Borrar
Sugaar-ek Marirekin batera hierogamia edo eztei sakratua osatzen du, modu paganoan ulertuta. E.C.
Sugeen ezteiak euskal mitologian

Sugeen ezteiak euskal mitologian

Alde batetik herensugea dugu, zazpi burudun animalia. Bestalde, hor daukagu Sugaar, Sugoi edo Maju deituriko suge arra, Mariren senarra

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Martes, 16 de enero 2018, 00:26

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Sugeen istorioek munduko mitologia gehienetan izan dute presentzia handia. Esate baterako, 'Enûma Eliš' Babiloniako kreazio mitoan, Marduk heroiak Tiamat suge antzeko itsas izakia erail zuen haren gorputzaren hondarrekin mundua sortzeko. Hebrearren Itun Zaharrean, jainkoak Leviatan munstroa erdibitzen du nahiz eta Salmoek dioten jainkoak berak itsasoan jolasteko sortu zuela piztia. Indoeuropar eremuan aski ezaguna da Sigurd edo Sigfridoren saga, non Sigfrido gerrariak Fafnir dragoia ezpataz hiltzen duen. Sugeen eta dragoien mitoak hain barreiatuta daude munduan zehar ezen D.E. Jonesek bere 'An instinct for dragons' (2000) liburuan esaten baitu sugeen irudia instintuari lotuta dagoela burmuinean eta horren ondorioz, behin eta berriro sortzen ditugula dragoien sinboloak eta istorioak. Nahiz eta mito hauetan pertsonaia nagusia berdintsua den -sugea, herensugea, dragoia-, ezberdintasunak azpimarratu behar dira.

Euskal mitologian, sugeen agerpena modu anitzetan gertatzen da. Alde batetik herensugea dugu, zazpi burudun animalia, giza haragiz elikatzen dena. Aipatu asiar mendebaldeko eta indoeuropar tradizioetako irudiekin dauka zerikusia, pertsonaia gaizkilea delako, lepoa moztu behar zaiona. Joxe Migel Barandiaranek berak ere 'Diccionario de mitología vasca' liburuan zioen herensugearen figura berantiarra dela. Bestalde, hor daukagu Sugaar, Sugoi edo Maju deituriko suge arra ere. Mariren senarra omen da eta ez da gizakiaren aurkari zuzena, suntsitu beharrekoa. Beraz, Marirekin batera hierogamia edo eztei sakratua osatzen du, 'sakratua' modu paganoan ulertuta beti ere. Hierogamiaren adierazle da Azkoitian aipatzen omen zena, alegia, Marirekin biltzen denean ekaitza sortzen dela. Hau da, izaki biak bateratzerakoan, maskulinoa eta femeninoa, errealitatea sortzen dute, ontogenesia gertatzen da.

Bikiak

Indoeuropar mitologian bikoteen agerpena bestelakoa da. Bikote ezagunena, Dioskouroi anaia bikiena da ('Zeusen mutilak' esan nahi du Dioskouroi). Sexu bereko anaiak direlako, bikien kasuan esan daiteke hierogamia ez dela gertatzen. Hala ere, bikiek Helena dute arrebatzat, eta Jaan Puhvelek 'Comparative mythology' liburuan aipatzen zuen ez ote den estalitako anaien bikote sexuala izango. Martin L. Westek ‘Indo-european poetry and myth’ liburuan aukera hori baztertzen du.

Bere ustez, bikiei dagokie Helenaren bikotegaien lehiaketa antolatzea, baina ez bere hautagaiak izatea. Bikiek nolabaiteko isla daukate Mariren zikloan ere, Mikelats eta Atarrabi anaien irudietan, baina euskal mitologian Sugaar eta Mariren hierogamiak posizio zentrala hartzen du, anaiena periferikoa edo mendekoa da. Beraz, sugeen bikote kreatiboa dugu euskal mitologian. Indoeuropar eremuan, ordea, posizio zentrala dragoi erasotzaile eta pozoitsuaren suntsipenak okupatzen du.

«Azkoitian aipatzen zen Sugaar edo Sugoi Marirekin biltzen denean ekaitza sortzen dela»

«Sugeen istorioek badituzte euskal mitologian indoeuropar mitoekin loturak»

Ba al dago beste suge irudirik mitologia konparatuan Sugaar-Marirekin konparatu daitekeenik? Nire ustez, Greziako Atika (Atenas eta inguruko lurren) eskualdeko mitologian antzeko figurak azaltzen dira. Alde batetik, Zekrops dugu, Atenasko lehen erregea, lurretik jaioa eta erdi-suge erdi-gizaki dena. Zekropstarrak dira beraz atenastarrak, mitologiazko genealogiaren arabera. Atenasko Akropolian Zekrops da Atenearen suge formako bikote maskulinoa, eta Martin P. Nilssonek bere 'Geschichte der griechische Religion' liburuan aipatzen zuen Atenea jainkosa bera ere garai primitiboetan sugea izan zitekeela. Aipatu behar da, gurtzan ere, Zekropsen hilobia Atenearen santutegian kokatuta dagoela. Ezteien irudia Atenearen beste bikotekidearekin ere azaltzen da, Hefestorekin alegia. Hefesto suaren jainkoa da eta Atenearekin haur bat sortu zuen: Erichtonios. Azken honen izenak esan nahi du 'oso-lurrekoa' (eri-chtonios) eta Chalkeia festibalean Atenearen eta Hefestoren ezteiak ospatzen ziren. Bederatzi hilabete geroago, Panathenaia festibala ospatzen zen. Bertan neska saski-eramaileei (arrhêphoroi) saskian zeramatena ez zitzaien ikuskatzen uzten, estalita baitzihoan Erichtonios suge-haurra.

Sugeen istorioek badituzte euskal mitologian indoeuropar mitoekin beste lotura batzuk baita narrazio erdi-historikoekin nahasitako ukipenak ere, baina esan daiteke eraztunaren antzera ordenatu daitezkeela. Hau da, erdian kokatzen da Sugaar-Mariren hierogamia eta inguruan uztaiari erantsita bezala bestelako mitologemak. Mota horretako harremanak azaltzeko orduan, zenbait hipotesi proposatu dira mitologia konparatuan.

Hiru aukera

Daniel Ogdenek 'Drakōn' bere liburuan hiru aukera nagusi aipatzen ditu. Lehenengoa, eragin horizontalarena da, herrialdeen arteko komunikazioek gauzatu dutena. West edo Fontenrosen liburuak koka daitezke joera horretan. Bigarren aukera, eragin bertikalarena da, figura mitikoak oinarrizko mitologia baten barnetik garatzen direla ulertzen duelako. Calvert Watkinsen lana da adierazgarrienetakoa joera horretan. Hirugarrena, nolabait, eszeptikoa da, ez baitu eredu argi bat identifikatzen mitologia ezberdinen artean. Daniel Ogden bera da horren ordezkaria.

Sugeen mitoen kasuan, Karl Kerényik aipatzen zuen Zekropsek legitimazioa zuela Atenearen eta Poseidonen artean epaile bilakatzeko eta figura horren errotzearen lekuko zela Atikako eskualdean. Kerényirentzat, Atikan, Zekropsen eta Erichtoniosen mitologia azpi-geruza bat da. Euskal mitologiaren kasuan ere, antzeko ondorioa atera dezakegu. Mitologia bien arteko harremana azaltzea, ordea, zailagoa bilakatzen da. Hipotesi moduan eragin transbertsala aipa daiteke. Hau da, komunean izan dezaketen azpi-geruzaren ondarea. Deigarria da, bestalde, azken urteetako azterketa genetikoek (Lipson, Szécsényi-Nagy, Reich: 2017) erakutsi dutela ekialde hurbiletik europar mendebaldera populazio mugimenduek izan zuten eragina, neolitikotik hasi eta migrazio indoeuroparrak arte (Haak, Lazaridis, Reich: 2015). Figura mitologikoen elkarrekiko harremanaren kasuan, hipotesi hautatu baten egiatasuna ezin da erabat ziurtatu, mitoek ez baitute arrasto materialik uzten, baina giza multzoen norabidea ezagutzeak lagundu dezake, nolabait, gure ezagutzaren hutsuneak betetzen.

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios