Hainbat pertsona, Santurtziko ibilaldian. Efe

Ibilaldiak larrialdi-mezua ekarri du

«Egun batez Santurtzi euskararen bozgorailu izatea lortu dugu, jai honen baitan eskainitako kultur ikuskizun, jolas eta bestelako aisialdi ekintzekin»

Amalia Ibargutxi

Martes, 29 de mayo 2018, 00:27

Euskara, elkarlana eta berritze lanetarako diru-bilketa. Hiru zutabe horien gainean eraiki dute aurtengo Ibilaldia, Santurtzin. Bihotz Gaztea ikastola arduratu da aurtengo Bizkaiko ikastolen jaia antolatzeaz, eta, jakinarazi dutenez, «oso gustura» geratu ziren igandeko «jai handiarekin». Hezkuntza lege berriak murgiltze eredua ezarri behar lukeela aldarrikatu zuten ikastolek. Egungo hizkuntza ereduek ez dutela euskalduntzen eta euskararen ezagutza mailak behera egin duela ohartarazi zuten.

Publicidad

Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk egin zuen «larrialdi deia». «Inoiz baino ozenago esango dugu: hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen. Ezin dugu bertan goxo egoten jarraitu D ereduan gero eta haur gehiago matrikulatzen direlako. Ebaluazioek frogatzen dute, matrikulazio datu hori gora behera, gure ikasleen ezagutza maila ez dela hobetzen ari. Gure ikasleen euskara ezagutza, ezagutzaren kalitatea, hobetzea behar dugu. Bestela, gure ikasleek euskaraz hitz egiteari uzteko arriskua izango dugu», azaldu zuen.

'Taup!' lelopean, Santurtziko kaleetara eraman zuten euskara. Izan ere, hiru bizilagunetik batek baino ez du egiten euskaraz udalerrian, Aintzane Urkijo alkateak nabarmendu zuenez. Hori bazen ere jaialdiaren helburu nagusia, hainbat erronka ezarri zituzten.

Antolatzaileen esanetan, festako erronka guztiak bete dituzte. «Egun batez Santurtzi euskararen bozgorailu izatea lortu dugu, jai honen baitan herriari eskaini zaizkion kultur ikuskizun, jolas eta bestelako aisialdi ekintzekin», adierazi zuten.

Jai jasangarria izatea zen beste erronketako bat, eta hori ere lortu omen zuten. Horretarako, garraio publikoko zerbitzuak erabiltzera deitu zituzten bertaratutakoak, eta zabor bilketarako edukiontzi bereziak jarri zituzten, «herritarrek egoki erabili zituztenak, garbiketa taldeei lana erraztuz».

Publicidad

Jaiak emandako laguntza ekonomikoa zenbaterainokoa izan den jakinarazteko, hurrengo egunetan egingo dute lehen balorazio orokorra. Hala ere, etekin ekonomikoak «espero bezalakoak» izateko itxaropena dute antolatzaileek. Baieztatuz gero, horrek bultzada emango dio Bihotz Gaztea ikastolari, hurrengo urteetako erronka pedagogikoei aurre egin eta obrei ekin ahal izateko.

Datorren urteko Ibilaldiak kresal usaina izango du, Santurtzitik Lekeitiora mugituko baita. Bertan hasi dira, dagoeneko, Azkue ikastolako komunitateko kideak lanean.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad