Literatura, normalean, deserosotasunak estututako eta giro desegokian hazitako egoerak sortzen eta bultzatzen du. Mundu zoriontsua, halakorik inon bada, mundu perfektua izanik, ez da mundu literarioa. Ez, ordea, ezer esatekorik ez dagoelako, dena esanda dagoelako baizik. Zertaz idatzi izan da paradisuan?, zein dira antzinako lore-baratze ederrean ikasitako lehen letrak? Gozatzea bera zen artea; zentzumenak beren edertasun gorenera eramatea, jardunbidea. Denbora, bere pauso arin eta leunarekin, gizatasunaren zokoak oro eztitzen dituenean, minaren azal guztia gozoro estaltzen duenean, zertarako oihu egin, zertarako idatzi, zertarako alfabetoa? Denbora, gurean, nekagarri eta astuna zaigu; gure izatearen une guztiak intentsitate handiz sentitzen ditugu, gure desira eta nahiek jomuga ezagunik ez dute, ez gaudelako eremu eder batean inguratuak. Gure itxitasuna bestelakoa da, gure mugak ezezagunak, eta horrek egonezin suerte bat sortzen du gure baitan, kanpora bota eta besteei azaldu beharrekoa. Literatura minak berarekin dakarren izua uxatzeko sortua da, bizitzaren makurraldiak berdintzekoa. Plazer gehienak ezezagunak direnean, literaturak ekar dezakeena bilatzen da.
Publicidad
Jende askorentzat bere ingurua leku mehatxagarria eta benetan segurtasunik gabea da, tranpaz eta arriskuz betea. Badira etxetik ia irteten ez diren gizon-emakumeak, oinarrizko beharrak asetzeko ez bada: erosketak egiteko, medikuarengana joateko, senideak edo lagunak bisitatzeko. Eta gero, zalu eta presaka itzultzen dira. Etxean ematen dute egunaren gehiena, nahita baina giltzapean, ez preso, baizik eta beren ahalmen fisiko eta mentalak lagun. Espetxea beste gauza bat da, nor bere buruaren jabe ez izatea, babesgabetasuna, zigorra, denboraren gaineko nagusigorik eza, isiltasuna. Etxea agortzen ez diren aukerez jositako espazioa da; beti dago zereginen bat, distrakzioren bat noiznahi. Besteekin komunikatzeko ez da beharrezkoa bertan gorputz miran egotea, bitarteko teknikoek eta batez ere elektronikoek edozein ekartzen digute gurera. Nahi duena bere ordenagailuko edo telefonoko pantailatik nahi duenarekin konekta daiteke, eta harremanetan jarri.
Mundua bere erara doa, suposatzen da; bere lege mordoen arabera funtzionatzen du, inon gelditzeke. Ezinegon handia sortzen duten arrazoietako bat da gertaeren bilakaeran ezin eraginik izatea. Inoren gaitzak komunikabideen bidez zabaltzeak, normalean handituta, ezohiko bakardade eta babesgabetasun sentimenduak sortzen ditu giza kontzientzian; norberaren ezintasuna areagotzen da eta isolamendua sustatzen. Uste bada besteen oinazea ezin dugula ezertan gutxitu, suposatzen bada gertatzen den guztia saihetsezina dela, gure ahaleginak ez duela eragotziko, eta hala izango dela orain eta beti, irtenbidea itxialdia da, edo jarduera publikotik ihes egitea.
Raymond Carverrek gutxik bezala adierazi digu munduaren deserosotasun klase hori. Harentzat fikzioa errealitatea ulertzeko tresna da, bestela eta berez zaila baita konprenitzen, ditugun baliabideak eta gure aurrerapen zientifikoak ditugularik ere. Zientziak ez du lortu giza arimaren barreneraino iritsi eta bertako espazio iluna erabat barrandatzea. Carverren pertsonaiak mehatxupean daude, eta haien bizitzak amildegi batera iritsi eta hango ertzean barreiatzen dira. Une hori da Carverrek kontatzen diguna, eta une horrek ekartzen digu gogora bizitza ahula dela, ez dagoela paradisuaren arrastorik inon, orduz geroztik gordetako lore zimelak galdu direla, betiko seguru asko.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión