Busturialdeko VII. Enpresa Ideien Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia, ostegunean, sarean
Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek parte hartu dute ekimenean
Zurekin
Martes, 15 de diciembre 2020, 19:45
Pandemiarekin bizitzea egokitu zaigun urte zail honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da negozioei aurrera egiteko aukera emango dieten enpresa-ideiak azaleratzea. Horiek horrela, Gaztedi Busturialdea programaren barne dauden Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrietako udalek Busturialdeko VII. Enpresa Ideien Lehiaketa antolatu zuten eskualdean, eta, orain, ostegun honetan, ekimenaren sari banaketa ekitaldia egingo dute, internet bitartez.
Publicidad
Ekimenaren arduradunek azaldu dutenez, Bizkaiko eskualdeko gazteei zuzendutako lehiaketaren helburua da enplegua sortzea eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea. Horrela, edizio honetan parte hartzaileek 32 enpresa ideia aurkeztu dituzte, inoizko gehien, eta osteguneko ekitaldian lau sari banatuko dira. Ideia irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, eta bigarrenak 2.000 euro; 1.000na euroko beste bi sari izango dira, bata lehen sektoreari lotutako enpresa ideia onenari, eta bestea covid-19aren eragina arintzera bideratutako ideiarik onenari (aurreko bietan sarituak izan ez badira).
Interesdunek jakin behar dute Busturialdeko VII. Enpresa Ideien Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia 19.00etan hasiko dela, eta zuzeneko 'streaming' bidez jarraitu ahal izango dela gaztedibusturialdea.eus webgunean. Aritz Abaroa Bermeoko alkateak, Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak eta Ager Lejarreta Urremendi Landa Garapen Elkarteko presidenteak parte hartuko dute.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión