Herritarren hitza
Domeka honetako hauteskundeetako garaile nagusi eta bakarra EAJ izan da, bai atzetik geratu direnei ateratako aldeagatik zein Legebiltzarrean itunetarako izango dituen aukera zabalengatik. Urkullu lehendakariaren eta bere alderdiaren kudeaketa moldeek babes zabala jaso dute hautestontzietan, 400.000 botoren mugan geratzeraino
JOseba arruti
Martes, 27 de septiembre 2016, 00:52
Maiz hitz egiten da alperrik euskal herritarren borondateaz, norbere mesederako. Baina bertoko hauteskundeak heltzerakoan, bozemaile bakoitzak zehazten du gurari kolektibo hori, argazki ezin argiagoa osatuta. Hori jazo da oraingoan ere, batzuei konfidantza eman eta besteei kenduta. Eta sailkapen horretan EAJ da jaun eta jabe, duela lau urteko emaitzak bi legebiltzarkidetan eta ia 13.000 bototan hobetuta. Eguneroko arazo premiazkoenei erantzun egokiak emateaz gain, erdibidetik batera eta bestera begiratu eta itunak lortzeko borondate horrek eraman ditu jeltzaleak gailurrera. Europa mailan ohiko alderdi politikoak atzeraka ari diren bitartean, EAJk sendo eusten dio bereari, babes maila handituta.
Publicidad
Egonkortasuna berez baliozkoa da politikan, baina ez da nahikoa. Adibidetzat, horra hor Espainia mailan azken lau urteotan PPri jazotakoa. Gehiengo osoko garaia egonkorra izan zen, bai, baina txarrerako herritarren iritziz. Oso bestelakoa da Euskadin gertatutakoa. Urkullu lehendakaria egonkortasuna akordioen bidez ereiten saiatu da behin eta berriz, eta apustu horrek, abiarazitako kudeaketa moduek jasotako onespenarekin batera, herenegungora eraman du EAJ. Hiru lurraldeetan eta udalerri gehien-gehienetan irabazi du, inork zalantzarik ez izateko mailan. Beraz, horri dagokio Jaurlaritza berria osatzea, orain arteko formula berarekin, bakarka eta itun egonkor antzekoak bilatuta, edo koaliziokideren bat aukeratuta.
Aurrekanpainan Arnaldo Otegi lehendakariarengatik ikuspuntu abertzaletik gaizki esaka aritu zen, beti zuzen dabilela uste duenaren harropuzkeriarekin. Eta abertzalegoaren erantzuna desafioaren tamaina berekoa izan da. Eredu bien artean aukeratzekotan, 397.664 lagunek EAJren bidea hobetsi dute, eta 224.254 EH Bildurenarekin lerratu dira. Hori da abertzaleen borondatea, eta herritarrez eta borondateez horrenbeste hitz egiten dutenek ez lukete ahaztu behar. Inora ez daramaten jauziak barik, herrigintza, eraikuntza nazionala dute nahiago euskal nazioan sinesten dutenek.
Hauteskunde gauean EH Bildukoek adierazitako poza euren egoera politikoaren isla da. Udal eta foru hauteskundeetan zein orokorretan jasandako zartaden ostean, koalizioko kideentzat nahikoa da duela lau urte baino lau legebiltzarkide eta 53.000 boz gutxiago lortzea. Jeltzaleen aurka batutakoek osatzen dute neurri handi batean laukote hori, abertzalegoan izan duen nagusitasun historikoa, eta horrekin batera Jaurlaritza, kentzeko asmoz bildu zirenek. Baina ez zuten 2012an lortu, eta are gutxiago oraingoan. Ezin esan daiteke tarteon EH Bilduk egindakoak alternatiba izate nahi hori indartzeko lagundu dionik. Besteak beste, Gipuzkoako Aldundiak aurreko legealdian ezarritako ildoak nahikoa izan dira hainbat herritar uxatzeko. Koalizioaren agendak lehen baino babes txikiagoa du eta errealitate horretatik ekin beharko diote estatus politiko berria hitzartzeko prozesuari. Ezker abertzalea behar-beharrezkoa da joko arau berrien eta bizikidetza ereduaren zehaztapenean, baina duen indarraren mailan.
Latzagoa izan zen gaua Elkarrekin Podemos-eko kideentzat. Baina ez da harritzekoa. Pili Zabala lehendakarigaia borondate oneko emakumea da, profesional aparta eta terrorismoaren biktima. Baina heldu gabe dago lidergo politikoak eskatzen dituenetan. Zalantzati agertu da bere agerraldietako askotan, indarrik gabe. Beranduegi aukeratu zuen bere hautagai nagusia Podemos-ek, eta nabaritu zaio. Baina porrotaren errua ez da berea. Moreen indargunea Madrilen dago, ez Euskadin. Estatu mailako alternatiba zorrotza izan zitezkeen neurrian gailendu ziren hemen, baina ez bertoko zuzendaritzaren eta dinamika politikoen eraginez. Hemengoa lehenetsi behar izan denean, EAEko Podemos-en gabezia guztiak geratu dira agerian, sakoneko gaietako askotan iparra eta hegoa ezin bereiztekoa zein barne batasun nahikoa falta izatearena. Estrainekoz aurkeztuta 11 legebiltzarkide lortzea ez da txarra -Eusko Alkartasunak 1987an 13 bildu zituen-, baina, testuingurua aintzat hartzen bada, uste izandakoaren oso azpitik dago. Duela hiru hilabete, hauteskunde autonomikoak irabaz zitzakeela sinetsita zeuden Podemos-eko kide asko, behintzat bigarren izan zitezkeela, baina EH Bilduren oso atzetik hirugarren geratzea eta horrekin batera ere EAJk baino indar parlamentario txikiagoa izatea ezusteko gogorra izan da eurentzat. Hala ere, politika zaharreneko zenbait kideren antzera, errealitatea ezkutatzen saiatu eta pozik agertu zen Nagua Alba idazkari nagusia.
Publicidad
Dena den, dezente txarrago dagoenik ere ez da falta. PSE-EEk sekulako kolpea pairatu zuen domekan, 1980tik honako gogorrena. 16tik 9ra jaistea, eta lehenago 25etik 16ra, bere norabidearen erakusgarri da. Huts egin dute sozialistek euren lehentasunetan, eta Eusko Jaurlaritzari babesa eman ostean herritarren oniritzia duten politikak eta moldeak garratz kritikatzerakoan. Espainia mailakoek zuzenean eragiten dute EAEko sozialistengan, baina zerbait gehiago ere badago. Badira faktore endogenoak, euren egitasmoa eguneratzen ez asmatzearena eta halakoak. Euskal gizartea, eta PSE-EEren ohiko bozemaile izandako askoren seme-alabak, aurrea hartuta doaz euskararena edo nortasun nazionalarena bezalako gaietan, eta horrek azal lezake, neurri batean, Elkarrekin Podemos-ek egin dien zuloa.
Hauteskunde gau paradoxiko eta bitxiena PPrena izan zen, zalantza barik. Oso emaitza txarrak algaraz ospatu zituzten, are okerragoak izan zitezkeen aitzakiarekin. PP ez da ezinbestekoa Eusko Legebiltzarrean, eta ez dauka indarrik estatus berriaren negoziazioari betorik ezartzeko. Baina, gainera, ezin izango luke Madrilen ere gerarazi. Eta, zalantza barik, Estatutua eguneratzeko gogo gutxien dutenak izanda, horrek kezka eragingo die. Espainiarekiko atxikimenduaren mezua baino askoz gehiago behar izango dute EAEn eragingarri izateko.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión