El Euromillones del viernes: comprobar resultados del 5 de diciembre

George Herbert Leigh Mallory

Miércoles, 30 de junio 2021, 17:02

George Herbert Leigh Mallory 1920 urte inguruan Britania Handiak Everestera egin zituen lehen espedizioetan parte hartu zuen alpinista mitikoa izan zen. Joan den astean bere urtebetetzea izan zen (1886-06-18).

Publicidad

1924ko ekainaren 8an, Malloryk eta Irvinek Everesteko gailurreranzko saio egin behar zutela deliberatu zuten. Gero misterio bilakatu ziren. Izan ere, ez ziren mendi erraldoitik inoiz ere jaitsi. Misterioa da ez dakigula tontorrera heldu baino lehen desagertu ote ziren, edo hura zapaldu ondoren erori ote ziren garai hartako amildegietatik. Noel Ewart Odell izan zen biak bizirik ikusi zituen azken pertsona. Argazki batean ikusten ziren hodeiak erabat estali baino lehen.

Biak hilik. Malloryk 37 zituen, Irvinek 22. Mallory garai hartako eskalatzailerik onena zen askorentzat.

Malloryren gorpuzkin izoztuak 1999ko maiatzaren 1ean topatu ziren Everest mendiaren maldetan, 8.170 metrotan, galdu eta 75 urteren buruan (Eric Simonsonek zuzendutako espedizio hark Everesteko iparraldeko isurialdera joan zen Mallory eta Irvineko gorpuak aurkitzen saiatzeko) eta bestearenak hauts bilakatu ziren. Gaur egun, eta bila joateko beste espedizio bat antolatu bada ere, ez da inolako arrastorik ediren.

Espedizioak Malloryren gorpua aurkitu zuenean kontserbazio egoera onean zegoen, momifikatuta, gailurretik 521 metro beherago, arrokari itsatsita. Ezker hankako tibia eta femurra hautsita zeuden. Behin, une horretaz honako fantasia idatzi nuen: «besoak harrietan iltzaturik, gehiago ez erortzeko ahalegin efimeroa egin nahiko balu bezala; bizitza efimeroa, arnas efimeroaren truke. Gerriaren eta bizkarraren bueltan soka apurtuaren zatiak zituen, istripua alimaleko erorikoa izan zen seinale. Amerikar espedizio batek kausitu zuen gorpu kolorgearekin batera, zenbait elementu pertsonal agertu ziren jakaren barruko poltsikoetan: oxigeno kontsumorako zehaztapenen gaineko zirriborroak (zehazki kalkulatuak), erositako eskularru pare baten faktura txikia (ezin asmaturiko prezioarekin), lore zati ihartu bat (pistiloak, kolore higatuzko petaloak, polinizazio faltsurako elementuak), eguzkitarako betaurreko kraskatuak (heriotzan eguzkirik ez), eskalatzen ari ziren mendiaren argazki desenfokatu bat (bizitzari begiratzeko modu ebidentziala, desenfokea eta, era berean, faszinazioa), eta lehen orrialdean You have given me the greatest possible happiness dedikatoria zekarren liburu txiki bat (literaturarekiko plazer altua). Liburu honen titulua The Voyage Out (Bidaiaren amaiera) zen.»

Aztarna haiek haitzetik suntsitu gabe kentzea ezinezkoa zenez, harriekin estali zuten berriz, azken hilobi bat balitz bezala. Aurkikuntza hark baina, ez zuen misterioa konpondu, espedizioko kideek Malloryk zeraman kamera topatu nahi baitzuten. Izan ere, Kodakeko teknikariek ziurtatu zuten urte horietan erabiltzen zen filma berezia zela eta tenperatura baxuetan ondo kontserbatzen zela, hortaz, oraindik gailurrean ateratako argazkiak lortzea posible izango zela. Baina kamera ez zen agertu.

Publicidad

Abenturazale eta alpinista harrigarria izan zen Malloryk. Behin, guztiok gogoratzen dugun esaldi sakon hau esan zuen: «Han dagoelako ... Everest munduko mendirik altuena da, eta inor ez da gailurrera iritsi. Bere existentzia erronka bat da. Erantzuna instintiboa da, gizakiak unibertsoa konkistatzeko duen nahiaren zati bat dela uste dut».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad