Bizkaiko Auzo Ikastolei buruzko erakusketa Laukizera iritsi da

Urriaren 29ra bitarte egongo da ikusgai Probalekuan, eta 1919 eta 1937 urteen artean sustatutako eskola sarearen sorrera eta ondarea ekarriko ditu gogora

Martes, 7 de octubre 2025, 12:04

Orain dela hilabete batzuk Aldundiak 'Bizkaiko Auzo Ikastolak' erakusketa aurkeztu zuen Foru Liburutegian. Ekitaldi horretan nabarmendu zuten 1919tik 1937ra bitartean 125 auzo ikastola sortzen lagundu zutela (122 eraikin berriak ziren), hiriguneetatik urrunen zeuden landa-gune eta industria-guneetan. Bada, fenomeno hori behar bezala erakusteko eta toki ezberdinetatik igaro ondoren, erakusketa Laukizera iritsi da orain, eta bertan egongo da ikusgai urriaren 7tik 29ra bitartean.

Publicidad

Sare horrek eragin handia izan zuen Bizkaiko gizartean, herri eta auzo askotan hezkuntzarako aukera berriak ireki baitzituen, eta belaunaldi oso baten alfabetizazioa ahalbidetu ere. «Helburu nagusiak bi izan ziren: hezkuntza publikoaren onurak herritar guztiei zabaltzea eta euskararen erabilera bultzatzea irakaskuntzan. Bide horri esker, 9.000 haur baino gehiagok analfabetismotik ihes egin zuten», diote antolatzaileek.

Erakusketak hezkuntzaren eta kulturaren alorretan hain erabakigarria izan zen jarduketa hau interpretatzen laguntzea du helburu eta bertan ikusgai egongo dira garaiko objektu originalak, material grafikoak, erreprodukzioak eta dokumental historikoak, bisitariei garai hartako hezkuntza- eta gizarte-testuinguruaren berri emateko. Gainera, bertan jorratuko diren aspektuetako batzuk dira genesi historikoa, proiektuaren protagonista desberdinek izandako rola (Aldundiaren ekimena, Bizkaiko udalerrien, landa-eremuen eta bizilagunen inplikazioa…), ikastolen handitasuna eta hedapen geografikoa, eraikinen berezitasun arkitektonikoak, irakasleen bikaintasuna (gehienak emakumezkoak ziren), baliabide pedagogikoen modernotasuna eta aniztasuna edo barruko antolaketa berezi eta zorrotza.

Beraz, herritarrek aukera izango dute auzo-ikastolen garrantziaz eta euskal gizartean izan zuten eragin historikoaz sakonago jabetzeko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad