«Euskal sektore publikoa euskalduntzeko 15 urteko epemuga proposatzen dugu»
ELA eta LAB sindikatuek, eta euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia den Euskalgintzaren Kontseiluak helburu horrekin lortutako akordioa aurkeztu dute astelehen honetan
ELA eta LAB sindikatuek, eta euskararen aldeko gizarte eragileen bilgune nagusia den Euskalgintzaren Kontseiuak sektore publikoa euskalduntzea dute helburu, eta, astelehen honetan Bilbon eskainitako prentsaurrekoan nabarmendu dutenez, helburu hori lortzeko 15 urteko epemuga ezarri dute.
Publicidad
Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia eta Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorra izan dira agerraldian, eta herritarren eskubideak erdigunean jartzen dituzten bederatzi proposamen aurkeztu dizkiote Eusko Jaurlaritza prestatzen dabilen dekretuari.
Azaldu dutenez, bilatzen dutena da herritarrek une oro euskarazko zerbitzua jaso ahal izatea, baita langile euskaldunek euskaraz lan egin ahal izatea ere. Hau da, besteak beste, 15 urtetan administrazioko lanpostu guztietan euskarazko gutxieneko ezagutzak bermatzea eskatu dute.
«Auzi honi determinazio osoz eta atzerapenik gabe erantzuteko garaia dela uste dugu. Izan ere, kontuan izan behar dugu datozen urteotan langile publikoen erdiak hartuko duela erretiroa, eta belaunaldi aldaketa hori abagune aparta da administrazioa euskalduntzeko langile guztiei erreparatuko dien trantsiziorako prozesu batekin», adierazi dute. Ildo horretan, gaineratu dute euskarazko gutxieneko ezagutzak bermatuz bakarrik bermatuko dela euskaldunek euskarazko zerbitzua jaso ahal izatea, gaztelaniadunek bezala, eta, era berean, langile euskaldunek euskaraz lan egin ahal izatea.
Helburu horiek lortzeko izaera irekia erakutsi dute, izan ere, bide hori «eskubideak bermatzekoa da, eta ez da inoren aurka eraikitzen», diote. Ildo horretan, nabarmendu dute prozesu guztiak aurreikusi direla gaur egun administrazioetan lan egiten duten eta euskaraz ez dakiten langile publikoek hizkuntza jakin dezaten, «baita salbuespenak adinagatik edo beste edozein arrazoirengatik ikasi ezin dutenentzat ere».
Publicidad
Gainera, administrazioa euskalduntzea eta langileen eskubideak «bateragarriak» direla erakusten duen proposamena dela azpimarratu dute, argi utziz «Administrazioaren aldetik borondatea badago, langileen eta administrazioaren arteko esfortzu partekatuaren bitartez eskubide guztiak bateragarriak» izango direla.
Esan bezala, hiru eragileok aurkeztutako proposamena bederatzi multzotan banatu da: helburu eta epe zehatzak ezartzea; langileen beharrezko hizkuntza gaitasuna, euskarazko zirkuituak eta unitateak sortzea; derrigortasun indizearen sistema gainditzea; langileak euskalduntzeko formakuntza programa sendoa (formakuntzarako baliabideak eta liberazioak), lan poltsa eta deialdi berriak ekartzea; langileen mugikortasunari buruzko irizpideak eta hizkuntza erabilera irizpideak jarraitzea, eta, azkenik, derrigortasun data ez betetzearen ondorioak eta salbuespenetarako aukerak zehaztea.
Publicidad
«Eskuhartze larria»
Baina ez dira horiek izan prentsaurekoan planteatu dituzten gauza bakarrak. Izan ere, aipatutako guztia aurkeztu aurretik, hiru eragileek gaitzetsi egin dute aurreko astearteko Gasteizko Administrazio Auzitegiak udaltzainen lan poltsaren sarbiderako euskarazko B2 maila egiaztatu behar izatearen aurkako ebazpena, bai eta Auzitegi Gorenak iaz Irungo Udalak udaltzainei hizkuntza eskakizuna eskatzea atzera bota izanari aurkeztutako kasazio helegitea tramiterako onartu ez izana ere.
Hala, botere judizialaren «esku hartze larritzat» jo dute sententzia, eta epaileek «euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketen aurkako hizkuntza politika egiten» jarraitzen dutela salatu dute. «Horrelako epaiek agerian uzten dute araugintza sendoa behar dela, zirrikiturik gabekoa, eta, beraz, onartu beharreko dekretuak ausarta eta erabakigarria izan behar du», esan dute.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión