Zabalketa GKEk 25. urteurrena ospatuko du metroko geltokietan, argazki erakusketa batekin

Metro Bilbaoen hamar argazki-panel daude, zenbait geltokitatik txandatuta eta urte bukaerararte mantenduko direnak

ELCORREO.COMbilbao

Zabalketa gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) 'Distantziak murrizten, errealitateak hurbiltzen' argazki erakusketarekin ospatuko du bere 25. urteurrena Metro Bilbaok utzitako Portugalete, Santurtzi, San Mames, Abando, Moyua, Indautxu eta Alde Zaharra geltokietan. Erakusketa urte amaierara bitartean egongo da ikusgai, Zabalketak 25 urteko ibilbidean egindako lana jendaurrean erakusteko.

Zabalketa 1991ean hasi zen pertsona guztien duintasuna eta eskubideak defendatzeko lanean, pobrezia eta bidegabekeria desagerrarazteko borrokatzeko ekintzen bitartez, eta pertsonarik zaurgarrienei funtsezko zerbitzuak eskainiz. Nazioartean, hainbat herrialdetan egin ditu ekintzok: Peru, Bolivia, Kolonbia, Kenia, Nigeria eta Filipinetan.

Euskadin, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta lanbide heziketako zentroekin eta unibertsitateekin lan egiten du, hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren arloko proposamenak eginez «gizarte solidarioagoa eta konprometituagoa lortzeko». Ekintza horiez gain boluntariotzako eta gizarte ekintzako jarduerak burutzen ditu.

Metro Bilbaon jarritako erakusketan hamar argazki-panel daude, zenbait geltokitatik txandatuko direnak, 2016ko amaierara arte. Argazkiotan, Zabalketak lan egiten duen herrialdeetan egiten dituen ekintzetako batzuk erakusten dira. Helburua haien errealitateak erakutsi eta hurbiltzea da, herritarren artean sentsibilitatea eta elkartasuna pizteko asmoz.

250.000 pertsona baino gehiagok jaso dituzte Zabalketak munduko hainbat txokotan egiten duen lanaren onurak. Nigerian, 16.000 pertsona baino gehiagorentzat eraiki dira 11 eskola, lau osasun zentro eta edateko uretarako zortzi sistema. Bolivian eskubide politiko eta zibilen berdintasuna erdiesteko ari da lanean; orain arte 760 emakumeri landa giroko lider izateko prestakuntza eman die, gaur egun nekazarien sindikatuetan karguak dauzkatenak eta udal zinegotziak direnak.

Halaber, Zabalketak Peru eta Boliviako Andeetako komunitateetan garatzen dituen garapen integraleko programetan 85 nekazari komunitatek parte hartu dute. Sentsibilizazio eta hezkuntza lanari dagokionez, bere baliabide didaktikoak 130 zentro baino gehiagotan daude, lehen hezkuntzatik goi mailako hezkuntzara bitartean, eta 1.200 pertsonak jaso dituzte.