Joe Biden, orain dela egun batzuk. Efe
Territorios

Zahar baten gaitasuna

Gogoan dut, gure semea txikia zela, batzuetan, etxetik ateratzerakoan gugandik hurbil bizi zen edadeko gizon batekin egiten genuela topo. Gizona erretiratua zegoen eta lan bizitzaren azken urteetan kargu ospetsua izan zuen, agintzera ohitua zegoen. Bada gizon hori hurbiltzen zitzaigun eta konta-kontari eten bati ekiten zion. Ezin ihes egin modu dotorean gizonaren kalakari.

Publicidad

Halako batean, gizona hurbiltzen ari zitzaigula ikusi nuenean, semeari esan nion minutu gutxiren buruan has zedila niri galtzetatik tira egiten, nire arreta modu nabarmenean eskatzen, mainak eta guzti. Kostata ulertu zuen, azkenean, zer zen eskatzen niona, ordurarte egin zuenaren kontrakoa zelako. Esan nion bestela gizonak ez zigula utziko egin behar genuena egiten.

Ume gutiziatsuarena egin ondoren abiatu ginen gure zereginetara. Orduan esan nion inoiz, etorkizunean, edadeko gizonak gurekin egiten zuena ni beste batzuekin egiten hasten nintzela ikusten bazuen, mesedez eta faborez, abisua eman behar zidala, norbera izan daitekeelako ohartzen azkena.

Azken egunotan Bidenekin gertatzen ari dena ikusterakoan etorri zait gogora pasadizo hori. Estatu Batuetako presidenteak hauteskunde giroko eztabaida batean zalantzati azaldu zela, haria ezin aurkiturik, tarteka noraezean eta mundu guztia hasi da Bidenen osasun mentala aztertzen, zaharregi dela esaten. Arazoa ez litzateke inoiz adina izango, adinarekin batzuetan gerta daitekeen galera baizik.

Ez naiz nor erabakitzeko zein den gaur Bidenen osasun mentala. Baina debate hartan gertatutakoa errepikatuko balitz, norbaitek esan behar lioke gizonari hobe duela atzera egin, hobe duela postua beste norbaiten esku utzi. Aldameneko norbait, maitasunez eta zintzoki hitz egingo lukeen norbait. Ondoren, noski, pertsona horrek esandakoa aintzat hartu beharko luke Bidenek.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad