Bizkaiko eta Arabako txakolinak indartu egin dira
Bi jatorri-deituren aurtengo ekoizpenak markak hautsi dituzte eta, aldi berean, kalitate handiko uztak espero dituzte biek
virginia enebral
Domingo, 21 de febrero 2016, 00:20
Nahiz eta behin-betiko kalifikazioak oraindik ez jakin, dagoeneko egin diren katak nota ona jarri diete Bizkaiko eta Arabako txakolinen aurtengo uztei. «Komitearen puntuazioa iaz baino hobea izan da», onartu du Iñaki Aretxabaletak, Bizkaiko Txakolinaren presidenteak. Gauza bera adierazten du Jose Antonio Merinok, Arabarako Txakolinaren idazkariak: «Ez genuen hain kalitate oneko mahatsa espero, baina ardoaren kalitatea egundokoa da». Gainera, aurtengo ekoizpen kopuruak marka guztiak hautsi ditu, hots, iparraldeko probintzian %13ko gorakada izan du, ia 1.784.000 litrotara heldu arte, eta barrualdekoan, ostera, %14ko gehitzeari esker 550.000 botila baino gehiago ateratzea espero dute. Lortu dituzten emaitzak ezinezkoak izango lirateke klimatologiaren laguntzarik gabe. «Udazkena mesedegarria izan da, batez ere, iraila, eta hilabete hau ona bada, uzta ondo irteten da», ziurtatu du Aretxabaletak. Merinok irailan egindako eguzkia ez ezik, udaberrian jo zuen haize leuna ere eskertu du. «Haizeak izurriak garbitu zituen».
Publicidad
Dena den, hemen amaitzen dira bat-etortzeak. 1994an sortutako jatorri-deiturak upeltegien murrizketa jasan du landatutako azalera gehituz joan den bitartean. «Eskaintza eta eskaria orekatu behar dira; hortaz, merkatuan lehiatzeko txikienek batu behar izan dute». Honen ondorioz, mahastizain kopurua urtero jaisten joan da, edo bestela esanda, hirurogeita hamarren bat desagertu egin dira azkenengo zazpi urteetan berrehun gutxi gorabehera geratu arte. «Orografia eta klimatologia aldakorragatik, gure ekoizpen gastuak altuak dira. Aurre egiteko eta produkzioa errentagarri bihur dadin, kooperatibak sortuz indarrak elkartzen dituzte», azaldu du Aretxabaletak.
Euskal Herriko txakolinaren jatorri-deitura gazteenak kontrako ibilbidea darama. Upeltegi eta mahastizainen kopurua handitu arren, plantazioen azalera orain dela bost urte gelditu egin da. «2002an, hasi genuenean, 25 ekoizle eta upeltegi bat baino ez zeuden; gaur egun, berriz, mahastizainak bikoiztu egin dira eta zortzi bodega gara jada. Hortik, garai hartako 50.000 botilak 550.000 izatera pasatu dira; beraz, nahiz eta txikiak izan, aurreratze onuragarria izan dugu. Halaber azalera hasieran ere ugaldu zen, baina 2009an 100 hektaretan planto egin genuen. Nahiago dugu neurritasunez hazi».
Esportazioak
Bizkaiko zein Arabako Txakolinak etxean saldu ez ezik, kanpora ere begiratzen dute salmentak hobetzeko. Eta Euskal Herriko ardoek arrakasta dute atzerrian, batez ere, Estatu Batuetan eta Japonian. Lehenengoak %9,3ko igoera izan du barrualdeko merkatuan, baina jauzi handiena esportazioetan eman du, %22a. Iparramerikar eta nipondar merkatuak finkatzeaz gain, Erresuma Batuan eta Holanda indarrez sartu da. «Promozio ugari egin ditugu, batzuk Bilboko Merkataritza Ganberaren laguntzarekin». Kanadan eta Mexikon, aitzitik, beherakada nabarmena izan du. Hala ere, merkatu berrien salmentak galdutakoak baino handiagoak dira. «Jarraipena beharrezkoa da, baina behar den aurrekontua itzela da eta askotan ezin gara nahi genukeenari heldu», aitortu du Aretxabaletak. Euren asmoa astiro-astiro aurrera egitea da. «Kalitatea gero eta hobea lortuz kontsumitzaileak gehiago sinestuko dute gure produktuan».
Merinok ere esportazioen garrantzia azpimarratu du. «Orokorreko salmenten artean %20a izan da». Dena den, erronkarik handiena Araban daukate. «Azkenak ailegatu gara, horregatik ezezagunenak gara Bizkaiko eta Getariko txakolinarekin alderatuz. Gureak, barrualdekoa izateagatik, ez du kostaldeko bizigarritasuna; graduazioa, aldiz, handiagoa da. Nortasun eta konplexutasun handiko ardoak dira. Ezagutu gaitezen da gure erronka, hain zuzen ere. Batzuk ez gaituzte ezta etxean ezagutzen, Gazteizen esaterako. Promozio ugari egin behar ditugu gure presentzia indartzeko».
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión