Bostak Bat Kultur Elkarteari omenaldia, igandean, Olarizun
Azken hamarkadetan euskara ikertu, egokitu eta zabaltzeagatik aintzatetsiko dituzte elkarteko kideak, Araba Euskarazen baitan
Unai Sarriugarte
Viernes, 9 de junio 2023, 16:34
Bostak Bat Kultur Elkarteak euskararen alde egindako lana omenduko du igande honetan, ekainak 11, Olarizun (Araba). Azken hamarkadetan euskara ikertu, egokitu eta zabaltzeagatik aintzatetsiko dituzte elkarteko kideak Araba Euskarazen. Sari hau euskara hutsezko lehen Sinonimoen Hiztegia argitaratu zeneko 40. urteurrenarekin bat dator.
Publicidad
1972an Euskaltzaindiak Euskalduntze eta Alfabetatze Batzordea jarri zuen martxan, titulazioak euskaraz emateko talde bat antolatuz. Hala ere, euskarazko titulazioak emateko unibertsitaterik ez zegoenez, Euskaltzaindiak bere gain hartu zuen probak egiteko eta tituluak bermatzeko ardura, euskara irakasten ari zirenen prestakuntza ziurtatzeko.
1981ean, D eta B tituluen prestakuntzan eta azterketen epaimahaian lan egiten zuten Euskaltzaindiako kide batzuek urrats handia eman zuten Bostak Bat Kultur Elkartea abian jarri zutenean ikastaro horietarako materiala prestatzeko.
1983an elkarteak lehen hiztegia argitaratu zuen, Sinonimoen Hiztegia, Adorez hiztegi sortaren lehen emaitza izan zena. Hala, Bost Bat Kultur Elkarteak 40 urtez mahai gainean jarri nahi izan ditu euskal lurraldeko bost euskalki nagusiak (bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, nafarrera eta zuberera). Emaitza horren ondorio da azken hamarkadetan plazaratu duten uzta oparoa: orotara 19 liburu eta bi CD, Adorez hiztegi sortaren altxor ederra osatzen dutenak.
Urte hauetan sei hizkuntzalarik eta akademikok osatu dute Bostak Bat taldea, hala nola Patxi Uribarren, Luis Baraiazarra, Txomin Solabarrieta, Gotzon Aurrekoetxea, Rikardo Badiola eta Juan Luis Goikoetxeak. Olarizuko ekitaldiaren barruan, Patxi Uribarren euskaltzain emerituak eta Juan Luis Goikoetxea ohorezko euskaltzain urgazleak Unai Mendizabal Araba Euskarazeko lehendakariaren oroigarria jasoko dute lantalde osoaren izenean.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión