Adobestock
Territorios

Eskupekoaren korapiloa

Sábado, 12 de octubre 2024, 00:02

Senarra sindikalista sutsu duen adiskide batek esan zidan, aspaldian, eskupekoa emateak, zerbitzariari, ile-apaintzaileari, ez duela zerikusirik solidaritatearekin ez eskuzabaltasunarekin ez esker onarekin. Alderantziz, langile baten soldata eskasa zuritzen duen tresna omen da, nagusi zikoitz eta esplotatzailearekiko gaizkidetasuna omen da. Ez diogula keinu horrekin langileari laguntzen, jabeari baizik.

Publicidad

Argudioa berehala sustraitu zitzaidan burmuinean. Beti egin zait deseroso eskupekoarena, beti eman izan dit lotsa, limosna ematearen antzeko iruditu izan zait. Ulertu nuen mezua, arrazoizkoa iruditu zitzaidan. Baina hitzetatik ekintzetarako bidea sarritan aldapatsua delako edo, egoera batzuetan ematen dut eskupekoa.

Beste arrazoiren bat izan dezake joera koldar horrek. Neska kozkorra nintzela egin nuen lehen lan ordaindua goiko jostunaren lanak bezeroen etxera eramatea izan zen, beti etxetik gertu. Eramaten nuen soinekoa edo berokia kontu handiz bezeroaren etxera eta hark txanpon batzuk ematen zizkidan.

Demagun modu malguan ematen dudala eskupekoa eta beste norbaitekin nagoenean, eskupekoari uko egiten diodanean gertatzen den eztabaida saihesteko (nonbait ez naiz senarra sindikalista duen adiskidea bezain sarkorra) arau bat dut: ordaintzen duenak erabakitzen du. Gertatu izan zait, halere, nik eskupekorik gabe ordaindu eta nirekin dagoenak patrikatik txanpon batzuk atera eta eskupekoa uztea.

Hori guztia hemen, etxean. Hainbat herrialdetan eskupekoa ez da borondatezkoa, derrigorrezkoa baizik. Oraindik gogoan dut New Yorkeko taxilari baten errieta eskupekorik utzi ez nionean.

Dena den, ulertzen dut hainbat langilerentzat soldata osatzen duen dirua hortik datorrela eta langile horrek askotan ez duela jabeari kontra egiteko adina indar. Korapilo horrekin bizi naiz.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad