Mende erdiko euskal kulturaren erakusleihoan gordetzen diren oroitzapenak
Durangoko Azokarekin batera hazitako Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Toti Martínez de Lezea eta Ruper Ordorikako idazle eta musikariek, bertako giroa, harremanak eta euskararen aldarrikapena txalotzen dute
Silvia Cantera
Jueves, 3 de diciembre 2015, 00:32
Giro bikaina arnasten da. Ohiko liburudendetan topatzen ez diren eleberriak daude eta euskara txoko guztietan entzuten da. Urtean behin, Durango euskal kulturaren hiriburu bilakatzen da. Liburu eta diskoen azokako aurtengo edizioa benetan berezia izango da mende erdia bete duela ospatuko baitu. 50 urte hauetan ekitaldiaren kokapena aldatu da eta stand gutxi batzuk izatetik, 700 metro karratutik gorako esparrua hartzera igaro da.
Durangoko Azoka sasoi onean dagoela ukaezina da. Ekitaldiak 250 jarduera antolatu ditu eta euskal kulturako idazle eta musikaririk onenak bilduko ditu. Ospea lortu baino lehen, haien disko eta libururik gustokoenak bertan topatzen zituzten eta lagunekin zein gurasoen eskutik egin zuten haien lehenengo bisita. Lau idazlek eta lau musikariek haien gogoetak partekatu dituzte. 50 urteko historia duen azoka, istoriaz beterik dago.
Azokarako lehenengo bidea auto-stopez egin zuen. Gasteizetik Arrasatera joan zen eta handik Durangora. «Geroztik urtero joan naiz. Niretzat informazio iturri on bat izan da beti», dio Ordorikak. Bertan erosi dituen bitxikerien artean, Nafarroako Diputazioko liburua gogoratzen du. Eztabaidak egiteko leku aproposa zen, baita aurkikuntza garrantzitsuak egiteko tokia ere: «Han zeuden beste edonon topatzen ez zenituen liburuak».
Urteen poderioz, asko aldatu da. Oñatiko abeslariaren Durangoko Azokako lehen oroitzapenak elizako arkupeetan bizitakoak dira. «Orain ez da gauza bera. Askoz jende gehiago etortzen da eta gauza gehiago antolatzen dira», dio egungo azoka kontuan harturik. Liburu eta musika erosteko toki bat izateaz gain, «lagunak elkartzeko aukera bat da».
Askotan Durangoko eszenatokietan egon den arren, ez du inoiz Azokan bertan abestu. Lehen kontzerturik ematen ez zenez, oraingo oparotasuna ospatzen du: «Era guztietako aukerak daude, edozeinentzako kontzertuak entzun daitezke. Mundua aldatzen den bezala aldatzen da baina bere muinari eusten dio. Bakoitzak bere tokia aurkitu dezake».
«Lagunekin, umea nintzela, ezagutu nuen Durangoko Azoka», gogoratu du Kirmen Uribek. Ondarroako idazleak 15 urte zituela 'altxor' batekin bueltatu zen etxera. «Stand bateko kartela izagugarri gustatzen zitzaidan eta bertan zegoen gizonari eskatu nion. Oparitu egin zidan eta oraindik etxean daukat», dio. Gustoko zituen idazleak topatzeko aukera bazen ere, berak ez zion inori autograforik eskatu: «Horrelako gauzetarako, nahiko lotsatia izan naiz beti». Musikaren aldetik, Mikel Urdangarien eta rock taldeen kontzertuekin gozatzeko aukera izan du.
Bere lehenengo aldia idazle bezala oso berezia izan zen. 'Bitartean heldu eskutik' poema sorta atera zenean «ikaragarrizko poza» sentitu zuen. Izan ere, hilabete bakar batean ale guztiak agortu ziren. Hori bai, bere lehenengo eleberriarekin, 'Bilbao-New York-Bilbao', arrakasta handiagoa lortu zuen. Argitaratu zutenean azokako libururik salduena izan zen, baita hurrengo urtean ere. «Narratiba Sari Nazionala irabazi nuen eta liburua jende askok erosi zuen», azaldu du, garrantzia kendu nahian.
«Oso berezia da elkargune bat baita. Lagunekin topatzeko leku aproposa da. Izan ere, Durangoko Azokak 'laguna' hitza ekartzen dit gogora. Beti grina handiarekin nago bere zain», adierazi du Uribek. Bertan inon topatzen dituen liburuak aurkitzen ditu. «Batez ere zaharren bila joaten naiz, bertso zaharren liburuen bila», aitortu du.
Aurtengo iragarpenean agertzen da euskal kultura eta beste zenbait arloetako pertsonekin batera. «Durangoko Azokak aukera handiak eman dizkit eta ezin nien ezetz esan», azaldu du. Hori bai, bertan egotea gustatzen bazaio ere, ez da ekitaldiaren 50. urteurrenean egongo. Aitzaki ezinhobea dauka: 'Mussche' japoniera eta txinarrera itzuli da eta bertara joan da bere eleberria aurkeztera.
Aiora Renteriak ez du ondo gogoratzen bere lehenego Durangoko Azoka. Txikia zelarik bere gurasoekin joan zen, baina zehaztasunak ahantzi egin ditu. Hori bai, abeslari gisa bere lehenengo aldia ez du sekula ere ahaztuko. «1998a zen eta emozionatuta geunden. Azoka beste era batera bizitzeko aukera izan genuen. Oraindik momentu horiek nahiko 'fresko' ditut», komentatu du. Zea Maysen lehenengo diskoa kalean zegoen eta haiek «gora eta behera» ibili ziren salmentei begira. Garai berean lan bat ateratzeko abagunea izan zutenekin egon ziren eta Berri Txarrak bezalako taldeak ezagutzeko aukera izan zuten.
«Oso mugimendu handia dago eta musikari desberdinekin topo egiteko aukera dago. Gainera, disko eta zinta zaharrak topatzen dira beti», adierazi du abeslariak. Jarraitzaileekin mintzatzeko aukera bikaina ere bada; haien istorioak ezagutzeko aukera. «Batzutan gaixorik egon den norbait etorri zait gure abestiak oso lagungarriak izan direla kontatzeko. Haien bizitzaren zati bat zurekin partekatzen dute».
«Egun berean, Fermin Muguruza, Esne Beltza eta Ze Esatek! Plateruenan topatu ditzakezu trago bat hartzen», dio Renteriak. Izan ere, «hurbiltasun» hori da abeslaria txunditzen duena. «Kultura zuzenean ematen da. Ez daude horrenbeste esku sortzailearen eta eroslearen artean».
Oraindik arkupeetan egiten zen. Bernardo Atxaga Bilbon Ekonomia ikasten ari zen Durangoko Azoka ezagutu zuenean. «Guztira hogei mahai baino ez ziren izango. Leku arrotza zen, benetan bitxia. Garai hartan liburuak euskaraz topatzeak harridura sortzen zuen», adierazi du.
«Sant Jordi eguna bezala, liburu asko erosten diren unea da. Alde pragmatikoari begiratzen badiogu, ale pilo bat saltzeko aukera bikaina da», adierazi du. Gainera, normalean topatzen ez diren lanak han egoten dira. «Dendak gero eta arruntagoak dira eta batez ere 'best seller'-ak edo delako fenomenoak egoten dira», uste du. Elantxoberi buruzko liburuak, herri literaturari buruzko ipuinak eta Udaletxe desberdinek atera duten sehaska kantak bezalako «bitxiak» topatu ditu bertan.
Aurten Asteasuko Muskerraren Bidea aurkeztuko du. Bere literaturan barrena bidaiatzeko aukera eskainiko du azokako stand batetik. Ospea dela eta, orain ez du Durangotik paseatzeko erosotasuna. Hala ere, erosketa batzuk egiteko denbora aterako du: «Anjel Lertxundiren azkenekoa eskuratuko dut eta ziur aski etxera Anariren diskoarekin bueltatuko naiz.
Kepa Junkerarentzat Durangoko Azoka «bozgorailu bikaina» da. Lan berriak aurkeztea eta diskoak sinatzea benetan berezia da berarentzat, adrenalina igotzen duten egoera horietakoa. «Durangoko eta Iurretako jendearekin oso harreman ona nuen, oso pertsona bereziak ziren», gogoratu du. «80ko hamarkadan trikitixarekin arrakasta izatea zoramena zirudien; jendearen laguntza ezinbestekoa izan da», dio musikariak. Bertan 'Elkar'-ekin diskoak argitaratzen zituztenekin egon zen eta erretiratu berri diren Oskorriko kideei eskua eman eta agurtzeko aukera izan zuen.
Hasierako azokak «familiartekoagoak» omen ziren; «orain askoz zailagoa da ezagun batekin topatzea». Jendez gainezka dago. «Adibidez Toti Martínez de Lezea ikusten duzu baina beste momentu batean deituko diozula esan behar diozu, lasai hitz egiteko momentu aproposa ez delako», kontatu du. Hori bai, bere jarraitzaileekin harremanetan jartzeko toki bikaina da: «Norbaiten ezkontzan jo nuela edo kontzertu zehatz batean egon zirela adierazten didate».
Azoka bukatzen denean, musikari askoren diskoekin bueltatzen da etxera. «CDak aldatzen ditugu. Beti sinatzeko eskatzen diet. Kultura oparitzea gustoko dut», adierazi du. «Topagune» honetan abestietako lankidetza asko sortu dira: «Ruper Ordorika, Benito Lertxundi, Ken Zazpi eta Gatibu bezalakoekin hizketan hasi ondoren kanta berriak egiteko ideia sortzen da».
Merkatuan antolatzen zenean, arrain usaina zegoen, eta karpetan egiten zenean, sarritan euria egiten zuen», adierazi du Toti Martínez de Lezeak. Bere lehenengo liburua aretoan aurkeztu zuen. «Tartaloren standan nengoen eta zortzi eleberri sinatu nituen. Egia esan, garai hartan ez zen ohikoa liburuak sinatzea».
«Kultura usaintzeko leku bikaina da, euskaldun berriontzako toki paregabea», dio idazleak. Berarentzako «barnetegi erraldoi baten modukoa da», momentu oro euskaraz mintzatzeko aukera ematen diolako. Deskatalogaturik zeuden liburuak topatu ditu eta sarritan ikusten ez dituen lagunak agurtzeko azoka da. «Jatetxeetan beste idazleak ikusten ditut eta normalean ondoko standean dagoenarekin bazkaltzen dut. Behin edo behin, Jon Arretxerekin egon naiz eta aurten Anjel Lertxundi eta Saizarbitoria ikusteko irrikitan nago», adierazi du.
«Ateak ireki baino lehen, begirada bat botatzen du beti. Lasaitasunez», aitortu du. Standetan dagoen bitartean bere senarrari lan bat edo beste ematen dio, nahi dituen liburuak eskuratzeko eskatzen diolarik. «Aurtengo edizioak ilusio handia egiten dit. Nafarroako Gobernua egongo da, eta azkenik denok bertan egongo garela uste dut», dio irribarretsu. Desio bakarra dauka: «Iraupen handiagoa izan beharko luke».
«Kriston hotza egiten zuen. 16 urte nituen Durangoko Azoka ezagutu nuenean eta merkatuan bertan egiten zen, saskibaloian jolasten zen tokian», gogoratu du Alex Sardui, Gatibu taldeko abeslariak. «Nire lehenengo bisitan Hertzainak taldearen binilo bat besapean nuela bueltatu nintzen etxera», dio. Standen artetik ibili ondoren, normalean parrandan ateratzen zen, «sahiestezina» zen.
'Musturrek sartunde' abestia sortu zutenean izan zen Gatiburen Durangoko Azokaren lehenengo agerraldia. «'Boom' handia izan zen eta oihuka hasi ginela gogoratzen dut».
«50 urte ez dira gutxi. Batez ere sasoi gogorrak pasatu direlako. Denboraren poderioz lortu duen garrantzia oso handia da. Boteretsua dela esan genezake. Txikiak zirela joaten zirenak orain haien semekin doaz», dio poz-pozik. Aurten ere bertan egongo dira. «Diskoren bat saltzera pasatuko gara; gure omenaldi xumea egin nahi diogu bere urtebetetzean», aurreratu du.
SarduiK Plateruenako giroa gogoko du: «Edozein talde ikusteko aukera daukazu eta jendeaK primeran pasatzen du». Berri Txarrak eta Ken Zazpi bezalako taldeekin harreman bikaina daukate eta haiek agurtzeko aukera dute. «Honako ekitaldiek euskal musikarien erlazioa ezinhobea dela erakusten dute».
Jasone Osorori lotsa ematen zion idazleei liburuak sinatzeko eskatzea. Baina Durangoko Azokara joateak, irakurri zituen liburuen egileak aurrez aurrez ikusteko aukera ematen zion. «Giroa izugarri gustatzen zitzaidan», dio. Hasieran gurasoekin joaten zen eta geroago bere bikotearekin edo lagunekin bueltatu da.
«Harremanetarako leku ezin hobea dela jakitea da gehien estimatzen dudana. Kulturaren erakusleihoa da. 50 urte hauetan lortu duena benetan ezohikoa da», adierazi du idazleak. Joaten den bakoitzean, argitaletxekoekin bazkaltzera joaten da eta sortzaile guztiekin hitz egiteko aukera du. «Liburuak bilatzeko ere aprobetxatzen dut», kontatu du. Aurten bere nobedadearekin bueltatuko da eta azokan izango den eskaintza begiratuko du.
Jararen liburuen sortzaileari aurtengo leloa izugarri gustatzen zaio. «'Da!' zuzena da eta edukiz beteta dago. Merkatu bat, erakustokia eta harremanak sustatzeko lekua da».