Artearen mundua
Liburu berezia agertu du Ismael Manterola (1966) irakasle zumaiarrak: 'Maite ditut maite. Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean' du izenburua, eta askotan gertatzen den bezala azpitituluak izenburuak baino askoz gehiago adierazten du liburuaren irakurketaren ibilbidean
Jon Kortazar
Domingo, 30 de abril 2017, 23:22
'Edo' argitaletxean liburu berezia agertu du Ismael Manterola (1966) irakasle zumaiarrak: 'Maite ditut maite. Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean' du izenburua, eta askotan gertatzen den bezala azpitituluak izenburuak baino askoz gehiago adierazten du liburuaren irakurketaren ibilbidean. Geroago itzuliko gara horretara.
1982an plazaraturiko eta Altuna, Arrazola, Galarraga, Kortadi, Lekuona, Linazasoro eta Plazaolaren lumek argitaratutako 'Euskal Artea' liburuaren itzalpean hazi ginenok harridura puntu batez ikusi dugu Manterolaren liburu berria. Egile bakarraren lana delako lehenik, eta 'Euskal Artea' egin zutenen izenen itzalaz konturatzea besterik ez dago dagoen aldea ikusteko. Eta irudirik ez duelako bestetik, 'Euskal Artea' aspaldiko hura irudiz, argazkiz eta horniduraz agertzen baitzen. Hau xume-xume, letra hutsez.
Baina harridura igaro bezain pronto, esku artean duen liburuaren balioaz konturatuko da irakurlea.
Deigarria da egindako planteamendua. Ismael Manterolak oso kontuan hartu du euskal artearen sistema, eta historiak bere pisua badu ere lanaren aurrerapenenean, eragileen arteko eraginak pisu handiagoa hartu du testuan.
Eta jaso dezagun orain gorago utzitako hari soltea, azpitituluarena, hain zuzen ere. Ismael Manterolaren asmoa ez da XX. mendeko artearen historia soila osatzea, harago doa bere asmoa eta urrunago bere indarra. Transmisioa azaldu nahi izan du. Eta garbi irakurriko du hasiera hasieratik: «Liburu honen asmoa XX. mendean Euskal Herriko artean belaunaldiz belaunaldi zer balio transmititu diren aztertzea da. Arte modernoaren sorrerak eta garapenak izan dituen gorabeherak ikertzen urteak pasatu ondoren, balio batzuk behin eta berriz azaltzen direla konturatu naiz». Balio horien agerpen eta desagerpenen kronika da liburua.
Modernitatea eta tradizioa nola uztartu, tokian tokiko izan edo hegoak zabaldu eta Europako eta Mendebaldeko arteak eskuratu eta birsortu gure hizkuntza artistikoan, azpiegituren eraketa, artearen moldapena
Ismael Manterolak bi momentu izan ditu oso gogoko: XX. mendearen hasiera, ez zuen alperrik bere Doktore Tesia 'Hermes' aldizkariko artisten emaitzari buruz egin, eta 'Euskal Artea' deituriko mugimenduaren inguruan 60ko hamarkadan, tradizioa eta abangoardia berriz eskua elkartzen duten momentua. Errepublika garaian arteak modernitatearekin eta abangoardiekin lotura egiteko ahalegina ahaztu gabe.
Egilearen ustetan transmisioak hiru zutabe izan ditu XX. mendean eta bakoitzari atal bana eskaini die. Eta horrela hiru alde ditu lanak: historikoa, estetikaren eta etikaren kontzeptuen arteko kinka eta sistemaren deskribapena.
Badirudi hiru gai nagusi horiek egilearen etxean etxe intelektualean behintzat tokia hartu dutela eta urte luzeetan egon dela haiei bueltak eman eta eman. Eta horregatik eskaini du narrazioa, XX. mendeko artearen bideak erakutsi nahian. Tentu handiz darabiltza kontzeptuak Ismael Manterolak eta zehaztasun horren fruitua da giro historikoaren deskribapena. Modernitatearen eta euskal identitatearen arteko tentsioaren historia eratu du orrialdeotan egileak.
Ez dut alde batera utzi nahi etikaren eta estetikaren arteko kinka, baina sistemaren kapituluak erakarri du nire arreta, hain zuzen ere arte sistemaren barneko tripak agerian utzi dituelako eta instituzioen (ez soilik instituzio politikoen) beharra agerian utzi duelako. Museoak, galeriak, Ikerketa konparatuen Institutuak, Arte Ederretako fakultateak, erakunde desberdinek izan dituzten pisua eta indarra agerian jarri ditu Ismael Manterolak hirugarren atal honetan, berriro ere artearen transmisioan erakundeek duten eragina agertuz.
Transmititu ez denak ere bere tokitxoa du liburuan. Isilean geratu dena azalean utzi du bere zuhurtasunaren froga emanez Ismael Manterolak.