Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoyren 'Hondar ahoak' telesaila estreinatu du ETB1ek
Ondarroan grabatutako thriller eta zinema beltzeko elementuak nahasten dituen lanak lau atal ditu, eta asteazkenero emitituko da, 22.30ean, ETB1 eta eitb.eus-en
Ondarroa. Desagerpen bat. Portua. Kukaia. Udalerrira heldutako trauma handiko inspektore berria. Marinel senegaldarrak. Sudurretik esnifatzen den droga. Suspentserako osagarri bikainak uztartu dituzte Txintxua Filmsek eta ETBk asteazken honetan estreinatu den thriller formatuko 'Hondar ahoak' telesail berrian (ETB1 eta eitb.eus, 22.30ean). Lau atalez osatutako 'noir' generoko lana aurkeztuko digute oraingoan, non Nerea Garcia inspektorea (Nagore Aranburu) eta Alex herriko agentea (Eneko Sagardoy) desagertu berri den Josu patroia aurkitzeko lanetan ariko diren. Bilbotik etorri berri den inspektore desatseginak berehala ikusiko du ez dela ohiko desagerpen bat, ezer ez dela dirudiena. Eta tartean, pertsonaia desberdinak istorioari zentzua ematen joango dira, ikus-entzuleak telebista aurrean bere buruari nor den ona eta nor txarra galdetzen dion bitartean.
Publicidad
Eneko Sagardoy aktoreak Bilboko Itsasmuseumen asteartean egindako aurkezpenean nabarmendu zuen 'Hondar ahoak' «geruza asko dituen produktua» dela. 'Patria'n Gorkaren pertsonaia modu bikainean interpretatzen duen durangarrak argi izan zuen hasieratik lantaldearen parte izan nahi zuela, eta oso pozik dago erabakiarekin. «Poesia daukan thrillerra da, kaltitate handikoa, eta Koldo Almandoz zuzendariak bere mundu berezia islatzen du lanean. Musikalki, estetikoki eta arte ikuspuntutik apustu bat da, eta, gainera, irisgarria izango da publiko guztiarentzako. Nik uste flipatuko dutela», dio.
Harro dago Sagardoy kapitulu bakoitza aste batean grabatzeko erronka gainditu izanagatik (abuztua eman zuten rodatzen). Are gehiago, Koldo Almandoz zuzendariak eta lantaldeak lanean lortutako «tonuagatik». Hala ere, telesailetik atera duen gauzarik pozgarrienetakoa Nagore Aranbururekin lan egitea izan dela aitortu zigun. «Amets bat zen niretzat, oso dibertigarria izan da, eta nire ustez lan honetan egin duen pertsonaiarekin berretsi egingo da». Halaber, pozik agertu zen aktorea Edu Barinaga ETBko zuzendariak aurrerantzean horrelako fikzio gehiago prestatzeko egindako proposamenarekin, eta euskara eta soinu aldetik aberatsa den telesaila aurkeztuko digutela nabarmendu zuen. «Hango eta hemengo euskarak nahasten dira. Oso exijenteak izan gara hizkuntzarekin, eta hurbiltasuna lortuko dugula uste dugu. Hala ere, euskara hain ondo menperatzen ez dutenentzat gaztelaniazko azpitituluak jartzeko aukera izango da».
Nagore Aranbururentzat, bestalde, oso garrantzitsua izan da Nerea inspektorearen papera jorratzea. Bere lehenengo aldia izan da rol horretan eta «oso ondo pasatu dut susmagarrien atzean ibiltzen, pistolekin eta tentsioarekin». Azaldu zuenaren arabera, oraindik ez du kapitulu bat ere osorik ikusi, eta irrikitan dago ikusle bezala azken emaitzaz gozatzeko. «Nire gogoa jendearengana iristea da, haiei telesaila gustatzea, eta agian ate bat irekitzea horrelako proiektuak aurrera egiten jarrai dezaten», esan zuen.
Marinelen usadioa
Marian Fernandez Txintxua filmseko ekoizle eragileak, berriz, Bilboko Itsasmuseumeko aurkezpena aprobetxatu zuen nabarmentzeko fikzioa hasiera-hasieratik Ondarroan kokatzea pentsatuta zeukatela. «Abiapuntu estetiko eta soziologikora guztiz egokitzen zen, eta herriak agertutako inplikazio maila oso handia izan da». Hori nahikoa ez balitz, gidoiak idazten zituzten bitartean Eneko Sagardoy eta Nagore Aranburun pentsatzen zutela nabarmendu zuen. «Lortu genuen eta pribilegioa izan da», dio.
Publicidad
Eta lehen aipatu bezala, Edu Barinaga ETBko zuzendariak azpimarratu zuen «asmoa datorren urtean fikzioarekin jarraitzea» dela. Horiek horrela, erronka luzatu zien Txintxuakoei urratutako bideari segida eman, eta datorren urterako proiektua aurkez dezaten.
Momentuz, istorio onetaz gozatzearekin konformatuko gara. Izan ere, marinelen usadio batek dio itsasoko sekretuak lurrean kontatzen dituenari ahoa hondarrez beteko zaiola, itsasotik lurrera eramandako hitzek urratsak uzten dituztelako. Zer gertatuko ote da, beraz, Ondarroan? Erantzuna ezagutu nahi baduzu, badakizu, aukera daukazu asteazkenero, ETB1 eta eitb.eus-en, 22.30ean. Merezi du.
Publicidad
Proiektuaren lantaldea
Eneko Sagardoy eta Nagore Aranburu aktoreez gain, 'Hondar ahoak' telesailaren antzezle-zerrenda nagusia Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Ainhoa Artetxek eta Iraia Eliasek osatzen dute. Gainera, Joxean Bengoetxea, Mikel Tello, Asier Hernandez eta Pako Revueltas aktoreek ere parte hartuko dute telesailean. Azpimarratzekoa da Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr jatorri senegaldarreko aktore ez profesionalen esku-hartzea ere bai. Lantalde teknikoan, bestalde, Javier Agirre argazkilaritza zuzendaritzan eta Alazne Ameztoy eta Xanti Salvador zuzeneko soinuan ditugu. Arte zuzendaria Ane Arteaga izan da, Marian Fernandezek ekoiztu du lana, eta bigarren unitatea Asier Altunaren esku egon da. Musika Aitor Etxebarriak sortu du, eta muntaiaren arduradunak, berriz, Laurent Dufreche eta Demetrio Elorz izan dira.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión