Azken bi kanporaketak Legutio eta Araian erabakiko dira
Larunbatean eta igandean jakingo dugu zein bertsolari igaroko diren urtarrilean hasiko den Txapelketara
Leire Larrazabal
Viernes, 27 de octubre 2023, 10:33
2023ko Arabako Bertsolari Txapelketa pil-pilean dago. Asteburu hau ere erabakiorra izango da, azken kanporaketak jokatuko baitira Legution eta Araian. Modu horretan, ordu gutxi geratzen dira urtarrilean hasiko den Txapelketa Nagusira zein bertsolari pasako diren jakiteko. Ohi bezala, seina bertsolari izango dira saio bakoitzean, oholtzara igoko direnak.
Publicidad
Lehenengo hitzordua larunbatean Legutioko Kultur Etxean izango da, 19.00etatik aurrera. Hirugarren kanporaketa honetan parte hartuko duten bertsolariak hauexek dira: Rikardo Gonzalez de Durana, Ekaitz Samaniego, Danel Herrarte, Eukene de los Aires, Hegoi Amabizka eta Izar Mendiguren. Gai-jartzailea, Lierni Altuna izango da.
Bestetik, igandean asteburu honetako bigarren hitzorduaren txanda helduko da. Araiako udaletxean, 17.30ean, beste sei bertsolari: Asier Otamendi, Manu Bendala, Oier Arbina, Aitor Najera, Aroa Arruzubieta eta Eli Zaldua. Hemen, gai-jartzailea Oier Suarez izango dugu.
Joan nahi duzu? bertsosarrerak.eus atarian eros ditzakezu sarrerak, edo saioak ospatzen diren tokian bertan. 16 urtetik beherakoek doan sartu ahal izango dira, bazkideek 2 euro ordaindu behar dituzte eta gainerakoek, 3 euro.
Kanporaketetan, saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da 2024ko txapelketarako eta gainontzeko bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Ea zein izango den bertsolariek burutu beharreko lana? Hamar bertso puntuagarri izango dituzte bertsolariek, ondorengoak: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; bakarka, hasierako puntua emanda, bertso bina zortziko txikian; eta bakarka, gaia emanda, bertso bina neurri librean.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión