Casablanca filmeko musurik ez euskal literaturan
Hari bat eraiki al daiteke Etxepareren bortizkeriaren eta Lauaxetaren samurtasunaren bi muturren artean?
Jon Kortazar
Sábado, 18 de febrero 2017, 02:02
Musuaren gainean idaztea ez da erraza. Irudiko luke oso presente izan dela, eta, hartara jarrita, ezin aurkitu datu handirik. Posible da gogora ekar tzea zer izan ote den 'musuaren' gaia euskal literaturan?
Bat batean, idazten hasita, esango nuke poesiak duela gaia aipatzeko joera nagusia. Eta memoriara jo dut gaia nonbaiten ote dagoen deskribatzeko. Eta memoriak aginduari men egin eta adibide bi ekarri ditu lumara.
Lehena da Bernat Etxepare egilearena, 'Potaren galdazia' du izenburua. Poeman nitasun lirikoak musua eskatu dio emakumeari, eta neska txak musuaren ostean beste zerbaiten eskaria etorriko dela sumatuz, ezetz esaten dio gizonezkoari, nahiz eta horrek ele eztia erabili duen: «Andria ieinkoak drugazula orai berdi girade/ Ni errege balin baninz erregina zinate/ Pot bat othoi egidazu ezaizula herabe/ Nik zugatik dudan penek hura meretsi dute».
Dena dela, emakumearen ezezkoa ez du gizonak onartuko eta indarkeriaren aipamena ageri da poemaren bukaeran: «Nik zer orai nahi baitut heben duzu eginen/ Uste diat eskuiarki ezizala burlazen».
Bigarren aipamena ez da hain gogorra. Sinbolismoaren estetikan erotismoak ez du indarkeriarik behar. Xumetasunaren erreinupean ageri da maitasuna. Eta Lauaxetaren 'Mosuba'-k ongi adierazi du zein den maitasun finaren tasuna. Inoiz musua otoitz bihurtu duen poetak musika bihurtzen du oraingoan, maitasunaren indarra adierazteko hitzik behar ez duen musika: «Espan kutunak neureganatuz/ mosuba damost amesti./ Ta mosu onek samurki diraust / ez dabes anei abesti?».
Gogortasunetik fineziara doan bidean bada bide garbirik? Ziur nengoke, seguru, egile frantsesek egina dutela 'Musuaren Historia' bat, Norbert Eliasek 'Zibilizazioaren prozesua' deituriko historia ida tzi duen moduan, Ariesek eta Dubyk zuzenduriko 'Bizitza pribatuaren historia' argitaratu duten gisara edo Dubyk berak eta Perrotek egindako 'Emakumeen historia' duten bezala. Egin al dezakegu guk 'Musuaren historia euskal poesian'?, eta hari bat eraiki Etxepareren bortizkeriaren eta Lauaxetaren samurtasunaren bi muturren artean?
Euskal poesia
Asmo horrekin hasi nintzen euskal poesiaren antologiak behin eta berriro irakurtzen, eta hara non Aita Onaindiaren 'Milla euskal olerki eder' lanean musak bai, baina musu gutxi aurkitu nuen. Beste horrenbeste egin nuen Koldo Izagirrek prestaturiko XX. mendeko poesia kaierak antologiarekin. Adibide gutxi eta izenburu bakarra: Iñigo Aranbarriren poema honena: «Muxuka nazak Paul Celan/ muxuka itzak denboraren krisantemoak». Edo Juan Kruz Igerabideren ahapaldi xume bezain galan hura: «Ez eman azukrerik, maite,/ banaiz-eta nahikoa ezti.// Ez eman gatzik, maite,/ banaiz-eta nahikoa bixi.// Emadazu musu bat, maite,/ beti naiz-eta zure egarri».
Baina han eta hemen begiratu eta musu gutxi ageri da euskal poesian. Eta orduan gogoratu nintzen Koldo Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegiaz. Izan ere, han ematen baitira euskal literaturan agerturiko adibide asko eta asko. Hara jo nuen, beraz. Hiztegi horretan 'musu' eta 'pot' hitzei jarraitu behar diegu gure Euskal literaturaren musuaren historia bat egiteko.
Hasieran 'pota' zen. Eta Etxepareren bertsoen ondoren Oihenarten bidea jarraitu behar dugu, nahiz eta, hiztegiaren arabera, hitza 'Proverbioak' lanean ageri den: 'Pot eta besarkadaz lotu'.
Erotismoa baina, laster makurtzen zaio erlijioari. Leizarragaren itzulpenean irakurri dezakegu: «Saluta ezazue elkhar pot saindu batekin». Musu sainduek gaina hartu diote beste eratakoei.
Beraz, bigarren aroak, musu sainduekin jarraitzen du elizgizonen esku edo lumatik, inoiz ere ez ezpainetatik!!! Alde batera utzi nituen 'muin', 'mun', 'mun eta musu', 'mun eta mun' eta beste aldaera guztiak. Zeren azken baten muina errespetuz eta erreberen tziaz egiten den muina da, eta ez da inondik inora aurpegian ematen. Eta gainera, okerra zen bidea, zeren 'muin eta mun' guztiek amaitzen zuten: 'Santuei muin eginez'. Honatx!!! Ederra harturiko bidea.
'Musu' hitza begiratu nuen ondoren, eta adibideek ez dute askoz gehiagorako eman. Lehen adibidea: «Besarkak, musuak eta bertze desonheski hukitze guztiak» (Materre). Horra hor gakoa: Musua ez da zuzena, tarteko hatxe eta guzti, 'deshoneski' emana baino. Eta ez hori bakarrik. Idazle eta erlijio egile guztiengan gurago da 'Judasen musua' beste musu klase baten ordez. Eta Nagusia saltzekoa (Etxeberri) ez bada musu hori, Jesukristori oinetan ematen zaiona da.
Bilintx
Hirugarren aro batera igaroz, gauzak ez dira argitzen. Erromantizismoan ez pot ez musu. Bilintxek adibidez, 'pot-ajea' aipatzen du, baina ez pota. Eta musu begiratuz gero 'musulmana' ageri da. Eskerrak Oxobik gogoan duela «potta zein goxo den!» eta Mattxin bertsolariak kanta tzen duela «potta galdezka hasten zitzaidan/ ohera joan eta fite».
Azken garaietara, eta laugarren arora, heldu behar dugu musuaren aipamen zuzenak aurkitzeko. Aipatzekoa da Miranderen bertso hura: «'Et' ezpainetan zure ezpaina,/ Potka Orduan atzarri naiz:/ Nihaur ninduzun berriz ere/ Zertako, ai, atzarri naiz».
Jon Mirande beraren 'Haur besoetakoa' dugu hurrengo geraleku, eta erotismoak bere jantzi galantak erakutsi ditu: «Isabelaren musuak ausartuago eta gosetuago egin zirenean». Eta hor bukatu da aipua irakurlea jakin-minez utzita. Beste aipu biak ez dira hain ernagarriak: Jon Etxaidek «Musu sakon eta maitekorrak» maite ditu, eta Txillardegik «Leturiaren egunkari ezkutua»-n denboraren iragana gogoratzen du: «Non daude asierako laztan eta musu bero aiek?». Horixe galdetu nahi nuke nik ere. Non daude?
Orriak jorratu eta jorratu eta ondorio bakarra geratu zait: 'Casablanca' filmeko musurik ez euskal literaturan.