2021. urteko literaturari begirada
Hurrengo lerroetan iaz irakurketaz bete gintuzten obra interesgarrien errepasoa egingo dugu
Garai batean, Euskal Filologia eta Euskal Ikasketak martxan jarri zirenean, euskal idazle asko euskara irakasleak ziren. Gogoan hartu, adibidez, Joxe Austin Arrietaren prosa dotorea, edo geroago Mikel Hernandez Abaituaren kontakizun mundua. Anjel Lertxundi bera ere irakaskuntza mundutik zetorren. Garai horietan euskararen dotoreziak zuen indar berezia eta hizkuntzaren erabilpenari balio berezia eman zitzaion. Ez dut esango ez zutela hizkuntza alde batera utzi, baina haien ondoren etorri ziren kazetariek beste bizitasuna bilatu zuten kontakizunetan. Ekintzek hartu zuten lehen planoa Pako Aristiren nobeletan edo Arantxa Iturberen ipuinetan.
Publicidad
Iaz kazetariak saiogile bihurtu zaizkigu. Mota askotako kazetariak noski: kronika egileak, zutabe eraikitzaileak, kazetetan burua modu askotara agertu dutenak. Saiakerok, gainera, alde bitan jarri dira. Badira literaturara begira daudenak eta badaude errealitatea jasan nahi dutenak.
Literatura gai hartu dutenen arloan Irati Jimenezek (1977) liburu bi kaleratu ditu, eta hori beti izan daiteke arriskutsua gerta litekeelako batak bestea itzalean uztea. 'Ogia eta Zirkua' Harkaitz Canoren (1975) literaturaren gainean bilbaturiko lana da, haren 'Neguko zirkua' liburuaren irakurketa. 'Begiak zabalduko zaizkizue' liburuan, berriz, Izen Handiko Literaturaren izaeraz ari da.
Literaturari paparretik heldu dio Felipe Juaristik (1957) 'Itzultzeko etorri naiz' liburuan eta bere filosofo maitatuenagana itzuli da poeta, eta bere poesiaren erroetan diren gaiei begirada berria eskaini die. Hor ditugu Paloma Rodríguez-Miñambresen esanetan egilearen lan poetikoaren zutabe nagusiak: «maitasuna, heriotza, denbora, mina, desira, identitatea», beti ere sentsibilitate nagusiarekin aipatuak.
Bixente Serrano Izkori (1948-2020) hil ostean argitaratu diote 'Ene iratxoekin solasean' izenburuko liburua, eta bertan haren irakurketaren bilketa nagusia egina dago. Gustuko izan dituen egileekin egiten du autua Serrano Izkok lan zoragarria osatu arte.
Publicidad
Kazetaria da, baina zinemaren munduan ezagunagoa Oskar Alegria (1973), 'Emak bakia baita' filmaren egilea. Artea eta literatura uztartuz Nafarroako Museoaren eskariz 'Zatikaria' liburu harrigarria eman du ezagutzera, saiakeran aurtengo puntakoena.
«Ondoren etorri zirenek beste bizitasuna bilatu zuten kontakizunetan. Ekintzek hartu zuten lehen planoa, esaterako, Pako Aristiren nobeletan...»
Iragana beti gaurkoa
Kazetari zorrotz batek mina jarri dio oroimenari eta Altsasun, ezkertiarra zen herrian, gazte batek, Luis Fernandezek, EAJko jarraitzaile izatetik falangista izatera nola igaro zen kontatzen du 'Gurea falangista zen' liburu hunkigarrian Alberto Barandiaranek. Barandiaranek Luis Fernandezen koadernoak izan ditu kontuan, eta errepresioari buruzko testigantzak. Liburuak, baina, gerra garaian eskuma eta ezkerraren muga mugikorren artean dagoen lubaki estaliez hitz egiten digu, manikeismotik urrun, ikerketaren bidean, falangisten artean, autoreak aitonaren presentziarekin topo egiten duen arte. Iñigo López Simónek, berriz, Iragana gaurkotu du 'Bilboko etxola batean' liburuan. Bilboko auzoetan eta erdialdean gertatu zen txabolismo lotsagarriaren egoera eta egoera hori pairatu zutenen argazkia eman digu jakin gosez, eta minez, irakurri dugun liburuan.
Publicidad
Oroimenak bere bideak eta gurariak ditu. 2019ko lanetara itzuliko bagina, uzta oparo batekin egingo genuke topo. Lau poema liburu bikain argitaratu ziren, zein baino zein sendoago. Jarri ditzagun mahai gainean liburuok: Itxaro Bordaren 'Abaroa'; Jon Gerediagaren 'Natura berriak', Xabier Lete eta Kritika Sariak jaso zituena eta aurki gaztelaniaz agertuko dena; Leire Bilbaoren 'Etxeko urak' Lauaxeta Saria; eta Espainiako Sari Nazionala jaso duen Miren Agur Meaberen 'Nola gorde errautsa kolkoan', gaztelaniaz, euskaraz baino arrakasta handiagoa izaten ari den liburua. Karta jokoan bagina, lau erregeko eskua.
Horren aurrean aurtengoak itxura finagoa eman du. Egile berri-berrien lanak aipatu dira nagusiki. Leire Vargasek (2002) Irun Hiria saria irabazi du 19 urterekin 'Dena ametsa den irudipena' liburuarekin. Itziar Ugartek (1995), bera ere idazle agertu berriak, 26 urterekin plazaratu du bere poesia lana: 'Gu gabe ere'.
Publicidad
Kontakizunaren garai mantsoa
Urteko urtaroak lau badira, bi dira euskal argitalpenen sasoiak. Bata luzea eta geldoa, bestea laburra eta arina. Batak bere bidea luzatu du martxotik urrira, besteak, bizitza urriko xomorroak bezala, azaroan eta abenduan eman ditu onenak.
Liburu salduenen zerrenda begiratuz gero, urtean zehar Arzallusen 'Miñan' eta Karmele Jaioren 'Aitaren etxea' lanek hartu dute burua sasoi zabalenean. Baina agertu dira proposamen berriak ere.
Euskarazko irakasleek euskal literaturan duten presentziaz gorago hitz egin dugu. Bada, urtarriletik aurrera, kontakizunaren alorrean zientzia irakasleek kendu diete haiei tokia. Irati Goikoetxea (1984) eta Nerea Loiola (1985) Matematika irakasleak dira, eta Nerea Arrienek (1976) Biokimika egin du. Goikoetxearen 'Herriak ez du barkatuko' nobelak eta Loiolaren 'Epizentroa' kontakizun bildumak sona berezia lortu dute, batez ere bigarren horrek, liburu borobila eman baitu. Ipuin bakoitzeko protagonistak bere lurrikara propioa bizi du eta gertakizun horrek kolokan jarri du haien bizitza. Proposamen horren inguruan osatu ditu ipuinak Nerea Loiolak.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión