Amaia Gabantxok 'Etxepare' saria jaso zuen urrian, Miren Agur Meaberen 'Hezurren erretura' eleberria itzultzeagatik. Etxepare

«Itzulpengintzak euskarari ikusgarritasun gehiago ematen dio»

Duela hilabete eskas Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria irabazi zuen Amaia Gabantxok hogei urte daramatza euskarazko testuak ingelesera itzultzen

Jueves, 9 de noviembre 2023, 00:22

Amaia Gabantxo abeslaria, artista eta idazlea da. Baina baita itzultzailea ere, pasio handiz egiten duen lana. Bere hitzetan, «itzulpengintzak euskarari ikusgarritasuna ematen dio» Euskal Herritik kanpo, gure hizkuntzari behar duen garrantzia emanez. Horregatik, mimo handiz interpretatzen ditu euskaratik ingelerara pasatzen dituen testuak. Eta bere lanari jartzen dion pasio horrek bere fruituak jaso berri ditu, Gabantxok Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria irabaizu baitu Miren Agur Meaberen 'Hezurren erretura' eleberriaren itzulpenagatik 'Burning bones' izenburupean. «Ilusio asko egiten didan saria da hau eta oso pozik nago», dio Bermeotarrak.

Publicidad

Egia esan, hogei urte baino gehiagoko esperientzia dauka Gabantxok itzulpengintzaren munduan. 2001ean hasi zen horretan, eta euskaratik ingelerara zuzenean itzultzeari ekin zion, «momentura arte inork egin ez zuena». Izatez, ohikoena da euskal literatura gaztelaniara itzultzea lehenengo, eta gaztelaniaz idatzitako testu horiek ingelerara itzultzeko erabiltzea ondoren. Eta horri buelta ematera etorri zen bera. «Nire ustez, oso garrantzitsua da hizkuntza propiotik, zuzenean, itzultzea. Euskaratik kasu honetan, baina edozein hizkuntzatik egitea da garrantzitsuena. Modu horretan, berak dauzkan berezitasunak mantentzen dira eta hizkuntza beraren lekua errespetatzen da ere», azpimarratzen du euskalzaleak, «errespetu kontua» dela argi uzten duen aldi berean.

Zentzu horretan, adierazi du nola «badirudien» normalizatuta dagoela euskal literatura gaztelaniatik ingelesera itzultzea, «eta ez dakit zergatik onartzen dugun hemen, beste hizkuntzetan onartzen ez bada», dio.

Izatez, Gabantxok argi dauka gure hizkuntzari behar duen tokia eman behar zaiola, eta horregatik, euskaratik hartzen ditu testuak zuzenean ingelerara itzultzeko. Eta ez du lan makala egiten, horrela babesten baitute jasotako sariek. Izan ere, euskal literaturaren egile garaikide esanguratsuenetarikoa den Miren Agur Meaberen 'Hezurren erretura' eleberriaren ingelesera egindako itzulpena izendatu du garaile Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza sariaren bederatzigarren edizioko epaimahaiak. Amaia Gabantxo berak itzuli du lan hori eta Parthian Books argitaletxeak plazaratu du, 'Burning Bones' izenburupean.

Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan baten itzulpen lana saritzeko asmoz sortutako lehiaketa horretan, obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira. Hain justu, Gabantxoren ibilbidea eta egindako itzulpen lana, eta Parthian Books argitaletxearen potentziala eta euskal literaturarekiko interesa nabarmendu zuen epaimahaiak. «Itzulpena kalitate handikoa izateaz gain, zuzenean euskaratik hizkuntza nagusi batera egindako itzulpena izatearen garrantzia», goraipatu zuten.

Publicidad

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Jokin Gorriti LABORAL Kutxako ordezkaria; Amaia Gabantxo itzultzailea; Miren Agur Meabe idazlea; eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. ETXEPARE

Euskaltzale bermeotarrari esker itzuli dira ingelesera, bestalde, 'Twist' eta 'Belarraren ahoa' (Harkaitz Cano), 'Kristalezko begi bat' (Miren Agur Meabe), 'Zorion perfektua' (Anjel Lertxundi), 'Vredaman' (Unai Elorriaga), 'Borrokaria' (Bernado Axaga), 'Harri eta herri' eta 'Maldan behera' (Gabriel Aresti), eta orain dela gutxi saritua izan den 'Hezurren erretura' (Miren Agur Meabe), besteak beste. Bestalde, Parthian Books argitaletxearen euskal kultura testuinguru ingelesean zabaltzeko potentziala ere saritu nahi izan zuten, bigarren aldiz, Miren Agur Meaberen eleberri bat argitaratu baitu. Hala ere, Meaberen bi obraz gain, Karmele Jaioren 'Amaren eskuak' lana ingelesez argitaratu du ere Gabantxok. «Pila bat poztu nau sari honek, baina ez bakarrik sari bat jasotzeak sortzen duen poztazunagatik. Izan ere, asko miresten dudan idazle bat izateaz gainera, Miren Agur Meabe nire lagun mina da», dio.

Euskal kulturarekin harreman estua duen ibilbide luzea egin dute elkarrekin 2003tik, elkar ezagutu zutenetik Dublineko jaialdi batean. Harrez geroztik, bere hainbat testu, eleberri eta poema itzuli izan ditu, atzerriko aldizkari ezberdinetan argitaratuak izan direnak. Miren Agur Meabek, bestalde, abesti bat itzuli zuen ingeleratik euskarara Gabantxo berak kanta zezan. «Gure artean badago kolaborazio bat, hartu eman bat, ez dela adiskidetasunean soilik geratzen», argitu du.

Publicidad

Bada, adiskidetasun eta konplizitate hori elkarrekin egiten dituzten lanetan islatzen da. Eta horren adibide da ere 'Burning bones' eleberriari esker jaso berri duen saria. Baina bere ibilbide profesionala ez da bakarrik hor geratzen: Gabantxo kolaboratzailea da hainbat literatura argitalpenetan, kritikari zein editore gisa. Euskara, literatura eta sormen-idazkera irakaslea izan da University of East Anglia-n, University of Chicago-n eta School of the Art Institute in Chicago-n. Azken urteetan Irlandan, Britainia Handian, eta Estatu Batuetan argitaratu eta jardun du.

Bere saiakerak eta fikziozko lanak Words Without Borders, The New Engagement, The Massachusetts Review eta The TLS argitalpenetan agertu dira, besteak beste. Hainbat sari jaso ditu, bere lanaren kalitatearen aitortza direnak, esate baterako, Wingate beka (2001), OMI Writers Translation Lab saria (2015), edo Etxepare - Laboral Kutxa itzulpen Saria (2018).

Publicidad

«Ezkutuan egiten den lana»

Azken sari hori, 2015. urtean sortu zen jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzeko, itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia. «Sari horrek sarritan ezkutuan gelditu ohi den itzultzaileen lana nabarmendu eta lehen lerroan jartzea du xede», adierazi dute, bestalde, Etxeparetik.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2021. urtean zehar argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan.

Publicidad

4.000 euroko sari bakarra ematen da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Sari horrek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. «Literaturaren alorrean, literatura-lanak eta laginak beste hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du», adierazi dute.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad