La Lotería Nacional de hoy sábado: comprobar resultados del 6 de diciembre
Unai Elorriaga. E.C.
Territorios

Francesco Pasquale

Oso nabarmena da egilearen beraren doinua, estilo propioa, idazkera landua

Viernes, 22 de noviembre 2024

Bere aurreko lanarekin gertatu bezala ('Iturria', 2019), oraingo honetan ere ez dago garbi 'Francesco Pasqualeren bosgarren arima' nobela edo ipuin-bilduma ote den. Izan daiteke ipuin-bilduma kamuflatua, nobela-tranpa bat, bi generoren arteko hibridazioa… Hori gutxienekoa da, testuak kalitatea eta iradokitzeko gaitasuna badu. Badira aurreiritzidun irakurleak, ustez nobela bat irakurri behar dutela uste dutenak, eta beste zerbaiten uretan galtzen badira, bainualdiaz gozatzeko gai ez direnak. Engainatuta sentitzen dira, esku artean zutena nobela bat zelakoan. Ustez. Baina zer da nobela bat? Nobelaren ezaugarri nagusiena bere malgutasuna izan da, dena besarkatzeko duen gaitasuna. Operak bezala, denetarik pixka bat dauka: narrazioa, antzerkia, poesia… Eta idazleak berezkoa duen musika. Eta Elorriagaren azken honetan oso nabarmena da egilearen beraren doinua, estilo propioa, idazkera landua.

Publicidad

'Francesco Pasqualeren bosgarren arima' migratzaile baten istorioa da, eta, aldi berean, XIX. mendearen erradiografia poetiko bat, orduko gogortasuna eta indarkeria alde batera utzi gabe. Eta beste hainbat gauza ere bai… Familia-saga baten gorabeherak, atzerritar izaerari buruzko hausnarketa bat, musika klasikoari egindako omenaldia, ezusteak dakartzan matrioxka bat, ahotsen akuario bat... Hizkera zehatza eta ondo neurtua badu ere, errepikapenetan eta xehetasunetan ondo ainguratua, egitura aldetik lainotsua eta lausoa da, are etereoa. Arreta eskatzen dio irakurleari atalen arteko loturak eta josturak ehuntzeko. Datu errealak eta asmatutakoak nahasten ditu, eta, irakurketan zehar, irakurleak behin baino gehiagotan egin beharko du atzera, pertsonaia baten gorabeherak edo zenbait gertaera berritzeko. Galdu ere egin daiteke, halako batean protagonisten ametsak edo arrotzak diruditen pertsonaia berri batzuk agertu direlako istorio nagusian. Eta hala da. Pasqualeren ingurunearekin batera, hiru musikari handiren gorabeherak ere kontatzen baitzaizkigu: Wagner, Schumann eta Verdi. Pasqualeren garaikideak hirurak ere. Hain zuzen ere, Wagnerren haurtzaroan oinarrituta dagoen 'Dresdeneko txakurrak' kontakizuna da gehien gustatu zaidanetako bat. Ekilibrista lan horiek leuntzeko, egileak bitakora kaiera moduko batzuk sartu ditu kontakizunean, pertsonaien nagusien biografia labur moduko batzuk, argigarriak izateaz gainera, kontakizunaren beste ikuspegi bat ere ematen digutenak.

Irakurketa bat baino gehiago onartzen eta eskatzen duen liburua da Elorriagarena, irakurlearen irudimenari tarte handia uzten diona. Gehiegizko errealismoari eta autofikzioari iskin eginez, erakusten digu posible dela literaturari berezkoa duen fabulaziorako ahalmena itzultzea. Saprin hasten da kontakizuna, gorabehera politikoen erdian, krimenaren eta kondaira zuritzailearen arteko bidegurutzean. Testuan zehar ia-ia ez dago gatazka horren inguruko azalpenik. Hala ere, 'The Banshees of Inisherin' pelikulako urrutiko uhartearekin gertatu bezala, tentsio eta gatazka giro horrek zedarritzen ditu pertsona arrunten bizimoduak. 1825ean jaio zen Francesco Pasquale Saprin, Italia Hegoaldean, botaren tartso-hezurraren inguruan. Eta ez nolanahiko garaian. 'Carbonari'en edo ikazkinen-matxinaden garaian, Italiako erresumaren askapen prozesuaren atarian. Bizimodua aurrera ateratzea latza denez, aitaren galdarategia utzi, eta Bermeora etorriko da Pasquale, herrikide batekin lan egitera. Euskal Herrira iristea eta Bartzelonatik penintsula zeharkatzea, ordea, ez da erraza izango. Hemen egonkortuko da gero, bi aldiz ezkondu, seme-alabak edukiko ditu. Batzuk bizirik iraungo dute, beste batzuk oso gazte hilko dira. Han-hemenka ibiliko da bere salgaiak saltzen, eta norbait urtean itotzen bada, hiru egun itxarongo ditu bainatzeko, Saprin hala egiten zutelako. Lau arima omen dauzkagu gizakiok. Pasqualeren kasuan, lau hemengoak dira, eta bosgarrena, berriz, Italiakoa, istorioaren amaiera aldera bisitan datorkiona. Ez dute hitz egiten arimek, baina eserita begiratzen gaituzte, txoriek adarretatik bezala.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad