Zer daukate amankomunean bertsoek eta zientziak?
Bertsozientzia izeneko saioa ostiral honetan emango da Laudion, Kike Amonarrizen gidaritzapean
Nahikari Cayado
Miércoles, 22 de febrero 2023, 09:55
Zientzia eta bertsoa, bertsoa eta zientzia. Pentsatu ahal duzu inoiz zein izan litekeen bien arteko harremana? Bada, zeruko izarretara zein hutsik dagoen beirazko edalontzi bati begira ikuspegi zientzifikotik abiatutako materiala aurki daiteke bertsotan aritzeko. Horrela adierazi digu behintzat Uxue Alberdi bertsolariak, «bertsoa edozein gairen gainetik eraiki daitekeela» baieztatzen duenak. Horren erakusle izango da, izatez, Alberdi bera ostiral honetan bertan, otsailaren 24ean, Laudion ospatuko den Bertsozientzia ekimenean.
Publicidad
Aiaraldea Ekintzen Faktorian emango da, eta bertan, hasiera batean zerikusirik ez daukatela diruditen bi esparru horiek nahasiko dira jolasarekin eta ikerlari zein bertsolarien laguntzarekin. «Nire ustez, oso berezitzat hartzen da ekimen hau zientzia eta bertsoa bi alor ezberdin izanagatik. Askotan, bertso munduko jende gehienak, nolabait esan, letren esparrukoak izaten gara. Inprobisazioarekin kantatzen dugu, hau da, inoiz ez dugu teoria garaturik kantatuko. Baina buruan eta pentsamenduan dena nahasten dugu, barruko konportamendu ezberdinak elkarren artean igurtziz. Eta horrek aberastu egiten gaitu», arrazoitu du Euskadi Saria irabazitakoak.
Inprobisazio hori da, hain zehatz, bertsozientzia saio horretan jorratuko dena. Kike Amonarriz aurkezleak eta Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak gidatuko du arratsaldeko 19.30etan hasiko den ekimena. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) kultura zientifikoko katedrak antolatu du proiektu hori, 'Jakinduriek mundue erreko dau' izenburupean datorrena. Bertako Kultura Zientifikoko Katedrak 2014an abian jarritako ideiak bederatzi urte ospatuko ditu aurten.
Aipatu bezala beraz, Bertsozientziak hainbat eszenatoki zeharkatzen ditu, elkarren artean itxurazko loturarik ez duten bi diziplina bateratzeko, baina «publiko berrietara iristeko» konbinatzen direlarik. Saio bakoitzean hiru hitzaldi labur eskaintzen dira, hamar bat minutukoak, eta ondoren, bertsolariak, ekinean hasten dira. Uxue Alberdik azaldu duen antzera, une horretan emango da inprobisatzeko aukera. Zientzialariek emango dituzten oinarrien eta hipotesien artean, kantuan hasi beharko dira, jolas egiteko, eta batez ere, esperimentatzeko eta sortzeko. «Bertsoa arte bat da, komunikazio ekintza bat, bat-batekotasunean oinarritzen dena», dio. Zientzia, bestalde, «hipotesietatik, esperimentaziotik hasten da, eta bertsozientzia saio horietan, horrekin jolasten da, hain zuzen», gaineratu du.
Partaideak ezagutu
Alberdi kazetaritzan lizentziatua, idazlea eta bertsolaria da. Besteak beste, narrazioak, eleberriak eta saiakerak argitaratu ditu. Gutxi balitz gainera, bi aldiz irabazi du Euskadi Saria, 'Besarkada' eta 'Kontrako eztarritik' lanengatik. Bestetik, 111 Akademia saria eraman zuen ere, 'Jenisjoplin' eleberriarekin.
Publicidad
Berarekin batera, Miren Artetxe igoko da oholtza gainera bertsotan. Azken hori, euskal filologian lizentziatua da eta soziologia, antropologia eta gizarte eta kultur geografian doktorea da ere. Bertsolaria izateaz gain, ikertzailea da eta EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika sailean irakasle lanetan dabil egun. Halaber, Argia eta Jakin hedabideetako kolaboratzailea da ere.
Txanponaren beste aurpegian aldiz, saioan ariko diren hiru zientzialariak daude. Horien artean Oskar Gonzalez aurkitzen da, 'Beiraren kolorea (eta kolore eza)' izeneko hitzaldia eskainiko duena. Bertan, mendiak ikuspegi kimikotik beiraren benetako kolorea zen den zehaztuko die bertaratzen dienei.
Publicidad
Gonzalez gertutik ezagutzeko, jakin baharra dago kimika analitikoan doktorea dela, eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kultura Ondareen kontserbazio eta zaharberritzeari buruzko graduan irakasten duela gaur egun. Hori gutxi balitz, dibulgatzailea da eta 'Zientzia Kaiera' eta 'Cuaderno de Cultura Científica' izeneko blogetan idazten du ere.
Aurtengo saioan presente egongo den bigarren zientzialaria Itziar Garate López izango da, Gliese 486 izarraz hitz egingo duena Laudion. Nazioarteko Astronomia Elkarteari izen hori eta bere exoplaneta izendatzeko proposamenaren harira, 'Gliese 486 eta Gliese 486B. Aukeran, Gar eta Su nahiago' berbaldia eskainiko du.
Publicidad
Fisikan doktorea eta astrofisikan aditua da bera, Frantziako Ikerketa Espazialeko Nazio-zentroko doktorego-ondoko ikertzaile moduan aritu izan da, hala nola, Parisen dagoen Pierre eta Marie Curie Unibertsitatean. Gaur egungo Euskal Herriko Unibertsitateko Bilboko Ingeneritza Eskolako Fisika Aplikatua sailean irakasle lanetan dabil.
Ostiral honetan Laudion egongo den hirugarren ikertzailea, bestetik, Aitor Cervantes Miranda izango da. Berak 'Ziztaldatik haratago' hitzaldia eskainiko du, eltxoen eta akainen ekologian barneratuko delarik. Hau da, zoonosiaren ondorioz, animalien eta gizkien artean transmititzen diren gaixotasunen inguruan sakonduko du berak.
Publicidad
Hirugarren hori, albaitaritzan lizentziatua eta kontserbazioaren medikuntzan doktorea da. Gaur egun, doktorego-ondoko ikertzailea da Neiker BRTan. Eta bere ikerketa-lerroa, Osasun Bakarraren ikuspegitik, aldaketa globalaren, eta zoonosien eta gaixotasun batzuen arteko erlazioa ulertzera bideratuta dago.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión