Bihar gaur da
Ursula K. Le Guin-en 'Oihan hitzean mundua' zientzia-fikzioko eleberria euskaraturik kaleratu dela eta, ohar batzuk
Mikel Ayllon
Jueves, 25 de noviembre 2021, 01:34
Davidson kapitainak begiak ireki ditu eta guk, harekin batera. Berehala ohartuko gara gureak ez diren denbora eta leku batean gaudela. Davidsonen buruan bueltaka, emakumeen kargamentu bat eta Zabor Uharteari buruzko txosten bat. Ez dira gure denbora eta gure lekua. Baina gero eta antz handiagoa daukate, zertarako ukatu.
Publicidad
'Oihan hitzean mundua' nobela laburra da Ursula K. Le Guin euskaraz irakurtzeko daukagun lehen aukera. Igela argitaletxearen eskutik dator eta Amaia Apalauza itzultzaile eta hizkuntzen ekilibristari esker. Gainera, hori gutxi balitz, Arrate Hidalgo itzultzailearen aitzinsolas eta Iban Zaldua idazlearen gibelsolas ezin jakingarriagoak ere eman dizkigute opari, bai eta Leire Urbeltzen azaleko irudi ikusgarria ere. Ondo gorde beharreko altxorra, inondik ere.
Le Guin (Ursula Kroeber da haren benetako izena) 1929ko urrian jaio zen Berkeleyn (Kalifornia). Antropologoa eta unibertsitateko irakaslea zuen aita, eta psikologoa eta idazlea, ama. Giro horretan, irakurketarekin zaletu zen berehala, bere hiru neba zaharragoen antzera, eta oso gazterik hasi zen idazten. Literaturan lizentziatu ondoren ekin zion eskuizkribuak hara eta hona bidaltzeari, baina argitaletxe nagusiek ateak itxi zizkioten. Beste nonbaiten bilatu behar izan zuen aterpea, ustez lehen mailakoa zen literaturan ez baitzegoen lekurik harentzat. Eta oraindik ere eremu askotan bigarren mailakotzat jotzen den zientzia-fikzioaren lurralde miresgarrira heldu zen.
Davidson kapitainaren ondoren ezagutuko ditugu 'Oihan hitzean mundua' nobelako beste protagonistak: Rai Liubov ikerlaria eta Selver, Athshe planetako jatorrizko biztanlea. Gizakiek egurra behar dute beren planetan, eta Selver eta bere herrikideak Lurretik Athshera joandako gizakientzat lan egitera behartuta daude, beren lurra besteentzat ustiatzera. Egoera jasanezina da Selverrentzat eta, Liuboven laguntzaz, Davidson eta beste gizakien aurka altxaraziko du bere herria.
«Zientzia-fikzioak, funtsean, gure errealitateaz hitz egiteko balio du, eta Le Guinek errealitatea ezin zehatzago erakusten digu»
Zehaztu gabeko etorkizuna
Liburuko mundua eta denbora ez dira gureak. Konturatu orduko, zehaztu gabeko etorkizun batean murgilduko gaitu egileak, Lur planetatik distantzia abisalera. Eta, hala ere, zehaztasun ia sinesgaitzez ari zaigu guri buruz hitz egiten. Gure munduaz eta gure denboraz. Le Guinek Vietnameko gerraren testuinguruan idatzi zuen kontakizun hau eta, orriak pasatzen ditugunean, napalmaren beroa senti dezakegu oraindik hatz-mamietan.
Publicidad
Baina Vietnamez ari delarik, Le Guin ez da soilik Vietnamez ari. Selverrek berak gaztigatzen digu Athshetik: «Gosse jauna, badakit zer den errealista izatea. Liubov eta biok mintzatuak gara halako kontuez. Gizon errealista batek mundua zein bere ametsak ezagutzen ditu. Zuek ez zaudete burutik sano: zuen arteko milaren artean ez da izanen bakar bat ere amesten dakienik. Liubovek ere ez zekien, eta bera zen zuen arteko onena. Zuek, lo egin, iratzarri, eta ametsak ahaztu egiten dituzue, eta gero berriz lo, eta berriz iratzarri, eta hala ematen duzue bizi guztia, eta gainera pentsatzen duzue hori dela izatea, bizitza, errealitatea!».
Le Guinek Vietnameko gerraren testuinguruan idatzi zuen kontakizun hau… Baina Vietnamez ari delarik, ez da soilik Vietnamez ari
Zientzia-fikzioak, funtsean, horretarako balio baitu, gure errealitateaz hitz egiteko, eta Le Guinek errealitatea ezin zehatzago erakusten digu kontakizuneko lerroarte bakoitzean. Erraz identifika ditzakegun Vietnameko gerraren zenbait ezaugarriez gain (lurralde urrunak kolonizatzera doan ejertzito indartsu bat, haren aurka gerrilla-gerra bidez altxatzen den tokiko gizartea, sutan dagoen lurralde bat…), bada gure denborarekin zuzenean solasean ari den beste hari-mutur argigarri bat: krisi ekologikoarena, azken muturreraino ustiatutako lurrarena.
Publicidad
Izan ere, Le Guinek liburuz liburu eraiki zuen zientzia-fikziozko unibertsoa gure gaur egungo errealitateaz hausnar egiteko osagaiez bete-betea dago. 'Oihan hitzean mundua' baino lehen, 1969an, bere liburu entzutetsuenetako bat eman zuen argitara, 'The Left Hand of Darkness' (Iluntasunaren ezker eskua). Zientzia-fikzio feministaren liburu aitzindaria da, eta generorik gabeko gizarte bati buruz hitz egiten digu Le Guinek, nola-halako utopia bat balitz bezala. Urte batzuk geroagokoa da 'The Dispossessed' (Desjabetuak), 1974koa, hain zuzen ere. Egilearen zientzia-fikzio utopikoaren erakusgarririk behinena da nobela hori, eta Anarres planetako gizarte-antolakuntza anarkistaren gorabeherak modu ezin sinesgarriagoan kontatuta ikusiko ditugu.
Utopia
Urrats bat aurrera egin guk eta bi urrats atzera egiten du berak. Ibili eta ibilita ere ez dugu sekula harrapatuko. Galdera, beraz, saihetsezina da: zertarako balio du utopiak? Eduardo Galeanok erantzun zion gure galderari: «horretarako balio du, ibiltzeko».
Publicidad
Literaturak, zientzia-fikzioaren eskutik eskuarki, mota guztietako utopiak asmatu dizkigu, geldi egon ez gaitezen. Bai eta utopien neba ilun eta gorrotagarriak diren distopiak ere. Azken horiek askoz gehiagotan, zintzoak izate aldera.
Zorionez, Le Guinen oihan kiskaliaz gain, euskaraz ezagutzen ditugu beste mundu berri gozo zein garratz batzuk ere. Esate baterako, alde ilunean, Aldous Huxleyk 1932an argitaratu zuen 'Bai mundu berria', 1971n Xabier Amurizak euskarara ekarri zuena. Kezkarik gabe eta drogen mende bizi den gizarte hedonista bat. Edo George Orwellen '1984' sonatua, Oskar Aranak itzulia, dena ikusten duen begi handi baten zaintzapean bizi den gizartea. Eta ezin aipatu gabe utzi Nagore Tolosak euskaratutako Ray Bradburyren 'Fahrenheit 451' distopia, liburuen beldur bizi den gizarte batekin.
Publicidad
Alde argian, aldiz, lehen aldiz utopiari utopia deitu zion Tomas Mororen 'Utopia' liburu klasikoa daukagu. 1516an argitaratua, 1992tik da euskararen unibertsoaren parte, Piarres Xarritonek egindako itzulpenari esker.
Nolanahi ere, zientzia-fikzio utopiko eta distopikoaren idazle handienetako batzuk euskaraz irakurri ahal izateko zain egon beharko dugu oraindik. Inon ez dauden, baina, aldi berean, gurearen hain antzekoak diren Octavia E. Butlerren edo Philip K. Dicken munduak falta zaizkigu oraindik gure hizkuntzan. Ardiekin eta Rick Deckardek euskaraz hitz egingo digun egunarekin amesten segitu beharko dugu.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión