54 urte dituen arren, gazte itxura du Durangoko Azokak. Aurtengo edizioaren kartela aste honetan bertan ezagutu dugu. Iruñean jaiotako Oier Zuñigak sortu du eta emakume itxura du. Irudi ederra egin du. Lau ataletan zatitu du protagonistaren gorputza. Buruan, irudimena; bularraldean, hedapena; gerrian, hartu-emana; eta hanketan, mugimendua, kulturaren motorea. Koktel bikaina, ezta?
Publicidad
Bost aste barru, Durango euskal kulturaren hiriburua izango da, 'Osorik DA' lelopean. Bai, asko falta da, baina irrikan nagoela aitortu behar dut. Literatura aldetik, oso interesgarria den arren, atal musikala da niretzat erakargarriena. Nobedade guztiak entzuteko unea, baita zuzenean guztiok gustuko ditugun bandekin disfrutatzeko aukera. Hori bai, arraroa izango da oraingo honetan Berri Txarrak taldea ez topatzea. Lekunberrin sortutako bandaren azkenengo kontzertua azaroan izango da, eta ordurako iragana izango dira, nahiz eta guztiok gogoan izan.
Baina datorrenari buruz hitz egin dezagun. Laster Zea Mays taldearen disko berria, 'Atea', eskuartean izango dugu. Momentuz, 'Kea' entzun dugu, bizkaitarren single berria. Alaia eta itsaskorra. Ziur Aiora Renteria eta gainontzeko taldekideak Durangon topatuko ditugula.
Bertan Pello Reparaz izango da ere. Vendetta taldeko abeslari ohiak bere proiektu berria defendatuko du, Zetak izenekoa. Arreta handia prestatu behar diogu Plateruenan emango duen kontzertuari. Baina berea ez da Durangoko Antzokian entzungo den zuzeneko bakarra. En Tol Sarmiento, Maider Zabalegi eta Arkada Social arituko dira ere.
Nobedadeak asko eta genero desberdinekoak dira. Hori bai, abendura arte, azokarik ez. Bitartean, zer egin dezakegu? Ba eginbeharreko musikal ugari ditugu. Esan bezala, azaroaren amaieran Berri Txarrak taldeak agur esango digu, Zea Maysek disko berria aurkeztuko digu eta agian Izarok bere lan berriaren datu gehiago emango dizkugu. Ea Durangon ikusten dugu. Bitartean, abeslari bizkaitarrak aurkeztu berri duen 'Invierno a la vista' entzutea gomendatzen dizuet. Xoel Lópezen agerpena atsegina da beti, eta disko osoa 'Limones en invierno' urtarrilean ezagutuko dugu. Neguan, noski.
Publicidad
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión