Familia eta mundua: historiaren tapiza
Esan ohi dute lehen nobela bat idatzi eta arrakasta ezagutu ondoren, idazleek paralisiaren ezaugarriak dituztela, baina ez da hori, Kirmen Uriberen kasua
Jon Kortazar
Lunes, 7 de noviembre 2016, 00:02
«Arrainek eta zuhaitzek elkarren antza dute. Antza dute uztaiengatik. Zuhaitzek enborrean dituzte... Arrainek ere uztaiak dituzte, baina ezkatetan».
Horrela hasten da Bilbao-New York-Bilbao (2008) Kirmen Uriberen (Ondarroa, 1970) nobela sonatua, eta lehen esaldi horretan badirudi bere poetika osoa ezkutatu egin dela: lotuta daude munduak, lotuta, hango mitxeleta haren egoeran bezala, badakizue: Txinan hegan egin duen mitxeletak ekaitza eragin du San Franziskon, edo Manuel Rivasek esango lukeen bezala: «El toque de un dedo en un carámbano producía un sonido que reverbera en Nueva Escocia». Lotuta daude, ikusezinezko harien bidez, familia eta mundua. Familia baten historiak herri baten historia gorde du bere barnean, bata bestearen ernamuina balitz bezala.
Esan ohi dute lehen nobela bat idatzi eta arrakasta ezagutu ondoren, idazleek paralisiaren ezaugarriak dituztela. Horrela gertatu zitzaion Mussche plazaratu zuenean Kirmen Uriberi? Ez horrenbesteraino. Kontua da adiskide hurbila hil zela artean, eta hari omenaldia egin ziola nobela horren bidez, kontakizun bat osatuz beste kontakizun isila adierazi nahiz.
Elkarrekin esnatzeko ordua nobelak jarraitu egin du idazleak bere artearentzat nahi dituen ezaugarri nagusiak, baina batez ere kontakizunez hornitu du bere lana. Kontatzen ez dakiela esaten dutenen aurrean, kontakizun sinbolikoan oinarrituriko nobela agertu du; nobela lirikoa egin duela adierazi dutenen aurrean eta badira alor horretan hainbat idazle on, pasadizoz beteriko nobela da hau.
Eta hala ere eta hala ere, ezaugarri nagusi bik tintatu dute kontakizuna: egiaren formak eta familia nobelak.
Egiaren antzean baino gehiago dokumentazioan eta ikerketan oinarrituriko kontakizuna da Elkarrekin esnatzeko ordua nobelak erakusten duena, eta zuzen eta ozen erakutsi ere. Idazleak berak hitz-atzean aitortu du. Zineman eta zenbait nobeletan agertzen diren pertsonaiak egiazkoak ez direla adierazteko ohituraren aurka, hemen benetakoak direla adierazi du egileak. Egiazkoak, baina hori bai, fikzioaren ukitua nabaria dela. Egia nobelara igarotzeko orduan, teknika ugarien jabe da Uribe. Estrategia horretan, fikzioaren zein genero ez-fikziozkoaren teknikak biltzen ditu.
Familia nobelaren zantzuak ere erraz aurki ditzakegu testuan. Familia baten historia, herri baten historia osatzeko. Ez dago Kirmen Uriberen kontagintzarik oroimenik gabe; historia ikertu, ezagutu, ulertu, birsortu, eta zentzuz hornitu gabe. Hortxe dago bere kontakizunaren indarra. Idazkerari buruzko hausnarketa aurkeztu du, azken batean herri honen Historiaren zentzua argiz jotzeko.
Letamendi Urresti familiaren bidea, eta batez ere Karmele Urrestiren bizitza kontatzen dizkigu nobelak. Baina ez da nobela moderno bat, pertsonaien gatazkan oinarritua. Tapiz bat antolatu, marraztu, josi nahi du bere joan-etorrietan. Mugimendu bitan oinarritzen da kontakizun postmoderno hau: espaziala, eta ezker-eskuinekoa du mugimendua bat, eta familiak deserri desberdinak ezagutuko ditu; soziala da bestea, goitik beherakoa: Urrestitarrak ezagutuko dituzte EAJren barneko pertsonaia garrantzitsuak, Manu de la Sota, kontakizunaren lehen aldean oso presente, eta José Antonio Aguirre, lehendakaria, bigarren aldean protagonista.
Gure gizartearen Historiatik familiaren historiara balantzaka ari da narrazioa, gure iragan hurbila agertuz eta argituz. Zatika dago kontatua familiaren historia luzea, eta behin eta berriro kontaketaren hariak goi historia eta barne historiaren artean dabil zibuka. Anita pertsonaiak adierazi duen bezala, mundua aldatu nahi duten pertsonak ezagutzen ditugunean, bat-batean sortzen da galdera: nolakoak ote dira etxe barnean? Karmele Urrestik ere mundua aldatu nahi izan du, eta era berean kontakizun honetan bere etxe barne bizitza agerian geratu zaigu.