La Lotería Nacional de hoy sábado: comprobar resultados del 6 de diciembre
Edurne Azkaratek, Paul Urkijok, Eneko Sagardoyk eta Itziar Ituñok filmaren inguruko solasaldi batean parte hartu dute Azkuna Zentroan. Maika Salguero

'Irati': basoa, euskal mitologia eta gure hizkuntza erdigunean jarri dituen filma

Kanpoko espazio zabaletan soilik argi naturalez egindako grabazioak aukera eman zion zuzendariari bilatzen zuen handitasuna lortzeko. 'Irati'n, gainera, basoa ia pertsonaia bat gehiago da

Jueves, 23 de febrero 2023

Paul Urkijok beti eraman nahi izan zituen pantaila handira txikitan kontatzen zizkioten gure lurraldeko istorio mitologikoak. Eta egin du. Ostegun goizean, FANT jaialdiaren eskutik, Bilboko Golem Alhondiga zinema-aretoetan 'Irati' filmaren aurrestreinaldia ikusteko aukera izan dugu. Ikusleek ostiral honetatik aurrera 112 aretotan ikusi ahal izango dute, «gehienetan jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin, eta beste batzuetan baita azpititulurik gabe ere», gaztelaniara bikoiztuta egingo dituztenez gain. Arabar zuzendariak bere indar guztia ikus-entzunezkoan jarri du, gure historia eta bertatik sortzen diren elezaharrak gordetzeko. Izan ere, pelikulan esaten den bezala, 'izena duen guztia bada'.

Publicidad

Filmak Nafarroako, Euskal Herriko eta Aragoiko gotorleku, baso eta kobazuloetara jo zuen bere girotze goibelerako. Eta basoak, mendiak, altxorrak, munstroak, natura, gudu historikoak, euskal mitologiako jainkoak eta, batez ere, maitasuna dira euskara hutsezko filmaren osagaiak, supersalmenta ekoizpen handien mailan dagoena. Gainera, kanpoko espazio zabaletan soilik argi naturalez (eta barnealdean benetako suarekin) egindako grabazioak aukera eman zion Urkijori bilatzen zuen handitasuna lortzeko, non basoa ia pertsonaia bat gehiago bezala aritzen den.

Hori nahikoa ez balitz, eszenatoki paregabeez, zuzendaritzaz, argazkigintzaz, jantziez eta soinu-bandaz gain, aktoreen lan ona azpimarratzekoa da. Eneko Sagardoyk, adibidez, 10 kilo irabazi zituen 4 edo 5 hilabetetan, eta ezpata erabiltzen ikasi zuen eskrima klaseak jasoz, gerra-eszenei behar bezalako errealismoa emateko. «Zaldiz abiadura horretan trostan egiten ikastea ere harrigarria izan zen, nahiz eta onartzen dudan nire zaldiak Edurneri niri baino maitasun gehiago hartu ziola (kar, kar)», dio.

Edurne Azkarateren interpretazioak ere ez du inor axolagabe utziko. Filmaren proiekzioaren ondorengo solasaldian aitortu duenez, casting baten bidez iritsi zen zintara: «Proba egin nuenean ez nuen pentsatu Iratiren papera interpretatzeko izango zenik. Pertsonaia honen lehengusina edo beste edonor interpretatzeko izan zitekeen», bota du prentsaurrekoan zeudenen barreak eraginez. Bestalde, Itziar Ituñok nabarmendu du Euskal Herria herri txikia izanda, horrelako proiektu izugarrietan parte hartzeko aukera izatea zoragarria dela. «Kobazuloan grabatzen geundela, filmaren amaieran agertzen den irrintzi bat botatzeko eskatu zidatenean, zerbait berezia sentitu nuen nire baitan», kontatu du, hunkituta.

«Odola, odol truk»

Filmaren argumentura itzuliz, 'Irati'k VIII. mendean kokatzen du publikoa. Kristautasuna hedatzen ari da Europan, eta sinesmen paganoak desagertzen doaz. Frankoen erasoaldiaren ondoren, Karlomagnoren armada Pirinioak zeharkatzera doala, ibarjaunak laguntza eskatzen dio antzinako jainkosa bati. Odolezko itun baten bitartez, etsaia garaitzen du, trukean bizitza emanda: «Odola, odol truk» da filmaren esaldi esanguratsuenetako bat. Baina lehenago, bere seme Enekori bere herria aro berrian babestu eta gidatzeko eskatzen dio.

Publicidad

Urte batzuk beranduago, misio batekin egingo dio aurre Enekok promes horri: aitaren gorpua berreskuratu beharko du, modu paganoan lurperatuta dagoena Karlomagnoren altxorrarekin batera. Kristau fedekoa izanik, Enekok ibarreko pagano baten laguntza beharko du, Irati deituriko emakume enigmatiko bat. Bi gazteak oihan bitxi eta ilun batean murgilduko dira, eta, hortik aurrera, spoilerrak saihesteko asmoz, zinemara joatea eta filma ikustea gomendatzen dizuet. Mereziko du eta!

Paul Urkijo zuzendaria, ostegun goizean, Azkuna Zentroan. Maika Salguero

Paul Urkijo, mitologia eta ipuin tradizionalen zale amorratua

Film hau Paul Urkijoren bigarren filme luzea da, eta 'Errementari', bere opera prima ondoren dator. Urkijok FANT jaialdiaren baitan aurkeztu du ostegun honetan 'Irati', izan ere Bilboko jaialdiaren aspaldiko ezaguna da eta aukera ez du galdu izan nahi. Txiki-txikitatik zinema, ilustrazioa, literatura eta komikiak maite izan ditu ('Irati'ren abestien letrak berak ere egin ditu), eta genero fantastikoa du gustuko. Mitologia eta ipuin tradizionalen zale amorratua da. Berak idatzi eta zuzendutako film laburrek 85 sari eta 400 selekzio baino gehiago irabazi dituzte mundu osoko zinemaldietan. Goya Sarien 2023ko edizioan, 'Iratik' bost izendapen lortu zituen: Jantziteria Onena, Jatorrizko Abesti Onena, Musika Onena, Efektu Berezi Onenak eta Gidoi Egokitu Onena. Eta, esan bezala, interesdunek ostiral honetatik aurrera ikusi ahal izango dute pantaila handian.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad