Borrar

«Bizikletan aritzeak bere arauak ditu ere, eta betetzeko daude»

Bide Indarkeria Stop izeneko elkarteak, Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako segurtasun saioak eskaini ditu Durangon

Lunes, 5 de junio 2023, 19:20

Comenta

Bizikletan ibiltzeak ere bere arauak dituelako, Bide Indarkeria Stop elkarteak bide-segurtasunezko saioak eskaini ditu hainbat hilabetez Durangoko ikastetxeetan. Bertan, bizikleta gainean bete beharreko arauak azaltzeaz gain, oinezkoak zein autoak errespetatzean sakondu dute bai klase teoriko zein praktikoen bidez. EL CORREO ere horietako saio batean izan zen, eta gaztetxoekin batera, ahaztu ez beharreko zenbait kontu ikasi genituen. Zeintzuk diren jakin nahi?

Mireia Oiarzabal elkarteko ordezkariak eman zituen saioak, egunean ikastetxe bati eskaintzen zirelarik. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan ari diren hogei bat haurrez osaturiko taldetxo baten parte ziren Paule Couso eta Lorea Estankona, bertako San Antonio ikastolako ikasleak direnak. Haien hitzetan, «oso interesgarria eta dibertigarria» da mota horretako saioak izatea. «Ia egunero hartzen dugu bizikleta eta gutxi gorabehera, aipatutako arau guztiak betetzen ditugu; baina gauza asko ikasi ditugu ere, esaterako, kaskoa txarto jartzen baduzu eta erortzen bazara izan ditzakezun lesio eta osasun-arazo larriak», adierazi zuten behin saio teorikoa amaituta zegoela.

Izan ere, bakoitzak bere bizikleta hartu baino lehen, Durangoko Landako Gunean batu ziren haur denak aipatutako klase teoriko hori entzuteko. «Oinarrizkoak diren arauak erakusten dizkiegu hasieran. Kaskoa nola jartzen den, nondik ibili behar diren bizikletan herritik doazenean, seinaleak ere azaltzen dizkiegu, horien esanahia uler dezaten... Gure helburua da, beraien segurtasuna bermatzea bizikletan doazenean», azaldu zuen, bere aldetik, Oiarzabalek.

Gure tamainako kaskoa

Eskaini zuen informazioa, gainera, herriko toki ezberdinetako argazkiekin ilustratzen zuen, errealistagoa eginez. «Seinale hori Ezkurdi plazan ikusten nuen eta ez nuen haren esanahia ezagutzen. Baina orain bai. Orain badakit pertsonei lehentasuna ematen diela esan nahi duela», gaineratu zuten, harrotasunez eta pozik, hamaika urteko haurtxoek. Bestalde, bizikletaz aritzen diren toki ezagunetako argazkiak erakutsi zizkien ere, bertan aurki ditzaketen arriskuez ohartarazteko asmoz. Eta adi, Mireiaren azalpenak ez baitziren soilik haurtxoei zuzenduak izan. «Nik ez nekien Durangoko Alde Zaharretik espaloi erditik joan behar garela bizikletarekin. Banekien bertan dagoen zorua ezberdina dela, baina ez nuen uste bizikletarentzako zenik, estetika kontua zela uste nuen bakarrik», esan zuen Amaia Mendiolagaraik, San Antonioko ikasleei abentura honetan lagundu zien irakasleak. Bere hitzetan, «interesgarriak eta beharrezkoak» dira saio horiek, haur zein nagusientzat. Izan ere, «ikasteaz gain, gogorarazteko balio dute». «Askok uste ez duten arren, bizikletan aritzeko arauak daude ere eta horiek bete behar ditugu», zioen bizikletan igo aurretik.

Behin argazkiekin amaituta, eskeletoz mozorrotu zen horietako bat, bolondres agertu zena, eta modu laburrean izan ditzaketen osasun-arazo zein lesioen inguruan aritu ziren. «Ikasi dugu ere belarriak babestea oso garrantzitsua dela, horregatik kaskoa ondo egokituta izan behar dugu, eta gure tamainakoa izan behar da, noski. Handi geratzen bazaigu edo nasai, ez du ezertarako balio», erantsi zuten.

Informazio teoriko guztia jasota, pedalen gainean jartzeko unea etorri zen. Baina Durangoko errepideetatik ibili baino lehen, beste proba bat egin zuten Landako Gunearen ondoan dagoen plazan. Kono batzuen laguntzaz diseinaturik zegoen zirkuitu bat egin behar zuten, Oiarzabalek agintzen zien abiaduran. «Egia da askotan ez dakigula zein den bizikletan eraman behar dugun abiadura eta agian, pasatu egiten gara. Noizbait jaso izan dut espaloian zihoazen auzotarren errietaren bat edo beste. Horregatik, oso ondo iruditzen zait horrelako saioak izatea. Baina ez ziren haurrentzat bakarrik izan beharko, helduentzat ere», adierazi zuen beste ikasle batek.

Jarraian, eta behin arau guztiak ondo ikasiak eta barneratuak izanda, herriko errepide ezberdinetara joateko ordua heldu zitzaien. Mireia Oiarzabalek bidea markatzen zuen, eta haren atzean, banan banan, haur guztiak zihoazen peto batzuez jantzirik. Taldearen erdian, Bide Indarkeria Stop elkarteko kide batek zebra bideetan autoei ohartarazten aritu zen seinale ezberdinen bidez, haurren segurtasuna lehenetsiz. Eta amaieran, Amaia Mendiolagarai irakaslea. «Modu horretan, haurren bat erortzen bada, edo bizikletarekin arazoren bat badu, irakaslea geratuko da berarekin. Eta ni, gutxira geratzen naizenez dena ondo doala ziurtarazteko, ohartu egingo nintzateke, haurra lagundu eta martxan jarraitu ahal izateko», adierazi zuen elkarteko kidea denak. Baina haurrei laguntzeaz gain, nagusiei bideratutako saio ezberdinak antolatzen dituzte ere, bai bizikletan edo gidari zein oinezkoei zuzenduta daudelarik. Ez al duzu elkartea ezagutzen?

Sentsibilizazio ekintzak

Bide Segurtasunaren Defentsarako Euskal Elkartea 2020. urtearen hasieran sortu zen, bizitzaren aldeko apustua egiteko konpromisoarekin. Beraien lana prebentzio eta sentsibilizazio ekintzen inguruan garatzen da. Ekintza horiek bizikidetzako, tolerantziako, enpatiako, bizi-kalitateko eta bide-segurtasuneko ohitura eta jarrera positiboak sortzen dituzte, bideindarkeriak hildako zero izateko azken helburua lortu arte.

Honen antzera, «mugikortasun segurua eta jasangarria lortzeko jarduerak bultzatzen ditugu, hezkuntza kalitatezko bizikidetza lortzeko abiapuntua izanik». Era berean, biktimei eta trafikoko gorabeherek eragindako pertsonei laguntzen saiatzen dira, euren eskubideak betetzeko asetzen ez dituzten beharrak konpontzeko zerbitzuak emanez.

«Gure helburua da kultura-aldaketa sustatzea bide-segurtasunari dagokionez eta horrek bide-ezbeharretan eragiten dituen ondorio negatiboei dagokienez. Era berean, inplikatutako erakunde guztiak eta, oro har, gizartea kontzientziatu nahi ditugu, eta haien arteko haria egin nahi dugu, bide-indarkeria murrizteko», adierazi dute.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Bizikletan aritzeak bere arauak ditu ere, eta betetzeko daude»