Flauberten jaiotzaren berrehungarren urtea ospatzen den honetan, hizpideak ekarri zuen lagun arteko solasaldian, bazkari xume baina eder baten ostean, dema moduko bat, ea nor ote zen idazle hobea, alegia gustagarriagoa, Flaubert ala Victor Hugo. Bataren eta bestearen aldeko argudioak aireratu ziren, adinaren atzeko atean egotearen lasaitasunez, batetik, eta kontrakoak ere bai, gaztetasunaren suharraz, bestetik. Biak ala biak ditugu maiteak, baina gaur egun, nik neuk bederen, Flaubertena baino Hugoren zaleagoa naizela defendatuko dut.
Publicidad
Victor Hugok Euskal Herria bisitatu zuen: «Euskara aberria da, ia erlijio bat. Esaiozue euskal hitz bat baserritar bati mendian; hitz hori baino lehen ez zineten inor berarentzat. Gero, anaia zara. Espainiera frantsesa bezain atzerritarra da hemen». 1843an igaro zen hemendik, udako hilabete luzeetan. Batzuk gai izan dira, askoz denboraldi laburragoan, kezkarazi gaituen arazoari ez ezik, haren irtenbide seguruei buruzko tesiak ere idazteko, eta ez nolanahikoak; eta badira halakorik egiteko gaitasuna eta trebezia erakutsi dutenak ere, hondartzatik irten gabe, gainera, edo pintxo artean eta Guggenheimera ezkutuko bisitaren bat eginez. Modernoa izan behar da etenik gabe, jakina. Victor Hugok orduko gerra zibilaren hondamendiak bistaratu zituen. «Herrietan bi herenak suntsituta daude. Karlistak, giristinoak. Gipuzkoan eta Nafarroan gerra zibila piztu zen, orain sei urte. Espainian, errepide ona nonbait gerrarena da; gaur egun, lapurra baino ez dabil bertatik. Lapurrak ugari dira». Hugok 'chouannait' aditza erabiltzen du, 'chouan' substantibotik ekarria. Euskal baliokidea 'matxino' hitza izango litzateke, nik uste. Nahiko ondo ulertu zuen zer gertatzen ari zen Euskal Herrian, eta ikusitakoak biziki hunkitu zuen. Bazekien zertaz ari zen, berehala ulertu zuen triskantzaren arrazoia. Vendéeko gerraren lekuko izan zuen aita, eta bere azken liburuak guzti haren izugarrikeria islatu nahi zuen: 'Laurogeita hamahiru'. «Herri xarmanta, basati samarra», idatzi zuen askoz geroago, urrun. Xuanak eta karlistak, adiskide.
Pozik irakurri dut eleberri hori, pozik irakurri dudan bezala 'Les misérables' lan eskerga. Lamartinek liburu horretaz idatzi zuen: «Jendeari gogoan ezarri dakiokeen pasiorik hilgarrien eta izugarriena ezinezkoaren pasioa da». 'La tentación de lo imposible' da, hain zuzen, Vargas Llosak Hugori eskaintzen dion liburua. Chateaubriandek, nola ez, orrialde beroak eta grinak jotakoak eskaini zizkion Vendéeko matxinoei. Haren irudian, askatasunaren aldeko gerlariak ziren, errepublika suntsi-tzaile, erregejale eta kristau-hiltzailearen aurka altxatuak. Hau idatzi zuen 'De la Vendée' liburuan eta hitzaurre gisa ere har daiteke: «Iraultza jadanik amaituta zegoen lehertu zenean: oker handia da monarkia irauli duela sinestea; geratutako hondakinak sakabanatu besterik ez du egin, iraultzak izan duen erresistentzia eskasak adierazten du hori egia dela. Nahi izan duenak nahi adina jende hil du; berez bezala egin dira deliturik bortitzenak, ezer existitzen ez zelako, eta hildako gizarte bati eragiten zitzaiolako. Frantzia zaharra Condeko armadan eta mendebaldeko probintzietan bakarrik agertu da bizirik iraultzan».
Frantzia zaharra, Jainkoa eta lege zaharrak, esanahi bera hizkuntza ezberdinetan.
Geroko literaturaren zati handi bat, nazionala eta ez-nazionala, Hugok gure lurralde honetan erortzen utzi zituen kontzeptu eta baieztapenetatik elikatu da, besteak beste. Gerra karlistek, beren heroi, gerrillari, kontrabandista eta guzti, 98ko idazleen eleberri askoren atzeko oihala marraztu zuten: Unamuno, Valle Inclán, Baroja…
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión