Oportoko liburutegi magikoa
'Lello eta Irmão' dendak sarrera kobratzen du uda honetatik, Harry Potteren sagak erakarrita egunero doazen 4.000 turistak murrizten saiatzeko
Virginia enebral
Domingo, 25 de octubre 2015, 01:46
Zinemak izugarrizko eta berehalako interesa sorrarazteko ahalmena du. Berdin da janzkera, ibilgailua edo toki bat izatea, pantailan agertzearekin nahikoa da. Itsasbazterreko Getaria herriari '8 apellidos vascos' filma arrakastatsuaren ostean gertatu zitzazion, baita Zugarramurdiri ere Alex de la Iglesia zuzendariak bere pelikula han girotu eta gero. Goizetik gauera mila bisitarien ezinbesteko geldialdi bihurtu ziren. Zinemaren erakarpena da, alegia.
Publicidad
Antzeko zerbait, baina askoz neurri handiagoan, gertatu da Porton. Orain arte ibaiertzeko hiri honetako biztanleek edota liburuzaleek baino ez zuten 'Lello eta Irmão' liburu-denda ezagutzen; halere, Klerikoen dorreari eta Luis I-ren zubiari itzal eginez, apeu turistiko nagusienetariko bat bilakatu da gaur egun. Nahiz eta Maastrichteko 'Boekhandel Selexyz Dominicanen' eta Buenos Aireseko 'El Ateneo'-rekin batera munduko liburu-denda politenen artean ia hamarkada bat eraman, gertakari honen arrazoia J.K.Rowling eta Harry Potteren sagarena da. Izan ere, idazlea metropoli honetan bizi zen eta lokal txiki honen estetika bere inspirazio iturria izan zuen Hogwartseko liburutegia asmatzeko. Hainbestekoa izan da bisitari kopurua -lau mila turista inguru egunero eta denek argazki-makinak eskuetan prest dituztelarik-, abuztuaren 1etik aurrera hiru euroko sarrera ezarri baitute, liburu bat erostekotan deskontatuko litzatekeena. Serie zinematografikoaren eszenak han filmatu zirelako ustea dagoen arren, mitoa, magia ikastetxea bezain irreala da.
Goizean goizetik lerro luzea ageri da Rua das Carmelitas kalean, aurrealde neogotiko zuri baten inguruan. Zain dauden gehienek argazki-kamera daramate aldean, kliska egiteko prest. Atean zutik dagoen langile batek sartzeko txandak lasai asko banatzen ditu. Leihoan zehar jendetza hautematzen da. Ez dirudi hainbesterako denik; halere, jakinmina boteretsua da eta buruan jira eta bira dabiltza aurretik ikusitako irudiak.
Eskailera inperiala
Sartzerakoan, 1919an sortutako 'Lello eta Irmão' liburu-dendak -eraikina zazpi urte lehenago altzatu zen- aho zabalik uzten du. Ipuinetatik ateratakoa dirudi. Erdi-erdian zutitzen den eskailera ikaragarriak guztion arreta erakartzen du. Izan ere, nahiz eta batzuk beheko solairuko liburuei begira egon, geihenak harantz doaz minutu bat ere galdu barik. Eta ez da gutxiagorako, mailak igotzeak -beti ere poliki-poliki- erregina sentiarazten baitu. Forma ez ezik, zurgintza lana harrigarria da, barandan, zein eskaileraren azpiko aldean.
Argazkiak ateratzea ezezagun bat parean jarri gabe ezinezko misioa bihurtzen da. Denek nahi dute bisita hilezkortuko duen froga etxeratu. Hortaz, bizpahiru alditan sudurra zimurtu ostean eta «kendu al zara, mesedez?» beste zenbaitetan eskatu ondoren, jendeak bere irririk onena jarri eta txandak egiten ditu oroigarria lortzeko. Isilik, 'Decus in Labore' (Lanean duintasuna) leloa idatzita daraman argizulo handi batek ikuskizuna begiesten du. Argiontziak ere liburu-dendaren itxurarekin bat datoz eta bere xarma dute.
Publicidad
Goiko solairura ailegatzean eskailera osoa mires daiteke, baita jendearen etengabeko joan eta etorria ere. Egonaldi luzearen ondoren, bisita amaitzeko garaia heldu da. Kanpoaldean errenkan dauden beste hainbeste turista txandaren zain daude oraindik eta horrela jarraituko du Lello eta Irmão ateak itxi arte. Biharamunean berriro hasiko da ikuskizuna.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión