Ondarroako Ibilaldiaren kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte
'Turrun hotsa' da Zubi Zahar ikastola antolatzen ari den 41. edizioaren abestia. Bideoklipa eta kanta bera 18.30ean argitaratuko dira, arratsaldean Ondarroan egingo den aurkezpen ofizialaren ondoren
Jakina denez, Ibilaldiaren 41. edizioa maiatzaren 21ean ospatuko da Ondarroan. Bizkaiko ikastolen festa hirugarren aldiz etorriko da kostaldeko udalerrira (aurretik 1993 eta 2011n ere egon zen bertan), eta, oraingoan, Zubi Zahar Herri Ikastolari egokitu zaio. «Familia zein lagunekin euskaratik eta euskaraz ospatzeko eguna izatea nahiko genuke, ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabalduz», azaldu dute antolatzaileek.
Publicidad
Asteazken honetan aurkeztu dute aurtengo edizioaren 'Turrun hotsa' kanta eta bideoklipa, Bilboko Plaza Berriko Euskaltzaindiaren egoitzan. Hala ere, 18.30ean argitaratuko dira biak, arratsaldean Ondarroan egingo den aurkezpen ofizialaren ondoren. Josune Bañales, Ibilaldia Elkarteko lehendakaria; Estibaliz Urizar, Zubi Zahar ikastolako zuzendaria eta Aiora Ponce, bideokliparen egilea izan dira goizeko aurkezpenean lanaren nondik-norakoak azaltzen.
Abestia eta melodia Axular Arizmendi musikari eta ekoizleak sortu ditu AME estudioetan, eta abeslariak Aiora Renteria eta Eñaut Elorrieta izan dira. «Fusio interesgarria lortzea» izan da mutrikuarraren helburua: «Zati indartsuak eta zati epikoak edo sakonak elkarrekin sortzea eta lotzea». Bere hitzetan, dantzarako energia eta ekoizpen modernoa dakar; euskal instrumentu zaharren eta elektronikaren fusioa. «Erritual eta akelarre batean sortzen den sinergia da, eta Leokadi Ondarroako pertsonaia ere erritual horren barne dago. Melodia erraza duen abestia da, erraz abestekoa, eta Ondarroako eta Euskal Herriko marinel guztiei omenaldi txiki bat egiten die».
Letrari dagokionez, aurtengo Ibilaldiaren abestiari Leire Bilbao idazle ondarrutarrak ipini dizkio hitzak. Zubi Zahar Herri Ikastolan ikasitakoa, hantxe hasi zen euskal kulturaz bustitzen eta bertsozaletzen. Aurkezpenean nabarmendu dutenez, «estrofan narratiba sartu du. Kostaldeko herri bat azaltzen da, turrunak herria esnatzen du eta herritarren nortasuna agertzen da. Zainetan kresala duen eta bere nortasunari eutsi nahi dion herri bat, hain zuzen ere. Olatu bat mingainean metaforak, euskara eta kantua ahoan, bizirik dagoen herri bat irudikatu nahi du. Hizkuntzaren transmisioa dago, kantuen transmisioa. Errepika dator gero, eta hor zubiaren metafora, berez ere indartsua. Ez dezagun ahaztu zubiz betetako herria dela Ondarroa. Eskuek eginiko zubiaren metaforak adierazi nahiko luke denok garela ezinbestekoak denon artean elkarri lagundu eta herriari eusteko».
Azkenik, bideoklipari dagokionez, Aiora Ponce zuzendari eta ikus-entzunezko sortzaile ondarrutarrak egin du. Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasle ohiaren hitzetan, zerbait berezia egiteko gogoa sortu zitzaion abestia entzun zuenean, eta Nerea Gartzia aktorearekin eta Unai Guenaga ingeniari informatikoarekin izandako elkarlanak ideia garatu eta gidoia idazteko balio izan dio. Onartu duenez, egin dituen lan guztietatik pertsonalenetariko bat izan da, bideoklipean bere haurtzaroko eta nerabezaroko momentu askoren islada dagoelako. «Grabazioko momentuak hunkigarriak izan ziren, batetik, hainbeste herritarrek bideoklipean parte hartzeko gogoa erakutsi zutelako, eta, bestetik, urte ugariren ostean txikitan egondako tokiak bisitatu ahal izan nituelako», besteak beste, ikastola bera eta Artelan kultur elkartea. Hala, gogorarazi du «benetan ohore bat izan dela lan hau egin izana».
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión