Zorte on

Norbanakoaren trebetasunaz gain, badago beste zerbait, hain zuzen, zortea edo zoria esaten diogun hori

Normalean zeruetatik etorritakoari esaten diogu zortea, beste meritu edo lanik gabe tokatzen zaigunari. Zortea litzateke gutako bakoitzak bizitzaren jokoari ekiteko eskuan dituen karten izena. Dudarik gabe, baldintzatuak sortzen gara, baina ezin uka karta berdintsuekin etekin desberdinak lortzen ditugula, batek besteak baino hobeto baliatzen dituela.

Publicidad

Baina norbanakoaren trebetasunaz gain, badago beste zerbait, hain zuzen, zortea edo zoria esaten diogun hori. Demagun euroka metatutako diruarekin ondo merezitutako oporren atarian zaudela, kostaldean, agian Marbellan. Bada, heltzen zara terraza baten parera, erabakitzen duzu han zerbait hartzea, kaña bat edo kola bat. Aukeratzen duzu mimoz mahaia eta zorioneko sentitzen zara, zori ona duzula pentsatzen duzu, agian zoriona eta guzti.

Arduratsua da zerbitzaria, goxoa giroa, haize kirria eta guzti, geldoa denboraren abiadura. Eta bat-batean goiko pisu batetik gizon batek egiten du salto, bere buruaz beste egiteko asmotan. Eta gizon hori gainean erortzen zaizu eta biak hiltzen zarete. Ez dakit zer nolako zortea izan zuen bizitzan salto egiteko erabakia bete zuenak, baina terraza horretan lasai jarrita zegoenak, dudarik gabe, zorte txarra izan du, ezin okerragoa.

Nekez pentsa zitekeena gertatu zaio. Terrazan jarrita zegoen horrek kontuan izan du, bertarako bidean, auto batek harrapa zezakeela, ez du alkoholdun edaririk eskatu bere burua zaindu nahi duelako, agian maskara du aurpegian eta edateko besterik ez du muxutik kentzen gailua. Agian goizean goiz abiatu da hoteletik eta ibili luzea egin du, oporrak ez daitezen alferraldiak izan.

Terrazan jarrita zegoenari gertatutakoak ez du atzerabiderik eta gainerakoak dardarka uzten gaitu, edonori gerta dakiokeelako halako zerbait, aukerak gutxi badira ere.

Zorte on, irakurle, hori ere behar izaten dugu eta.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad