Zenbat aldiz gogoratu duzu pandemia heldu baino lehen ikusi zenuen azkenengo kontzertua? Ufff... nik aspaldi utzi nion zenbatzeari. Tristura baino ez nuen sentitzen. Egia da zenbait kontzertu ikusteko aukera izan dudala berrogeialdia amaitu eta gero. Baina askotan, pozik atera arren, 'ez da gauza bera' pentsatzen nuen. Rock and rollak hurbiltasuna behar du, saltoak, albokoarekin konplizitatea izatea... Baina denborarekin ulertu dut zuzeneko musikak behar duen gauza bakarra: entzuleak.
Publicidad
Zuzeneko kulturaren xarma ez da galdu. Egoera eta baldintzak aldatu dira, baina gainontzekoa bertan dago. Ez da inora joan. Izan ere, kontzertuak hain ohikoak ez direnez, gehiago gozatzen ditugu. Zuek ere sabelean korapilo bat nabaritzen duzue lehenengo akordeak entzun baino lehen?
Duela bi aste Zetak taldearen kontzertua ikusi nuen Arriaga Antzokian. 'Pandemiarik gabe, hau zoragarria izango litzateke!', pentsatu nuen lehenengo abestiekin. Musika elektronikoa eta melodia alai eta dantzagarriak. Farra on baterako behar diren osagaiak. Baina zuzenekoa aurrera zihoan heinean, nire jarrera aldatu zen. Zergatik itxaron behar pandemia amaitu arte? Neurri guztiak errespetatzen -hori eztabaida ezina da-, baina gozatzeko momentua zen. Pello Reparazek ere, hala adierazi zuen: «Ipurdia ahulkian eta musukoak ondo jarrita mantendu, baina dantza egin».
Ospatzeko arrazoiak baditugu. Zorigaizto ugari daude; baina -zergatik ez- areto edo antzokietatik kanpo utzi ditzakegu. Begiak itxi. Berriro ireki. Orain, begi-bistan duzuna baino ez da garrantzitsua. Kontzertuetan, zein zine aretoetan.
Aurreko astean 'Dardara' estreinatu zen. Berri Txarrak taldeak bere azkenengo biran grabatutako dokumentala da. Bandaren istorioa hobeto ezagutzeko aukera, eta, batez ere, bere musikak eragin duen guztiari erreparatzeko momentua. Musikari gazteak eta zale amorratuak. Abestiek gure bizitzaren parte garrantzitsua konta dezakete, eta hala da Marina Lameirok zuzendutako filmean gertatzen dena.
Publicidad
'Dardara' hitzak adierazpen ugari ditu. Musika bera dardara da, bibrazioa. Gure erraiak mugiarazteko gaitasuna. Eta birusa edo birusik gabe, kulturarekin dar-dar egiteko aukera ezin digu inork kendu.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión