Gabriel Aresti Lisboan
Kontua ez da oso ezaguna. Baina historia da Gabriel Arestiren zenbait poema, sei zehazki, argitaratu zirela 1976an Lisboako aldizkari batean, poeta hil ondoren. 'Pasargada' zen literatur aldizkari haren izena, eta zenbaki gutxi batzuk baino ez ziren argitaratu.
Publicidad
Honen berri Portugalen ospatu zen kongresu batean izan nuen, Jordi Cerdá Subirach irakasleak esanda, eta berak eskaini dit ale baten 'pdf'a. Aldizkariak berrogeitaka urte ditu eta ez da harritzekoa haren berririk ez izatea. Anjel Zelaietak Arestiren heriotzaren orduan itxi zuen haren biografia zabal bezain erabilgarria, eta ondorengo berriak ez ditu landu.
'Pasargada'k bokazio iberikoa zuen, eta, bere asmoen artean zuen argitaratzen zen guztia bost hizkuntzatan agertzea: euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, galizieraz eta portugesez. Horrela, «revista de cultura» izateaz gain «kultur aldizkaria» ere izan zen. Eta oso gutxitan gertatu den moduan, euskarak zuen lehentasuna 'Sarrera editorial' izeneko oharra argitaratzeko orduan.
Sarrera editoriala eta asmoak
'Sarrera editorial' gisa jarritako ohartxo horretan garbi azaldu zuten asmoa zutela Iberian ziren herriak batzea: «Geographi eta kultur eremu berean bizi izan arren, Iberiako herriok elkarren berri ez edukitzeko norgehiagoka ari garela ematen du». Huts hori zuzentzeko asmoz, «Pasargada-k […] elkar ezagutze hobe baten eta gure zibilizazio balioenganako errespetu handiago baterako hauspoa izan nahi luke».
Aldizkariaren helburu nagusia Penintsula Iberiarreko idazleak biltzea zen eta plataforma eskaintzea haien lanak ezagutzera emateko. 1976ko neguan plazaraturiko alean Jorge Amadok, Joan Brossak, Maria Aurèlia Capmanyk, Manuel Maríak eta Raimonek hartu zuten parte. Gaztelaniaz Corredor-Matheos poetak Albertiri eta Hernándezi egindako bi elegia aurkeztu zituen. Iruzkinen atalean Jaume Broch, Alex Pont eta Miquel de Palolen izenak ageri dira.
Publicidad
Izena eta zuzendariak
Persian, Ziro Nagusiak eraikitako hiri baten izena da 'Pasargada'. Baina aldizkariak izenburua Manuel Bandeira poeta brasildarrarengandik hartu zuen. Haren 'Itinerário de Pasárgada' (1954) autobiografian erabili zuen, bizitzak ematen dituen etsipenen babes toki moduan erabili zuen hiriaren izena. Aldizkariak, aldiz, poeta gogoan harturik, hiriari utopiaren esanahia eman zion.
Aldizkariaren eragileak bi ziren: Manuel de Seara (poeta, saiogilea, eta nobelagilea) eta Manuel Fonseca e Silva, argitaletxeak sortzen parte hartu zuena eta gerrate kolonialen memoria idatzi eta argitaratu nahi zuena. Salmentako prezioa, berriz, ale bakoitzeko 60 ezkutukoa zen, 150 pezetakoa. Hiruhilabetekaria izateko asmoz sortu zen, baina lehen alea baino ez dut ezagutu. Dena den, bigarren alearen partaideak iragarri ziren, eta haien artean zeuden Jorge G. Aranguren, Luis Haranburu Altuna, Jon Juaristi, Xabier Kintana, Anjel Lertxundi, Juan San Martin eta Gorka Trintxerpe (Patxi Zabaleta).
Publicidad
Jarraitzeko nahiarekin sortu zela ezin da ukatu, 1976ko negu hartan deitu baitzuten «Pasargada ipuin-sari nazioartekoa/ Premio internacional de cuento Pasárgada/ Premi internacional de conte Pasárgada/ Premio internacional de conto Pasárgada/ Prémio internacional de conto Pasárgada». Saria hogeita hamabost mila pezetakoa zen eta euskal alorraren epaimahaikide, Ibon Sarasola.
Euskal alorra
'Pasargada' aldizkariaren lehen orriak, eta horretan aitzindariak dira, euskal lanekin hasten dira. Gabriel Aresti urte bete lehenago zendua zen, eta haren irudiak betetzen ditu aldizkariaren lehen 20 orrialdeak. Bilboko poetaren omenez osaturiko monografiko txikia, zalantzarik gabe. Lehen lana Luis Haranburu Altunaren 'Gabriel Aresti' artikulua da. Hilabete lehenago, poetari omenaldia eginez, Madrileko 'Triunfo' aldizkariaren 666 zenbakian agerturikoa bera.
Publicidad
Blas de Oterok Gabrieli eskainitako 'En la muerte de mi gran amigo el poeta éuskaro Gabriel Aresti' poema ezaguna dator ondoren.
Hirugarren ekarpena Xabier Kintanarena da, euskaraz idatzitako artikulua: 'Gabriel Arestiren oroipenez'. Hurrengo orrialdean dator itzulpena. Artikuluak Arestiren poemen antologia aurkezten du: «Euskal fruitua munduan zehar barreiatu nahi ukan zuen poeta apart honen poema batzu, omenaldi gisa, hemen agertzea beharrezkoa iruditzen zait». Gainera, Raúl Guerra Garridoren ipuin labur bat argitaratu zen, '¿Por qué disparé?' izenburupean, eta Arestiren eraginpean onduriko Xabier Kintanaren poema bi: 'Aldez aurretik' eta 'Izen baten eskaintza'. Baina garbi dago lehen alde horretan Gabriel Arestiren omenezko atal bat osatu nahi izan zuela 'Pasargada'k.
Gabriel Aresti Lisboan
Aipatu dugunez, sei dira Arestiren poemak. Bost bere azken aldikoak, eta 'Nire aitaren etxea' ezaguna. Guzti-guztiak datoz euskaraz ezker aldean, eta ondoan, itzulpena, eskuineko orrian.
Aukeraketa, 'Motor Iberica' poemarekin hasi zuen antologiagileak. 1973 urtean Noaingo fabrika horretako langileak greba egin zuten, eta Arestik gogoratzen ditu bere inguruan hildakoak (ETAko zenbait militante) eta garbi botatzen du: «Bizkaian/ asko sufritu dugu», eta langileen greba hori esperantza bidetzat hartzen du. Bigarrena 'Oh, preu dolor' da. Antonio Machadoren omenez egindako poema. Orain urte batzuk, Compostelako Santiagon, Xesus Alonso Monterok gogorarazi zidan Machadoren omenez poema bat eskatu ziola Gabrieli eta bidalitakoak ez ziola gustu onik eman. Hark utzitako zapore errea garbitu du 'Oh, preu dolor' horrek, eta Machadori momentu batean euskaldun sentitzeko eskatzen dio. 'Berriz hitzaren jabetzaz' poeman, Arestik poetei eman die hitzaren jabetza: «Baina poetak/ hitza/ herriari bihurtzen dio». 'Zeren Leo' Leon Trotskiren aldeko poema bat da: hark «Egin zuen/ erreboluzioa./ Erreboluzio sobietikoa». Azken testuan, 'Kitolis' poeman, Euskal Herrian isuritako odola du mintzagai, zehazki 1972an Urdazubin eta Lekeition gertatutako ETAko militanteen heriotza dakar gogora. Aipatu dugunez, 'Nire aitaren etxea'k eman dio bukaera poema hautaketari.
Publicidad
Poema guztiok ('Nire aitaren etxea'k izan ezik) inguru errealistan dute oinarria, gehienek 1972ko eta 1973ko urteen gertakariak hartzen dituzte kontuan, eta minaren inguruan, egoerak sortzen duen minaren bidez osatutakoak dira. Ohar batean aldizkariaren arduradunek azpimarratu dute bost horiek lehen aldiz argitaratzen direla, argitaragabeak direla, alegia, eta baieztatzen dute 'Oh, preu dolor' dela poetak idatzi zuen azkena: «Ale honetan argitaratzen ditugun Gabriel Arestiren poemak ineditoak dira, 'Nire Aitaren Etxea' poemaren salbuespenarekin […]: Erdarazko itzulpenak Aresti berarenak dira. 'Oh, preu dolor' poema Gabriel Arestiren azkena da eta bere eriotza (sic) baino 20 egun lehenago egin zuen». Ez dakit nik horrela den, baina horrela dio berriak portugaldar aldizkarian, eta hori idatzi zuenak nik baino gehiago daki.
Bost poemok Gabriel Arestiren 'Poesia argitaragabea: Azken poesia' liburuan bilduak ageri dira. Eta argitaragabetzat ematen dira. 'Oh, preu dolor'ek data hauxe du: «1975-5-9». Ez genekien Lisboako aldizkari batean agertu zirela lehenago.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión