Netflixek bere kritikari handienetako bat den Steven Spielberg fitxatu du
Produktore erraldoiak akordioa lortu du urtean hainbat film egiteko zinemagilearen ekoiztetxea den Amblin Partnersekin
Ander Retolaza
Martes, 22 de junio 2021, 19:33
Etsaiak ez dira betirako izaten. Luzera, lagun bilakatzeko aukera izaten dute askotan, gainera. Hori da, hain zuzen ere, Steven Spielberg zeinemagilearen eta Netflix ikus-entzunezko plataformaren arteko kasua. Bai, mundu mailako 'streaming' merkatuan nagusi denak AEBetako zinemaren profesional handienetako batekin lan egingo du. Steven Spielbergek eta Amblin Partners enpresak Netflixekin «urteko film ugari» egiteko akordioa iragarri dute aste honetan.
Publicidad
«Amblinen narrazioa beti egongo da egiten dugun guztiaren erdigunean, eta Ted Sarandos [CEO eta Netflixeko edukien burua] eta ni elkarte bat eztabaidatzen hasi ginenetik, oso argi geratu zen aukera ikaragarria genuela istorio berriak elkarrekin kontatzeko eta jendearengana modu berrietan iristeko», adierazi du Spielbergek Kaliforniako plataformarekin batera kaleratutako komunikatu batean.
Sarandosek, bere aldetik, 'La lista de Schindler' filmaren zuzendariaren izaera «bisionarioa» eta lidergoa goraipatu ditu, bai eta gehitu ere Amblin enpresak jada Universal estudioarekin duen akordioak indarrean jarraitzen duela. Izatez, 74 urteko errealizadorea kutsu autobiografikoa duen film bat prestatzen ari da, Paul Dano eta Michelle Williams protagonista dituena, eta Universal enpresarena izanik, orain Netflixekin sinatzea arazorik ez dakarrela argitu nahi izan du.
Akordioa garaipen handia da Netflix berarentzat. Zinemako talenturik handienetako bat lortzeaz gain, zineman baino 'streaming'ak etxean ikusteko tendentziaren aurka egiten zuen kritikari sutsuena ere lortu du. Ez zen espero honakorik.
Bi aldeek talka egin zuten 2019ko martxoan, Spielbergek Netflixi «zinemetako film luzeen esperientziari» kalte egiten ziola leporatu ostean, bere izenburu batzuk modu konbentzionalean estreinatzeari uko egin ziolako. Netflixek, bere aldetik, erantzun irmoa gauzatu zuen: «Zinema maite dugu. Hauek dira gure jarduera berresten duten gakoetako batzuk:
Publicidad
-Beti ordaindu ezin duten pertsonentzako edo zinema-aretorik gabeko hirietan bizi direnentzako sarbidea eskaintzen dugu.
-Edonori edonon dagoela estreinaldiez aldi berean gozatzeko aukera ematen diegu.
-Zinemagileen lana partekatzeko modu gehiago eskaintzen ditugu».
Tirabirak ez dira honakoarekin bukatzen. Spielberg izan zen hasiera batean 'streaming' bidezko estreinaldiak Hollywoodeko Akademiaren Oscar sarietan lehiatzearen aurka agertu zenetako bat. Ostera, dena den, argi adierazi nahi izan zuen ez zegoela honakoaren aurka.
Publicidad
Baina, orain, istiluak-istilu, elkarrekin lan egitea erabaki dutela dirudi, Martin Scorsese edota David Fincher moduko zinemagileen antzera. Zuzendariak ez ezik, badira hainbat aktore ere masa-fenomenoa bihurtu den Netflixekin lan egitera igaro direnak. Ikusteke dago oraindik dena den zein titulu igaroko diren Amblin enpresatik Netflixera ikusgai. Badirudi 'The Good House' (Kevin Kline eta Sigourney Weaver) filma, 'The Last Voyage of the Demeter' beldurrezko ikusentzunezkoa eta 'Easter Sunday' komedia daudela mahai gainean.
Argi dago, beraz, Hollywoodeko izarrik esanguratsuenak ere ez dutela egungo tendentziak alde batera uzten. Zinemak beti izan du orainaldiaren aldeko apustu sutsua, iraganak tarte eskasa izan baitu industrian. Esan ahala, etsaiak ez dira betirako izaten.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión