Ibilaldiak euskarazko lanbide heziketari bultzada eman dio
Bizkaiko ikastolen festa jendetsuaren balorazio ezin hobea egin dute antolatzaileek, eta Jaurlaritzak aurreratu du B eredua indartuko duela ikasketa profesionaletan
elcorreo.com
Martes, 2 de junio 2015, 00:23
"Urte osoko lanak bere amaiera izan du egun eguzkitsu honetan eta aurten, bereziki, lanbide heziketa euskalduna azpimarratu da", esan zuten Ibilaldiaren antolatzaileek Bizkaiko ikastolen jaiari buruzko aurreneko balantzean. Jakina denez, Bilboko Harrobia Lanbide Ikastolak antolatu du aurten Ibilaldia, ikastolek euskarak presentzia horren urria duen irakasuntza mailaren inguruan egin duten apustu handienetakoa den ikastetxeak. Eraikin berria hornitzeko behar dituzte Ibilaldiak utziko dizkien baliabideak.
Publicidad
Balantze bikaina egin dute: "Milaka eta milaka euskaltzale han eta hemen ibili dira Ibilaldiak egokitutako ibilbidean zehar. Giroa ezin hobea izan da egun osoan, eta antolatutako ekintza guztiak burutu dira. Bazter guztietan zer ikusi, zer entzun eta zertaz gozatzeko aukera egon da. Bertsolariak, kontzertuak, kirola, pailazoak, tailerrak, dantzak Egitarau zabala, irekia eta aberatsa. Azpimarratzekoa da Erronka: Bizkaiko ikastolen DBHko ikasleen arteko desafioa. Ikastoletako ikasleek beraien artean proba ezberdinetan lehiatu dira, eta gazteen parte-hartzea bikaina izan da". Eta Ibilaldia antolatzea zer den badakien Abusu ikastolako ordezkariek irabazi dute ikastolen jai guztietara hedatu den Erronka.
"Jaia aurreikusita bezala joan da, eta momentu oro antolatzaileak ekinean ibili dira egoerari erantzuteko. Honenbestez, aho-betez esan dezakegu asteburu eguzkitsu eta intentso honi bukaera ezin hobea eman diogula. Pozik gaude eta elkarrekin aurrera egin eta egingo dugu. Gogoratu datorren urteko Ibilaldia Durangon izango dela, Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek antolatuta", gogoratu dute antolatzaileek.
Euskara indartu
'Harro ibili' lelopean egin zen jaia baliatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Arantza Aurrekoetxeak Lanbide Heziketan euskara sustatzeak duen garrantzia azpimarratzeko eta alor horretan dituzten asmoak aurreratzeko. Hain zuzen ere, sailburuordeak esandakoaren arabera datorren ikasturtetik aurrera B eredua eskaintzen hasiko dira Lanbide Heziketan, nahiz eta ez duen gehiago zehaztu. Sailburuordeak esan du ikasleen ia laurdenak egiten dituela Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz. Eustaten datuen arabera, askoz ere urriagoa da D ereduaren aldeko hautua egiten dutenen -edo egiteko aukera dutenen- portzentzajea sare pribatuan.
Aurrekoetxeak esan du elebitasuna ezin dela eten DBHn edo Batxillergoan, eta Lanbide Heziketan, Unibertsitatean eta lanaren munduan ere sustatu behar dela. Alde horretatik, bere ustez B eredu elebidunak euskararen presentzia areagotuko du eta "euskara hutsezko D ereduan matrikulatzeko beldur diren ikasleek", gaztelaniazko A eredura joan beharrean bitarteko aukera bat izango dute.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión