Arteta, modernitatearekiko konpromisoa
ARTEA ·
Bilboko Arte Modernoko zuzendaritzapean, Aurelio Arteta margolariak egungo Arte Ederren Museoko modernitatearen aldeko orientazioa definitzea lortu zuenMikel Onandia
Viernes, 10 de enero 2020, 22:22
Duela 100 urte, hain zuzen 1919ko irailean, Nazioarteko Pintura eta Eskultura Erakusketa ospatu zen Bilbon. Euskal Herriko, Madrileko, Kataluniako eta Frantziako 135 artista modernoren 400 obra baino gehiago bildu zituen mostra garrantzitsu hura, Estatu mailan aurrekaririk gabekoa, funtsezkoa izan zen euskal artearen testuinguruan. Batetik, aurreko hamarkadan Bizkaiko hiriburuan garatu zen Euskal Artisten Elkarteak, Arte Ederren Museoak, arte kritikak eta bildumagile pribatuek osatzen zuten arte sistema aberatsaren puntu gorena izan zen; bestetik, ahots kontserbadoreenen aurrean, botere ekonomiko aberatsa lortu zuen hiriaren asmo kosmopolitek arte aurreratuenaren aldeko apustu argia egin zuten, euskal arte garaikidea –Regoyos, Iturrino, Zuloaga, Echevarria, Arteta, Zubiaurre anaiak– eta Espainiako eta batez ere nazioarteko modernitatea parean jartzeraino.
Publicidad
Erakusketa hura abagune bikaina izan zen bost urte lehenago ateak ireki zituen Arte Ederren Museoarentzako obra modernoak lortzeko; hala eskuratu ahal izan zituen Atxuriko museoak Paul Gauguin, Paul Sérusier, Mary Cassat, Henry Le Sidaner, Hermen Anglada Camarasa edo José Gutierrez Solana bezalako artisten lanak. Halaber, sekzio modernoak lortutako garrantziari eta artisten eta kritikarien nahiei erantzunez, Nazioarteko Erakusketa hura ezinbestekoa gertatu zen askorentzat kontserbadoreegia agertzen zen Arte Ederren Museoaren funtsetatik berariaz arte modernoan arreta jarriko zuen museo berri bat sortzeko.
Hala inauguratu zen, Bizkaiko Aldundiak utzitako lokal batzuetan, Bilboko Arte Modernoko Museoa, 1924an. Arte Ederren Museoaren sekzio modernoko lanak izan zituen abiapuntu, eta artista lokalen bigarren belaunaldiko sortzailerik bikainena izendatu zuten zuzendari: Aurelio Arteta. Ordurako margolari bilbotarrak nolabaiteko arrakasta lortua zuen Espainian, batez ere Banco Bilbaok Madrilen ireki zuen egoitza berriaren freskoak margotu ostean. Segituan zehaztu zituen zuzendari berriak bai erosketa politika erregularra eta baita aldizkako erakusketen programa bat ere museoarentzat.
Nagusiak eta promesak
Baina nazioarteko artista entzutetsuen lanak erosteko lehen asmoa segituan geratu zen zapuztuta, batez ere diru faltagatik. Adibidez, aipagarria da uko egin ziotela Parisetik Francisco Durrio eskultoreak egindako proposamenari, lan multzoaren garrantzia ez ikustearen ondorioz ziurrenik. Paul Gauguinen obren lote eder bat zen, Durrioren bildumakoa. Orduan, Artetak modernitatearekin konprometitutako euskal eta espainiar artista nagusien eta promesa gazteenen aldeko apustu argia definitu zuen. Euskal artisten artean nagusi zen novecentismoaren inguruko sortzaileak lehenetsi ziren, alegia, modernitate antiakademiko baina kontserbadore baten alde egin zuten, abangoardiek ekarri zituzten apurketen aurrean aldi berean hiru ezaugarri (tradizioa, modernitatea, lokalarekiko atentzioa) konpartitzen zituzten sortzaileen lanak eskuratu zituzten, besteak beste: Juan Echevarria, Ricardo Arrue, Daniel Vázquez Díaz edo Joaquim Sunyer-enak.
1926an, bi erakusketa garrantzitsu antolatu zituen Aurelio Artetak. Lehenik, Francisco Iturrinori eskainitako mostra antologikoa, bi urte lehenago hila baitzen eta euskal modernitatearen aitzindarietako bat kontsideratua zegoen. Bertan, pintorearen hamahiru margolan eskuratu zituen museo bilbotarrak. Segituan, Euskal Artisten Erakusketaren lehen edizioa antolatu zen, bildumarako artista gazteenen lanak erosteko asmoz. 42 artistaren 99 obra erakutsi ziren, eta horietatik belaunaldi berriko ordezkari nagusien obrak eskuratu zituzten, tartean Jesus Olasagasti, Ricardo Perez Orue, Jose Benito Bikandi edo Jenaro Urrutiarenak.
Publicidad
Segituan sortu ziren arazoak, ordea. 1927an, Bilboko Udalaren batzar batean, Federico Moyua alkateak eraso egin zion Arte Modernoko Museoaren erosketa politikari, bildumako lanen interesa eta Artetaren lana deskalifikatu zuen, eta, dirua aurrezteko asmoz, hiriko bi arte museoak batzea proposatu zuen. Margolariak, erabat minduta, dimisioa eman zuen segituan, eta patronatuaren batzordeko kideek ere jarraitu zioten. Eskandalua sortu zen orduan. Artetak elkartasun uholde ikaragarria jaso zuen. Euskal eta espainiar artista eta intelektual nagusiek babesa erakutsi zioten. Ignacio Zuloagak, Jose Ortega y Gassetek, Federico García Lorcak eta Pío Baroja bezalakoen atxikimendua jaso zuen eta omenaldia antolatu zioten Artetari Carlton Hotelean, Primo de Riveraren politika kulturalaren kontrako aldarri gisa ulertua izan zen ekitaldi batean.
Manuel Losada
Artetaren ordez, Arte Ederren Museoko zuzendari Manuel Losadak hartu zuen Arte Modernoko Museoaren ardura, baina orientazio antzekoa jarraitu zuen arren, instituzioen diru gabezia pairatu behar izan zuen hurrengo urteetan. 20ko hamarkada bukaera eta 30eko hamarkada hasierako urteetan, Artetak bere produkzio piktorikoarekin jarraitu zuen. Sintesi kubistatik zetorren estetika finduz, nolabaiteko errekonozimendua jaso zuen, bai 'Bainulariak' lanarekin (1930ean Pinturako Sari Nazionala), bai 'Naufragoak' margolanak Arte Ederren Erakusketa Nazionaleko Lehen Domina eskuratzean, 1932an.
Publicidad
Espainian Errepublikaren etorrerarekin Arteta Bilboko Arte Modernoko Museoaren zuzendaritzara bueltatu zen. Erosketa programa eta Euskal Artisten Erakusketen antolaera berreskuratu zituen. Bi erakusketa egin ziren, 1932an eta 1934an. Ostera, instituzioaren nolabaiteko baliabide-eskasiak Arteta eraman zuen Madrileko San Fernando Errege Akademiako irakasle lana onartzera. Espainiako hiriburura aldatuta, han ere ezin izan zuen bere lana gura zuen bezala garatu, 1936ko Gerra Zibilak dena aldarazi baitzuen. Valentziara alde egin behar izan zuen Errepublikako Gobernuarekin batera, eta handik Frantziara. Artista askok bezala, erbestean bukatu zuen Artetak, eta Mexikon hil zen 1940an tranbia istripu batean.
Zailtasun ugari pairatu arren, Arte Ederren Museotik sortutako Arte Modernoko Museoak bere inguruko modernitatearekiko konpromiso argia definitu zuen Aurelio Artetaren gidaritzapean. Bi museoak, 20ko eta 30eko hamarkadetan modu bikainean elkar osatuz bizi izan zirenak, 1945ean fusionatu ziren, Bilboko Zabalkundeko parkean egoitza berri batean leku hartuz, gaur arte heldu den etapa berri bati hasiera emanez. 1924 eta 1936 urte bitartean Artetak gauzatu zuen lana funtsezkoa izan zen gaur egungo Bilboko Arte Ederren Museoaren oinarriak zehazteko.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión