Zer emango dio Elustondok Athletici?
Gogorra izan da Realeko jokalari ohiaren azken denboraldia, baina Valverdek beste atzelari bat behar duela uste du
i. crespo
Miércoles, 1 de julio 2015, 22:16
Txistuak ia igandero, zurrumurru etengabea baloia astintzen zuen bakoitzean, bere taldeko zaleen gaitzespena... Horrelakoa izan da Gorka Elustondoren azken denboraldia Realean. Beasaindarrak ez du bere tokia aurkitu Donostian, ez zelai erdian eta ezta defentsan ere. David Moyesek bere aldeko apustua egin zuen arren, Athleticen fitxaketa berria ez zen gustura sentitzen. Etsipenak jota, talde txuriurdinaren azken eskaintzari uko egin zion, eta bizilagunak bere atea jo zuenean, esker handiz ireki zuen.
Euskarri moduan, Elustondok arrakasta lortu zuen gaztetan, eta Espainiako selekzioarekin jokatzea ere iritsi zen. Ikusmin handia lortu zuen Realeko zaleen artean, Xabi Alonsoren lekukoa hartzeko futbolari bat aurkitzeko itsututa zeudalarik. Min izugarria egin dio Elustondori presioak, eta baita bere lesio larriek ere. Irregulartasunaz nekatuta, Realeko jarraitzaleek ez zuten bere kontratua berritzea nahi, Bartzelonaren aurkako Kopako partida eta bere akatsak buruan zituztelarik.
Hala ere, Ernesto Valverde ziur da atzelari ona izango dela Athleticentzat. Behin presioa astinduta eta hasiera berri bati aurre eginez berriro ere bere mailarik onena emango duela uste du entrenatzaileak. Gainera, Etxeita eta Laporte lehen aukera izango direla, San José zelai erdian airtu daitekeela eta Gurpegui azken txanpan dagoela kontuan hartuta, Elustondo fitxaketa ona izango dela pentsatzen du. Egia da Bilbao Athleticen Yeray bezalako atzelari onak daudela, baina oraindik gazteegiak dira agian Lehen Mailarako jauzia emateko.