Aimar Karrika, bertso bat botatzen. bertsoa.eus

Tutera eta Urdazubiko plazetan ekingo diote Nafarroako Bertsolari Txapelketari

Lehen bi saioak asteburuan jokatuko dituzte. Guztira, lau final-laurden izango ditu txapelketak, eta horiek igarota hasiko da finalaurrekoen fasea

Amalia Ibargutxi

Martes, 5 de febrero 2019, 00:20

Nafarroan ere gertu dute Bertsolari Txapelketa. Larunbatean abiatuko da, Tuterako lehen final-laurdenarekin. Hurrengo egunean, igandez, Urdazubin egingo dute saioa. Guztira, lau final-laurden izango ditu txapelketak, eta horiek igarota hasiko da finalaurrekoen fasea. 24 bertsolari ariko dira final-laurdenetan, eta 18rentzako tokia izango da finalaurrekoetan. Martxoaren 23ra arte, zortzi saiotan ariko dira, beste horrenbeste herrietan.

Publicidad

Larunbatean, Tuteran, sei bertsolari ariko dira taula gainean. Aimar Karrika, Eneko Fernandez, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte, Joana Ziganda eta Saats Karasatorre, hain zuzen. Maialen Belarra ariko da gai-jartzaile lanetan. 17:30ean abiatuko da saioa, Tuterako Musika Eskolan (Mercadal plaza, 7). Nafarroako Bertsozale Elkarteak Tuterako Argia ikastolaren, 2019ko Nafarroa Oinez-aren, Nafarroako Ikastolen Elkartearen eta Tuterako Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.

Igandean izango dira, bigarren final-laurdenean, Urdazubin, Julio Soto, Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Irati Majuelo eta Sahats Aleman bertsolariak jardungo dira. Ainhoa Larretxea izango da gai-jartzailea, 17:30etik aurrera.

Urdazubikoa, bertako Kultur Etxean, Urdazubiko monasterioaren aldamenean, egingo dute. Batean zein bestean, epaile lanak egingo dituzte Arkaitz Goikoetxea, Amaia Telletxea eta Joseba Beltzak. Haiena izango da bertsolarien lana puntuatzeko ardura. Saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalaurrekoetan kantatzeko aukera. Gainerakoek, final-laurden guztietan zer gertatzen den itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko.

Elkarte antolatzailearen helburuen artean daude, «zaletasuna dagoen tokietan bertsolaritza sustatzea, eta horren zaletasun handia ez dagoen inguruetan ezagutaraztea; Nafarroako bertsolarien erakusleiho izatea; han eta hemen bertsolaritzaren alde lanean ari diren guztiak elkartzea; Nafarroako bertsolaritzaren ekosistema elikatzea; eta Bertsolaritza Nafarroan prestigiozko adierazpide gisa egonkortzea, eta jarduera kultural gisara gizarte osoari ezagutaraztea, euskaldun zein erdaldunei».

Publicidad

Sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, baita Tuterako Herriko Tabernan eta Nafarroa Oinez dendan, eta Urdazubiko kasuan, udaletxean, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara bitarteko ordutegian.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad