Xabier Amurizarentzat bukatu dira bertso plazak
Bertsolaritzaren erreferente nagusia izan denak bere bat-bateko ibilibideari agur esan zion atzo, 75 urte bete zituen egunean
marta goikoetxea
Martes, 3 de mayo 2016, 17:53
Xabier Amurizak plazako bertsolaritza utziko duela iragarri zuen atzo. Bere behin-behineko erabakariaren berri emateko 75 urte bete zituen eguna hautatu zuen. «Momentu hau noizbait etorri behar zuen; plazako bertsolaritza utziko dut», adierazi zuen urduri samar Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Etxanon jaiotako bertsolariak, 51 urtez plazaz plaza kantuan ibili ondoren, aurrerantzean literatur sorkuntzan jarraituko eta zentratuko dela ziurtatu du.
Soilik zazpi urte zituela, sartu zitzaion bertsolaritzarako grina. Zornotzako Autzagane auzoko taberna batean izan zen. Bere aitak kantatzeko zaletasuna zuen eta egun hartan, ume txikia zela, burutu zuen bere lehenengo bertso saioa. «Aitak kantatzen zuen harrapatzen zuen guztia» gogoratu du. Aitak bere atala abestu ostean, Xabier tabernaren mostradorera igo zuten eta aitaren kantuari jarraipena eman zion. Bezeroen txalo beroak eta animoak markatu zizkion haurtzaroan.
Geroztik, egungo bertsolaritza modernoaren ikur nagusietariko bat izatea lortu du. Bertsolaritzari eta euskal kulturari egindako bere ekarpena, oro har, ikaragarria da, bertsolaritzaren eremuan aurrendari izan ez baldin bada elementurik garrantzitsuenetariko bat izan ez den arlorik ez egonaz. Bertsolaritzaren irakaskuntzan, errepentismoaren garapen-formetan eta plazaratzeko era desberdinetan bere ekarpenak bertsolaritza modernoaren erreferentzia-gune ukaezin izatera eraman ditu. Baina hori gutxi balitz, itu jakin bat ere ezarri du, askorentzako artea den honetan garai-aldaketa ekarriz.
Bere ibilaldiari agur esateko hiru saio eman ditu, Legazpin, Bilbon eta, joan den astean azkenekoa, Altzon. «Izugarrizko esperientziak izan dira», aitortu du. Beste ziklo bat hasiko du bere erretiroan. «Aurrerantzean, ekoizpen literariorekin jarraituko dut, eta inork hala eskatzen badit, letra egile ere bai, baina plazako ibilerak bukatu dira». Hil honen 19an Bilboko Bidebarrieta liburutegian arituko da 'Zein ongi bizi zen Ulises' eleberriaren ekitaldiaz. Ez da ekitaldi bakarra izango. Izan ere, ekainean hitzordu gehiago izango ditu.