Urtetan landutako txapela
Amets Arzallusek lehenengoz eraman du Iparraldera garaipena. Duela lau urte bezala atzo ere Maialen Lujanbioren aurka izan zen arratsaldeko azken buruz-burukoa
BIANDITZ IRAOLA
Lunes, 16 de diciembre 2013, 12:04
Amets Arzallusek irabazi du txapela. Historikoa suertatu da aurtengoa ere, Iparraldera doan lehena baita. Tiratzen hasita, 1967ra joan gaitezke, eta Xalbadorri ulertzen ez ziotenek txistu jo zioteneko eguna gogoratu. Atzo bertsozalegoak zutik eta txaloka hartu zuen txapeldun berria. 2001era ere joan gaitezke, txapeldun berria gutxigatik finaletik kanpo geratu zenekora. 2005ean izan zen finalean, 2009an buruz-burukoan eta atzo txapeldun. Pausuz pausu zizelkatu du, beraz txapela. Txapelketa osoan aritu da goitik, seguru, konfiantzaz. Eta atzo ere ez zen gutxiagorako izan. Goizean lan ikaragarria egin zuen, eta arratsaldean eutsi egin zion.
Bestelakoa izan zen Maialen Lujanbioren finala, goizean apalago, eta pixkanaka gora eginez arratsaldean. Igor Elortzak txapelketa guztiko ildoari eutsi zion, eta kalitate handiko saioa burutu. Aitor Mendiluzek ere egun bikaina osatu zuen, aurreko finaletan hustu egin zen behin baino gehiagotan. Atzo gogoratzeko saioa egin zuten, eta horrek are handiago egin zuen txapela.
Orain lau urte bezala, buruz-burukoan egin zuen saioak gorakada handiena. Bertsolariak euren bikotekideen paperean jarri zituzten. Finala zela-eta, apustu makina baten aurrean zeuden, hain zuzen txapela nork irabaziko zuen apustu egiteko asmoz. Lan biribil bezain orijinala osatu zuten, norberak bere bikotekidearen alde egin ordez, kontra egin baitzuten. Lujanbio hasi zen: «Haseran duda egin det zeini jarri marka/baina zenbat medio entrebista lata/beraz Ametsen alde doa nere tanta/irabaz dezala ta pakea galanta». Arzallusek dirua erraz irabazteko aukera ikusi zuen: «nik dena Maialaenen alde dut emango/Ametsek failatzea neure esku dago». Zalantzan ibili ziren ondoren, eta Lujanbiok lehen errazagoa zela gogoratu zuen: «Txorakeiak utzita apustura goazen/zenbat atrebituko zera zu botatzen/denak ondo dabiltza zaila da asmatzen/Egaña zegonean errexeagoa zen». Azken txapelketan pronostiko hori gaizki atera zitzaion ordea Arzallusi: «Ez duzu gaizki egin hori aipatzea/egia da nik nahiko nuke kantatzea/Egaña erraza zela, bai kaka letxea/nik azken txapelketkan galdu nun etxea».
Goizean ere elkarrekin aritu ziren zortziko txikian, antzeko bizitasunarekin. Zortziko nagusian hasi zen, ordea, Arzallus txapela bereganatzen. Sustrai Colinarekin aritu zen, bi alkoholiko ohiren paperean. Taberna batean zeuden, ebaki banarekin. Colina hasi zen: «Nahiz ta lehenago ipintzen nion itukinari partxea/gogorra bezain ederra izan da urte hauen balan-tzea/ez da samurra tabernan sartu ta kafe bat goxatzea/oraindik ere kosta egiten zait ardo bat ez eskatzea». Arzallusek ere arriskua ikusi zuen: «barra hori da amildegi bat ta gu bere bi maitale/hemen orekan baldin bagabiltz sendatu garen seinale». Colinak zalantzak ezin uxatu, ordea: «baina erabat sendatu garen ez nuke esanen hainbeste / nahiz ta bidean aurrera joan noiznahi erori gaitezke». Lagunak animoak altxatu zizkion: «Arrazoi duzu arriskutsua da guretzat hemengoa/amildegitik gerturatzean tentsio in crescendoa/baina hala ere ni sentitzen naiz sendatua ta sendoa/guk bi ebaki izangatik zauria osatzen doa».
Beñat Gaztelumendik eta Unai Iturriagak ere lan ona egin zuten. Bi prostituta ziren, eta jakin berri zuten euren bezeroei isunak jartzekoak zirela. Gaztelumendi hasi zen: «Herriko apaiz zaharrak etortzen pasa du hamaika urt /politikoak, enpresariak, bankutako zenbat putre/ suna haiei ipintzea nik ederki hartuko nuke/ordain-tzeko guk baino problema gutxigo izango dute». Iturriagak ildo hortatik jarraitu zuen: «Jakina hoiek guk baino arazo gutxiago daukatela/baina jokoa hau dagona ez da dirua edo papela/istorian zenbat urte joan dira gatazka honekin horrela/noizpait onartu beharko dute hau ogibide bat dela».
Atzoko saio hunkigarrienetako bat, ordea, Igor Elortzak eta Maialen Lujanbiok hamarreko txikian egindakoa izan zen. Biak autobus batean ziren, Lujanbio telefonoz hizketan. Jo egiten dutela, eta gehiago ezin duela jasan dio; eta telefonoa utzi bezain pronto, Elor-tzak musuzapia eman zion. Bikain josi zuten bukaera, bizkaitarra hasita: «Zauri hoientzat eman dizut lehen zapia/konpartitua baitut zure lubakia/azaldu nahi nizuke ondo zergatia/neure arreba izan zen behin ikaratia/nahi baduzu har zazu bere zenbakia». Hernaniarraren erantzuna barruraino sartu zitzaion entzuleari: «Ba eskertuko dizut ta zuri hori zor/ia leuntzen didan nere hainbat min sor/telefonoz nenbilen eztarria idor/zuk entzutea behar bainuen derrigor/telefonoz bestalde ez zegoen inor».
BERTSO HAUTATUAK
Amets Arzallus
Buruz-burukoa (kartzela gaia emanda. bigarren bertsoa). Gaia: Itzultzeko garaia da.
Hegazkin baten barruan itzuli naiz herriraino/lehen poemetako hitzak ziren hilkutxa ta laino/orain hoiek utzi ditut ta sentitzen naiz hain ñaño/plazan hor daude hiru zahar ta beste bi andereño/dexente zahartu da baian ama bizirk daukat ño/zuzen zuzen itzuli naiz bere besoetarino/poema ederragorik ez dut idatzi gaurdaino
Maialen Lujanbio
Buruz-burukoa gaia emanda. hirugarren bertsoa. Gaia: Itzultzeko garaia da.
Paper ofizialak falta ditut berdin bilete papela/nere lardaska eta lan txiki moldatzen naiz dena dela/han dauzkat haurrak han familia han etxe baten epela/ta itzultzeko garaia da ia garbi ikusi dut horrela/euskal herrian hainbestek jarri didate keinu ospela/beste batzuek abegiz hartu ezin zitekeen bestela/eurak inoiz migrante badira argi izan dezatela/guk hartuko ditugu eurak gu hartu gaituzten bezela
Aitor Sarriegi
Bakarkako lana. Aurreneko bertsoa. Gaia: Alabarekin batera bikotekidea bisitatzera zoaz autoz. berriro galdetu dio asko falta den.
Gerrikoa jarri eta autoko silan eseri/zazpirehun kilometroan so egin gabe ezeri/ama urruti daukazu tamalez urrutiegi/bidaia hau beste behingo poz txikia izan bedi/alaba asko falta den galdetzen didazu neri/erantzunik eman gabe ezin det gidatzen segi/kilometrotan ez asko eta denboran gehiegi
Amets Arzallus
Kartzela. Bigarren bertsoa. Egoerak beste aldean jarri zaitu.
Nere izena gorroto duten ez dakit zenbat familik/ez da izango euskal herrian ikusi ez dudan mutilik/galdetzen nien hik ez ote duk inoiz hil guradia zibilik/eta hil baduk zer sentitu duk neure lankide bat hilik/galdera hauei eran-tzun arte hor egongo haiz txintxilik/baina begia zarratu eta segitzen zuten ixilik
Aitor Sarriegi
Puntuari erantzuna. Lehengoa.
Hezkuntzaren munduan bagoaz aurrera/hala diozu baina egia ote da/nere ustez baigoaz bastante atzera/igual historiaurrera iritsiko gera
Maialen Lujanbio
Bakarkako lana lehen bertsoa. Adineko pertsona. hiru seme-alabak zaintzen zaituzte, lau hilabete ematen dituzu bakoitzaren etxean. maleta egiteko unea da berriro.
Larogei ta bi urte beteta ihartu zori den zuhaitz/azal zimurrak pilatzen ditu nere aje ta nere gaitz/bizitzeko da berandu eta hiltzeko oraindik garaiz/etxerik etxe alderrai nabil nere andre triste bisaiz/berriro ere maleta bete nere erropa eta gaitz/sekula enaiz traba izango nahiz zina egin nuen maiz/zina egina nuen bai baina horretaraxe heldu naiz