Ostiralean abiatuko da aurtengo sagardo denboraldia
Orotara Euskal Sagardoa deituraren barnean 3,5 milioi litro lortu dituzte, bertako 250 sagastietako bost milioi kilo sagar baliatuz
UNAI SARRIUGARTE
Martes, 11 de enero 2022, 19:52
Ostiralean abiatuko da aurtengo sagardo denboraldia. Astearte honetan Euskal Sagardoa jatorri izeneko sagardogileak eta arduradunak Donostiako San Telmo Museoaren aldamenetan bildu ziren aurtengo kanpaina aditzera emateko asmoz. Orotara Euskal Sagardoa deituraren barnean 3,5 milioi litro ekoitzi dituzte. Bertako 250 sagastietako bost milioi kilo sagar baliatuz.
Publicidad
'Sagardotegi denboraldia merezi dugulako!' lelopean Gipuzkoako hiriburuan hitzartu ziren Euskal Sagardoa jatorri deiturako ordezkariak astearte honetan. Bertan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardogileen elkarteen eta sagargile elkarteen ordezkariak egon ziren. Ezohiko egoera honetan lanerako protokolo zehatzak burutu dituzte.
Bertan Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri deiturako koordinatzaileak nabarmendu zuenez, sagardo uzta honen nolakotasuna zehaztea zail xamarra izan da. Sagardotegi bakoitzak bere sagardoa produzitzen du eta sagardotegi bakoitzaren barruan ere sagardo mota anitzak ekoizten dira. Dena den, pasa den urtean baino sagardo arinagoak, lurrintsuagoak eta alkohol graduazio txikiagokoak direla mahaigaineratu zuen Agirrek.
Koordinatzaileak helarazi zuenez, sagardoaren prezioa % 10-20 bitartean igoko da aurtengo denboraldian. Izan ere, ekoizleentzat ere guztiak egin du gora, hala nola, sagarrak, beirak, kartoiak edota argindarrak. Hortaz, sagardoak ere gora egingo du ezinbestean, bere esanetan.
Aipatu bezala, ostiral honetan irekiko dituzte sagardotegiak. Baina, urtarrilaren 28a bitarte osasun agintariek exijitutako protokoloei eutsiko diete. Hori dela medio, sagardogileek mahaira eramango dute sagardo berria, pitxer eta botila gardenetan eskainiko dutelarik. Era berean, mahai bakoitzeko pertsona bat altxatu ahal izango da pitxerra sagardogilearen laguntzarekin bete ahalko duelarik. Horrez gain, sagardotegi bakoitzak bere instalazioen araberako protokolo espezifikoa moldatuko du.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión