Juan Mari Lekuona.
Ez du irakurleak asmatuko zein urduritasunez eta emozioz hasi nintzen kordelak askatzen. Baina bai, garai batean karpeta hartan, han barnean gordeak, Gabriel Arestiren testuak eta Lekuonaren poema liburua egon ziren, baina ez ziren han.
Ikerketa antzua. Hutsa.
Beste zerbait zen karpetak gaur gordetzen zuena. Juan Mari Lekuonaren arrastorik bazegoen bai, baina ez Mindura gaur osoa. Anjel Lertxundik gaztelerara egin zuen liburu horren itzulpenaren poema bakar bat aurkitu nuen. Ezaguna da Lertxundik liburuaren itzulpena egin eta Donostiako Seminarioan argitaratu zela multikopistaz. Poema bakar bat gorde zuen Juan San Martinek: Cuando cierro mis ojos, Angel Mª Lerchundik sinatua.
Hiru poema daude Che Guevarari eskainiak. Bat, Arestirena. Bestea, itzulpena eta guzti (eta badirudi jatorrizkoa dela, ez besteak moduan San Martinek kopiatua), Xabier Leterena, haren sinaduraz, eta hirugarrena, izenik gabea, baina Joxe Azurmendirena izan behar duena. 1969an Habanako Casa de las Américas erakundeak Poemas al Ché Guevara liburua argitaratu zuen, bertan Espainiako lau hizkuntzetan eginiko poemak bildu ziren, urte batzuk geroago faksimilean eman zuen El Bardo argitaletxeko José Batllok. Bilduma berezia izan zen eta hiru euskal poetekin batera, Julio Cortázarrek, Gonzalo Rojasek, Leon Felipek, Vicente Aleixandrek eta beste askok hartu zuten parte; Galiziatik, Ferrín, Casares, Celso Emilio Ferreiro eta Manuel María izan ziren partaide.
Juan San Martinek izan zuen lotura estua El Bardo poema bildumarekin, inoiz pentsatu zuelarik (edo zutelarik) euskal poesiaren antologia bat han argitaratzea. Eta apika karpetan gordetzen dena Kubako liburu horretara bidalitakoaren kopia bilduma da. Leteren poemaren itzulpenak zentzu horretan jartzen du susmoa.
Baina bazegoen beste sorpresa txiki bat. Juan San Martinek Euripean deituriko poemaren kopia gordetzen zuen karpeta urdinean. Izenburu pean Svizzera-1, Svizzera-2 hitzak irakurri nituenean jakin nuen norenak ziren: Ramon Saizarbitoriarenak. Ahaztuak dira jada Euskal elerti 1969 liburuan argitaraturiko poema horiek, Ramon Saizarren sinadura pean. Baina nik ez nekien ezer eta ezustea hartu nuen.
Karpetak ez zuen besterik. Arestiren Bere poesiaren antologia laburra osatzen zuten testuak ere ez zeuden, ziurrenik Egan aldizkariko inprentara eramanak eta han utziak, ahaztuak eta galduak. Zenbat gauza bitxi Egan inprimatzen zen tailerreko originalak izango bagenitu!
Ez zegoen han altxor handirik. Artikulu mendre hau idazteko aitzakia besterik ez.