Borrar
Idazleak bere haragian bizi izan du indarkeria.

Isiltasunez eta isilaldiz jositako elea

Guatemalako Rodrigo Rey Rosa idazlearen mundu desberdinak esploratzen udako irakurketen bitartez

Jon Kortazar

Domingo, 4 de septiembre 2016, 01:50

Hitzak eta isilaldiak pisu berbera dute» esan du orain gutxi Mia Coutok, Mozambikeko idazleak. Eta esaldia irakurriarekin batera burura etorri zait Guatemalako Rodrigo Rey Rosa idazlea Bilboko Gutun Zurian ikusi eta entzun nuen gaua. Juan Cruz kazetariak egin zion elkarrizketa, eta isiltasunez eta isilaldiz jositako elea izan zen berea. Ikusgarria: isilpean asko esaten zuen idazlea da hain errez beteriko izena duen Rodrigo Rey Rosa. Isiltasuna adierazpide gisa aukeratu duen idazlea; esan eta isildu txanpon berberaren leon eta kastilo.

Ez nuen lehenagotik ezagutzen, ez nion ezer irakurria eta gau hartan Bilbon bere diskurtso xumea bezain sarkorra entzun ondoren, bere lanen bila abiatu nintzen hurrengo egunean ohi dudan liburu dendara. Ez nuen gauza handirik aurkitu egia esan, eta Caballerizas deituriko eleberria erosi nuen, zer erosten nuen oso garbi jakin gabe. Hura irakurri eta berriro itzuli nintzen gaur gomendatu nahi nukeen 1986. Cuentos completos liburuaren bila, hain baita orain bere produkzio zabalaren artean errazen aurkitzen den lana.

Rodrigo Rey Rosaren lanean garai desberdin bi aipatzen dira beti adituen artean. Behin eta berriro gogoratzen da Paul Bowles ezagutu zuela Tangerren eta bere idazketa tailerretara (batera behintzat) joan zela, eta bere herria itzuli zelarik askoz ere literatura gogorra, salaketa literatura, idatzi duela. Bietarik aurkituko du irakurleak 1986. Cuentos completos horretan.

Agian, Tangerren egin zuen egotaldiaren garaiak ate gehiago zabaldu dizkio Rey Rosari. Paul Bowles maisu ikaragarri handia da, eta bere itzala luzea da. Lehen garai horretan Guatemalako idazleak gurago du estilo fin eta estetizista. Ondoren, ordea, bere herrialdean gertatu eta gertatzen ari den indarkeria basatiaren gaia hartu du, eta zaldi ero baten gainean ari balitz bezala idatzi ditu bere lanik gogoangarrienak.

1986. Cuentos completos liburuak 7 ipuin liburu biltzen ditu eta beraz, aukera handia eman dio irakurleari bere mundu desberdinetan sartzeko eta haren idazlanez gozatzeko.

Rodrigo Rey Rosa Borgesen bidean hasi zen literaturan. Ametsak eta ametsetan asmaturikoak egin dute lehen lanen enbor nagusia. Borges maisu duelarik fantasiaren mundua oinarri gisa hartu eta irudimenezko ipuinak idatzi ditu. Ametsen mundua, dena dela, krudela da eta izuaren eta ezinegonaren tartean mugitu izan da bere prosa gardena. Hemen bai, hemen prosaren edertasunak pisu handia hartu du eta zuzen ageri izan da bere joera eder zalearen muina.

Idazleak aitortu duen moduan, lehen ipuinetan bere asmoa ipuinak idaztea baino gehiago izan zen prosazko poemak egitea, eta ametsetan jasoriko irudiak paperean jartzea. Literatura harrigarriaren bidetik eginak dira ondorengo kontakizunak ere. Nire iritziz, Rodrigo Rey Rosaren poetikaren adibide ederra da Ningún lugar sagrado ipuin luzea. Alde batetik, hortxe dago idazleak psikoanalisiaz duen sinesmenaren indarra eta beste aldetik, Guatemalako indarkeri egoeraz duen salaketa gogoa. Azken batean bere lanaren adar nagusi biak: barne mundu esplora gaitza, eta indarkeriak osaturiko kanpo mundu deskriba gaitza.

Bilboko elkarrizketa hartan egileak mahai gainean jarri zuen idazteko duen teknikaren izaera: bukaera ez du ezagutzen idazten duen bitartean eta berez aurrera doan kontakizuna da berea; psikoanalisian bezala, hasi, hasi egiten dugu baina non amaituko dugun jakin gabe. Caballerizas nobela poetika horren adibide ederra da. Gaia familia batean gertatzen den indarkeriaren ispilua da. Hari mataza pixkanaka zabaltzen da irakurlearen begietan, eta batzuetan badirudi gauzak gertatu gertatzen direla baina azalpen handirik, edo kausalitateari indar handiegia eman gabe. Egunerokoa gertatzen den bezala, guk ez dakigula zerk eragin duen ekintza gogorra. Neurri berean, egitura aldetiko desorekak ere ageri dira, baina hutsune horiek - isiltasun horiek, azken batean- aztoratu egiten dute irakurlea.

Munstruen itzala

Beharbada teknika horren jarraipena egiten duelako dira hain laburrak bere kontakizunak: ezin duelako edo ez duelako nahi, lana aldez aurretik ikustea. Era berean bat-batekotasunaren indarra jasotzen du bere argumentuaren jarraibideak.

Beharbada ezin du indarkeriak sortu duen munstro nagusia adierazi eta, gaina hartzen dion gaiaren aurrean ageri du joera guztiz erabilkor hori. Bere joera politikoan ondoan du Horacio Castellanos Moya, El Salvadorreko egoera politikoa salatu zuena bere El asco. Thomas Bernhard en El Salvador nobelan. Hain izan zen gogorra sortu zuen erantzuna ze egileak, Moyak, herritik ihes egitea deliberatu zuen.

Rey Rosaren nobelak alemanera itzuli duen Erich Hacklek egileak esaten zidan: «Kasu berezia da: oso politikoa bere nobelatan, nahiz eta bere joera literarioa oso jasoa den, eta sotila, eta bere bertuterik handiena darabilen bakantasuna izan. Horregatik egiten zait interesgarria. Nire barnean dudan zalantza da (eta beste gizaki batzuek ere esan didate) ez dakidala hori idazlearen gaitasuna den edo emozioa adierazteko ezintasunak eman dion».

Berebiziko lainotasuna, horra hor Rodrigo Rey Rosaren kontakizunen joerarik garbiena eta irakurlea txundituko duena. Bere haragian bizi izan du idazleak bere herriko indarkeria instituzionala. Ama bahitu zioten eta berreskuratzeko dirua ordaindu zuen familiak. Gertaera horren ondoren, Rodrigo Rey Rosaren prosak mina eman ohi du: ez du gizenik, zehatza gauetako amets gaiztoen gisakoa.

Laburra aiztoaren hotzaren modukoa, samingarria herriaren mina bezala, gogorra indarkeriaren itzalaren giakoa. Rodrigo Rey Rosaren literatura.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Isiltasunez eta isilaldiz jositako elea

Isiltasunez eta isilaldiz jositako elea