Paisaia eta txirrindulari distiratsuak, Itzuliaren kartel berrian
Miren Asiain Lora artista nafarrak egin du Itzuliaren aurtengo kartela. Apirilaren 5etik 10era egingo da aurtengo lasterketa, Bilbon hasi eta Arraten bukatuko dena
Itzulia Basque Country txirrindularitza lasterketak irudi ahaztezinak utziko ditu laster berriro ere gure lurraldean, eta, horiek horrela, asteazken honetan aurkeztu dute Miren Asiain Lora artista nafarrak egindako txapelketaren 60. edizioa iragarriko duen kartela. Paisaiek eta argi berezia duten txirrindulari distiratsuek dute protagonismoa irudian. Izan ere, apirilaren 5etik 10era publikorik gabe egingo da lasterketaren aurtengo edizioa, eta, testuinguru horretan, «txirrindulariak argi txiki gisa pentsatu nituen, agian izar iheskorrak edo txinpartak balira bezala», esan du artistak.
Publicidad
Bilbon dagoen Euskadiko Artxibo Historikoan aurkeztu dute kartela. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Julian Eraso Itzulia antolatzen duen Oceta elkarteko presidentea eta irudi berriaren egilea bera izan dira bertan.
Pedalei eragiten jarraitzen dugula gogorarazteko aprobetxatu dute. Horren erakusgarri, Gerra Zibilaren aurreko tradizioa berreskuratzea lortu dugula. Izan ere, duela hiru urtetik, Euskadi Literatura Saria lan literarioen ilustrazioaren arloan irabazten duen artistak izaten du Itzuliko kartela egiteko enkargua, garai hartan gertatzen zen moduan. Orduan, goi mailako euskal artistek egiten zituzten txirrindularitza lasterketaren kartelak, eta, orain, tradizioa berreskuratu dugu.
Miren Asiain Lora artistak azaldu duenez, «ideia garatzen hasi nintzenean, bi protagonista nituen buruan, paisaia eta txirrindulariak. Txirrindulari horiek, gure paisaiak zeharkatuz eta pedalei eragiten imajinatu nituen, oharkabean pasatzen ez diren paisaietan zehar. Horrela, argi txiki gisa pentsatu nituen, agian izar iheskorrak edo txinpartak balira bezala».
Eta horrela plasmatu du irudi berrian. «Gustatu zitzaidan bi gai horiei protagonismo bera ematea eta giro berezia zuen irudi bat sortzea. Prozesuan aurrera egin ahala, pinturarekin izandako elkarrizketa horretan aurrera egin ahala, txirrindulari horiek paisaiarekin hitz egiten duten bezala, irudia sortzen joan nintzen, espazio berezia sortuz, non biak diren protagonistak», esan du.
Publicidad
Esan bezala, Gerra Zibila baino lehenago euskal artistek egiten zituzten lasterketa iragartzeko irudiak, eta 2019an tradizio hori berreskuratzeko erabakia hartu zen. Ordutik, lan literarioaren ilustrazioaren atalean Euskadi Literatura saria jasotako Yolanda Mosquerak eta Asisko Urmenetak egin dituzte Itzuliko kartelak.
Zorionez, Gerra Zibilaren aurreko karteletako asko Bilboko Arte Eder Museoan daude gordeta, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak museoarekin sinatu berri duen hitzarmen bati esker, azken hiru urteetako kartelak ere bertan gordeko dira.
Publicidad
Egilearen ibilbidea: Txina, Japonia, Mexiko, New York...
Miren Asiain Lora aurtengo kartelaren egileak hainbat erakusketatan parte hartu du Txina, Japonia, Korea, Italia, Espainia, Argentina, Mexiko eta New Yorken, eta sari ugari jaso ditu, hala nola Etxepare 2012, 'Hara!' lanagatik; Ilustrazioko VI. Katalogo Iberoamerikarraren Saria, 2015eko Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan; edota Cuatrogatos Fundazioaren Saria, 2020an.
Iaz Euskadi Literatura saria ere jaso zuen lan literarioen ilustrazioaren kategorian, 'Un millón de ostras en lo alto de la montaña' lanari esker. Fosilen misterioari eta geologiaren magiari buruzko liburua da.
Publicidad
Apirilaren 5etik 10era egingo da aurtengo Itzulia. Lasterketaren 60. edizioa Bilbon hasi eta Arraten bukatuko da. Sei etapatan 797,6 kilometro egingo ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepideetan. Aurten, publikorik gabe eta indarrean dauden osasun arloko neurri guztiak errespetatuz egingo da. Antolatzaileek eta osasun agintariek ematen dituzten gomendioak zorrotz jarraitzeko gomendioa egin zaie zaleei.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión