Adobestock
Territorios

Aitaren zeregina

Iruditzen zait gero eta abiadura handiagoan aldatzen ari den gizartean agian gehien aldatu den osagaia familia dela. Duela mende erdi hiru anai-arreba zituen familia txikia zen, gaizki ikusiak zeuden seme edo alaba bakarrekoak (tira, oraindik ere bizirik dago estigma) eta familia gehienetan guraso eta seme-alaba ez zen norbait bizi zen, amona, izeba, lehengusua.

Publicidad

Zenbakia izan daiteke aldaketa nagusia, baina ez bakarra. Noski, ez naiz soziologoa eta nire iritziak nire begiek ikusten dutenaren arabera osatzen dira, ikusi eta irakurtzen dudanaren arabera. Horrela egiaztatu dut familia txikiago hauetan sarritan guraso bat falta dela, gehienetan aita, ez direla gutxi sexu bereko gurasoak dituztenak eta gero eta bakanagoak direla senideekin bizi diren aitona-amonak.

Halere, familiarik arruntena, oraindik ere, sexu desberdineko gurasoak eta seme-alabak dituen familia da. Eta familia hauetan amak ez du zentralitatea galdu, ez gurean behintzat. Ez du bilduko agian lehen adina zeregin, gehienetan ez da etxekoandre esklusiboa izango, baina oraindik ere erdigunean dago. Nahita ala gogoz kontra, baina erdigunean.

Aitaren zeregina, berriz, ia erabat aldatu da eta ez da gertakizun hori sarritan aipatzen. Aita hurbildu egin da, aldaretik jaitsi da eta lehen amarenak ziren zeregin batzuk bere egin ditu, bereziki zaintzari dagozkionak. Gogoan dut oraindik duela mende erdi jakiak erosten zituen gizona bakana zela eta, askotan, alarguna.

Zeresanik ez seme-alaben zaintzari dagokionez. Gizonak aldatu dira eta ez gurasoak soilik, baita aitonak ere. Lehen salbuespen zena orain egunerokoa da eta aitaren hurbiltasun horrek dudarik gabe ondorioak izango ditu seme-alabengan. Zeintzuk, ez dakit eta agian bizitzak ez dit hori ikusteko aukerarik emango. Baina gertatu, gertatuko dira, gertatzen ari dira.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad