'Betiko' kontuak
Josu Jimenez Maiaren poesiak genero honetan ohikoak diren gaiak erakusten ditu, 'Aingurak eta arrangurak' izenburuko idazlan honetako testu batean adierazten den bezala: «…emadazu orri txuri bat/ ea betikoa adierazteko/ poema berri bat/ idazten dizudan» irakur dezakegu. Idazlea kontzientea da, beraz, betikoa kontatzen duela, eta ez da alferrikako itxurakeriatan galtzen. Betikoa. Izan ere, poema horretan adierazten den jarreran poesiaren funtzioa bera ere laburbilduta agertzen zaigu, poesian 'betikoa' kontatzen baita beti. Baina betikoa delarik, funtsezkoa ere bada poesiaren bidez adierazi nahi zaiguna. Zeintzuk dira Jimenez Maiaren poemetan agertzen zaizkigun kontuak? Gizakiaren ardura erakartzen duten oinarrizko gaiak. Alde batetik, bizitzak berak sortzen duen nekadura existentzialaz hitz egiten zaigu testu horietan, izateak bere baitan akiduraren ajea baitu, izateak, berez, desizatea baitakar berarekin.
Publicidad
Aingurak eta arrengurak
-
Egilea: J. Jimenez Maia. Olerkiak.
-
Olerkiak Arg: Pamiela. 88 orr. 20 euro
Poema hauetan agertzen zaigun beste gai bat bakardadearena da. Hau ere existentzialismoz zipriztinduta azaltzen da, zeren ez baita momentu jakin batean bakarrik egoteaz hitz egiten existentziaren berezko ezaugarri batez baizik. Eta bakardadearekin batera, heriotza ere aipagai da liburu honetan. Baina bizitzak aurkezten dituen alderdi negatibo hauei guztiei alde positiboak kontrajartzen zaizkie. Bakardadea eta heriotza hizpide izateaz batera, amodioa ere aipatzen da, bere indar osagarriaz hornitua. Poesiaren indarra ere gai garrantzitsuetako bat da, amodioarekin batera poesiak existentzia nolabait osatzeko ahalmena duelarik, hitzaren bidez unibertsoa atzeman baitaiteke.
Edonola ere, liburu honetan aurkezten zaigun poesia orokorrean idealista da, beste mundu batekin, gureari zentzua eman diezaiokeen beste mundu batekin, kontaktuan jartzen baitu gizakia. Baliabide erretorikoen artean nabarmena da aliterazioaren erabilera. Hitzen artean sortzen diren hoskidetasunek kontzeptuen arteko loturak inplikatzen dituzte, itxuraz lokabeak ziren ideiak erlazionatuz. Lehen esandakoa, 'betiko' kontuak azaltzen zaizkigu, eta hain zuzen ere betikoak direlako, hain interesgarria iruditzen zait liburu honen irakurketa.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión